«Borrokatu egin behar dugu, adinekoek haien familia ikus dezaten»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 13a, 00:00

Laia Mazon, erizain laguntzailea, lehen lerroan aritu zen birusaren aurka.

Laia Mazon hernaniarra, Tolosako Iurramendi egoitzan egin zuen lan eta bizitako momentu «gogor» haiek azaldu dizkio Kronikari.

Nolatan hasi zinen erizaintzako laguntzaile moduan lanean?

Nik erizaintzako laguntzaile izateko ikasketak burutu nituen, Tolosan eta gero, Begitek klinika oftamologikoko ebakuntza-gelan egin nuen lan. Sei hilabetez lan egin ostean, lana utzi eta ikasketetan buru-belarri jarraitzeko erabakia hartu nuen. 

Baina, ez zen denbora askorako izan, pandemia iritsi baitzen. Ikusita pandemiaren ondorioak zeintzuk izaten ari ziren osasungintzan, laguntzeko beharra izan nuen. Horretarako, nik ikasketan egin nituen zentrora curriculuma bidali eta lana bilatu zidaten. Segituan, Tolosako Iurramendi egoitzatik deitu zidaten eta hortik bi egunetara, lanean hasi nintzen.

 

Nolakoa izan da zure esperientzia, pandemian zehar lanean? 

Esperientzia gogorra izan da. Hara iritsi nintzenean egin genuen lehen gauza, bi EPI jartzea izan zen. Kapa asko eramaten genituen soinean. Lehenengo,  zabor poltsa bat jartzen genuen  eta gero, buzo osoa. Horren ostean, eskularru batzuk jartzen genituen eta zabor poltsa bat, mahai-zapi moduan. Esku bakoitzean bi eskularru jartzen genituen. Pazientez aldatzen genuen bakoitzean aldatu egin behar izaten genuen ia dena. Behin hori guztia jarrita genuela, txanoa, maskara, maskara kirurgikoa eta FFP2 maskara bat janzten genuen, pantaila moduko maskararekin batera.

Ni iritsi nintzen momentuan, niri egokitu zitzaidan pisuan kutsatu bat zegoen. Baina, egunak aurrera zihoazen heinean, gero eta kutsatu gehiago zeuden. Une bat iritsi zen, non paziente bakoitzak bere gelan egon behar zuen itxita. 

Hasieran batek eman zuen positibo. Orduan, adineko hori bere gela utzi genuen, kontrolatzeko. Baina, pixkanaka adineko gehiago kutsatzen joan ziren eta orduan, positibo ziren guztiak hirugarren solairura eramaten genituen, negatibo ematen zuten arte. Zoritxarrez, hainbeste ziren hirugarren pisuan, bigarren solairura pasa zela birusa.

 

Zer sentitzen da, birusa hain gertutik bizitzean?

Nik niregatik ez nuen beldurrik, gehien kezkatzen zidatenak, nire etxekoak ziren. Azkenean, lanetik jarraian etxera joaten nintzen eta ni, nire gurasoekin bizi nintzen. Zorionez, ez da nire kasua izan, ez nintzen kutsatu. Etxera iritsi eta segidan, ahal nuen hoberen desinfektatzen saiatzen nintzen. 

Egia esan, beldur pixka bat sentitu nuen gehien bat, etxeko­engatik eta beste aldetik, nekea. Normalean, hiru egun jarraian egiten genuen lan eta bat edo bi eguneko atsedena izaten genuen. Baina, batzuetan hainbesterainoko lana zegoen, lau egun jarraian lan egiten genituela. 

Gogoan dut, lau egun horiek jarraian lan egitea, oso nekagarria zela. Azkenean, lan fisiko eta mentala da. Alde batetik bestera korrika genbiltzan eta gero, jendea oso gaizki pasatzen ikusteak ere, eragin haundia zuen sikologikoki. 

 

Zerbait erakutsi dizu pandemiak?

Bai, ikasi gauza asko. Bai, lanaren aldetik eta baita, pertsonalki. Ikasi dut, pertsona batentzat zein garrantzitsua den, familia eta sozializatzea. Nire bizitzan ez dut ikusi, lau hilabete bere gelan itxita egon den inor.  

Kosta ahala kosta, borrokatu egin behar dugu, egoitzetan dauden adinekoek haien familiak eta maite duten jendea ikusi dezaten.

Lanari dagokionez, gehien ikasi dudana higienea zaintzea, oso garrantzitsua dela da eta gero ere, lan egiteko modu desberdinak daudela.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!