'Suharri' eta 'Basozabal' bihar, binakako finalean

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 13a, 00:00

'Suharri' eta 'Basozabal', finalerdian.

Azpeitiko Izarraitz frontoian Ibai Soroa-Txomin Amundarain eta Hodei Ezpeleta-Goizeder Belza bikoteen aurka neurtuko dira,  12:00etan.

Herri kiroletako hitzordu garrantzitsua izango da bihar, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 12:00etatik aurrera. Hain zuzen ere, Urrezko Aizkolarien Binakako eta harri-jasotzaileen Zortzi arroako Hiru Harrien txapelketaren finalak izango dira. COVID-19a dela eta, ikuslerik gabeko saioak izango dira.


Ikuslerik gabe baina bikote hernaniar-donostiar bat izango da bertan. Suharri Rodriguez Paolla eta Jokin Urretabizkaia Basozabal aizkolariek txapelak bereganatu nahi dituzte. 


Ez da erraza izango, finalean beste bi bikote indartsu izango baitituzte aurrean: Ibai Soroa-Txomin Amundarain eta Hodei Ezpeleta-Goizeder Belza. Hainbat lan egin beharko dituzte partehartzaileek. Lehendabizikoa erlojuaren kontra, eta bigarren lana, berriz, abiaduran. Azkena, luzapenekoa izango da, txanda librean. Gauzak ongi bidean, azken lan honetan erabakiko da txapela.


Aurtengo txapelketan, aizkolaritzaren izar haundiek ez dute  bertan parte hartu. Pasa den urtean, Julen Alberdi Txikia IV.ak eta Ugaitz Mugertzak irabazi zuten txapela.


Harrijasotzaile txapelketa ikusgarria 
Era berean, Zortzi Arroako Hiru Harrien txapelketaren finala jokatuko da. 100 kiloko bola, 100 kiloko zilindroa eta 100 kiloko kuboa erabiltzen dira bertan. Hiru minutuko txandetan aritzen dira eta finalistak Mikel Lopetegi Urra, Beñat Telleria eta Inhar Urruzuno  dira. 


Hirurak harrijasotzaile haun­diak dira; Mikel Lopetegi Urra eta Urruzuno Euskal Herriko Harri Txikien txapelketan txapeldun izandakoak, behin baino gehiagotan. Beraz, ikuskizun ederra espero da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!