Duela gutxi jarri du martxan Udalak, Berriak elkartearekin elkarlanean, Hernaniko komertzioen erakusleiho digitala (hernanin.eus) eta banaketa sistema. Herriko denden produktuak eta zerbitzuak daude ikusgai plataforma digitalean, eta aukera ematen die herritarrei nahi duten hori ikusteko eta gustuko badute, dendara joan eta erosteko. «Komertzioak sistema digitalera batu dira, eta horrek abantaila ugari ditu; besteak beste, erosteko modu horrekin ez delako bezeroen eta saltzaileen arteko harremana galtzen. Izan ere, ez da salmenta onlinea, aurrez aurrekoa baizik».
Orain 53 denda daude webgunean, eta laster 160 izango dira. Hori horrela, aukera gero eta zabalagoa izango da.
Bestalde, banaketa sistemak ere erraztasunak ematen dizkie hernaniarrei. «Hernanik auzo ugari ditu, eta zerbitzu horrekin, bezeroek ez dute erosketa-poltsetako pisuarekin etxeraino joan behar. Erosketak lasai egin eta dendakoari enkargua uztea besterik ez dute, etxera eramango baitie erositako guztia». Hain justu, astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 18:30ak eta 20:30ak bitartean egingo dute banaketa, herri osoan barrena, Txita enpresako langileek. «Zerbitzuak zero kostua du, sei hilabeteko proiektu pilotua baita».
Beraz, abantailak ikusita, azken berrikuntza horiek «erantsitako balioa dira, betiko komertzio lokalarentzat».