Udala

Egoerak nerabeengan izan duen eragina ulertzeko, kanpaina martxan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 13a, 00:00

Maider Errasti eta Estitxu Agirre, atzo, kanpainaren aurkezpen ekitaldian.

Hitzaldia antolatu du Hernaniko Udalak gurasoentzat, eta bideo laburrak egingo ditu nerabeentzat.

Ez izan meme sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan Hernaniko Udaleko Gazteria Sai­lak, pandemia egoerak nerabeengan izan duen eragina ulertzeko. «Haurrak eta nerabeak etxean geratu ziren hasieratik, eta haiek izan zuten ateratzeko aukera gutxien. Eta ikasturte berrian ere, aisialdi aukera gutxi izan dute. Esfortzu haundia egin dute testuinguru eta arau berrietara moldatzeko», azaldu zuten Estitxu Agirre zinegotziak eta Maider Errasti teknikariak. «Bizitzako une garrantzitsu asko ari dira galtzen. Egoera itogarria suerta daiteke, eta horrelakoetan, egoerari aurre egiteko mekanismoak aktibatzen dira, eta ez beti egokienak. Ezin dugu ahaztu, nerabeak emozioen kudeaketan gaitasun sozialetan trebatzen ari direla oraindik».

Zentzu horretan, diote «frustrazio hori kanporatzeko», elkarbizitza oztopatzen duten ekintzetara jotzen dutela, «denon ongizatea kolokan jarriz». Horren aurrean abiatu dute kanpaina, nerabeak «gure komunitatearen kolektibo garrantzitsua» direla adierazteko, eta haien egoera ikusgarriago egin eta ulertzeko. Horrekin, arazoei konponbidea bilatu nahi diete, «tratu onetan oinarrituta».

Kanpainarekin, bi norabideko mezua zabaldu nahi dute: batetik, gizarte osoari zuzenduta, nerabeen egoerak hobeto ulertu eta haiekin enpatizatzeko; eta bestetik, nerabeei zuzenduta, haien jarrera desegokien inguruko hausnarketa sustatzeko.

 

Gurasoentzako hitzaldia, eta bideo laburren sorta

Hori horrela, bi ekintza prestatu dituzte, kanpainaren baitan. Batetik, nerabeen gurasoei zuzenduta, hitzaldia antolatu dute martxoaren 17an, datorren asteazkenean. Biterin izango da, arratsaldeko 18:30etan; eta Aitor Aritzetak eskainiko du: Pandemiaren ondorioak: gazteak ahaztuak edo zigortuak ez izateko ulermen gakoak. Psikologian doktorea eta EHUko irakasle eta ikerlaria da Aritzeta, eta gakoak eskainiko dizkie gurasoei, nerabeak hobeto ulertu eta egunerokoan elkar laguntzeko. «Pistak emango dizkigu, etxe barruak goxatu, egoera eramangarriagoa egin eta komunikazioa hobetzeko», aurreratu dute. Biteriko areto nagusian bertan, 110 lagunentzako egongo da tokia. Baina internet bidez ere jarraitu ahal izango da, Gazteria Sailaren YouTubeko kanalean.

Kanpainaren beste ekintza, nerabeei zuzendutakoa, bideo laburren sorta bat izango da. Bira Produkzioakek sortu ditu, eta herriko haur, nerabe eta gazteak izango dira protagonista: Biteriko antzerki taldeko eta Funky hip hopeko irakasleak (Itziar Lamuedra eta Leire Artetxe), edota Animazio Soziokulturala eta Turistikoa goi-mailako heziketa zikloko ikasleak. Bideo horiekin, hausnarketa egitera gonbidatu nahi dituzte nerabeak, haien jokaera desegokien inguruan. «Eta batez ere, animatu nahi ditugu kaleen, jolaslekuen edota plazen erabilera egokia egitera». Martxoaren bukaeran hasiko dira bideo horiek argitaratzen, Gazteria Sailaren sare sozialetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!