«Zerbitzua ez genuen eskaini guretzat betegarria zelako; esparru horretan hutsunea zegoelako baizik»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 13a, 00:00

Leire Moreno hernaniarra, 2020ko apirilean, herritar bati enkargua egiten.

Konfinamendua ezarri zenean sortu zen Hernaniko Zaintza Taldea, herritarrei laguntza emateko asmoz. Leire Moreno boluntario lanetan egon zen, eta esperientziaren berri eman dio Kronikari.

Pasa den urteko itxialdia ezarri eta berehala sortu zen Hernaniko Zaintza Taldea. Ehunka herritarrek bakarrik eta isolatuta eman beharko zituzten zetozen asteak eta, ondorioz, laguntza emate aldera, hainbat boluntariok talde hori osatu zuten.  Hasieran, lau lagun elkartu eta deialdia luzatu zuten. Hurrengo bilerarako, 15 bat lagun bildu ziren Tilosetan, zer egingo zuten eta nola egingo zuten adosteko. Gerora, 70 pertsonako sarea osatu zuten, boluntario lanak egiteko. Jomuga zen behar zuten hernaniarrei enkarguak etxera eramatea, haurrak zaintzea, txakurra paseatzea eta hitz egiteko beharra zuten horiei deitu, entzun, hitz egin eta babesa ematea. Denera, 70 boluntariotik gora izan ziren talde horretan, eta Leire Moreno izan zen horietako bat.

Alor horretan «hutsunea»  sumatu zutelako batu ziren herritar horiek guztiak, eta horrexegatik sortu zuten, hain justu, Hernaniko Zaintza Taldea. «Difusio kartelak egin genituen eta zer gertatuko zen eta nola egingo genuen ondo ez bagenekien ere, guztiok elkartu ginen eta, esku-hartzea beharrezkoa zenez, antolatu eta eskariak egiten hasi ginen», azaldu du Morenok. Ekaina bukaerara arte egon ziren enkarguak egiten eta zerbitzua eskaintzen, eta esperientzia «polita eta beharrezkoa» izan zela kontatu du hernaniarrak.

Egiteko horretarako, Udalean baimen bereziak eskatu zituzten. Horrekin, aseguru zibila izan zuten bolondres aritu ziren guztiek eta, beraz, alde horretatik ez zuten arazorik izan, egindakoa akreditatua zegoelako. «Txarteltxo batzuk eman zizkiguten, udaletxearen zigiluarekin, eta ez genuen inolako ezbeharrik izan».

 

Leire Moreno Hernaniko Zaintza Taldean aritu zen boluntario lanetan, joan den urteko konfinamenduan.

«Talde anitza sortu genuen»

Itxialdia luzea izango zela ikusita eta egoerari erantzuna eman behar zitzaiola jakinda, herritarrek segituan jarri zuten beraien hondar-alea. «Hasieran, Urumea Herrigunean ibiltzen garen 4 kideri bururatu zitzaigun taldea sortzea. Berehalakoa izan zen eta nahiko naturalki, gainera», kontatu du hernaniarrak. Egunak pasa ahala, taldea haundituz joan zen, adin guztietako eta hainbat kulturatako herritarrekin. «Oso talde anitza sortu genuen. Gaztea, helduak eta kultura guztietako jendea zegoen», azpimarratu du.

Aukera zabala eskaini zieten hernaniarrei.   «Kronikan eman ge­nu­en horren berri, kalean kartelak jarri genituen eta WhatsApp bidez ere zabaldu genuen mezua», helarazi du. «Batez ere etxerako enkarguak egiteko deitzen ziguten eta kasuren batean ere, klase partikularrak emateko». Azken esperientzia hori «oso ona» izan zela adierazi du Morenok; «atzerritar askok ez dakite euskera eta itxialdia iragarri zutenean, beraien seme-alabei etxeko-lanekin nola lagundu ez zekitela gelditu ziren». Hori ikustean, Amher harremanetan jarri zen Zaintza Taldeko kideekin, arazoari konponbidea ematen saiatzeko. «Gurekin jarri ziren kontaktuan eta beraien bitartez lortu genuen laguntza hori behar zutenengana iristea. Gainera, jendeak errepikatu egin zuen eta harremanak ere sortu ziren, bolondresen eta familia horien artean».

Antolatzeko tresna gisa WhatsAppa eta Telegrama erabili zituzten. «Talde motorea Telegramean genuen eta bi mugikor genituen: batetik, niri heltzen zitzaizkidan bolondresak izan nahi zutenen mezuak; eta, bestetik, beste taldekide batek herritarren eskariak jasotzen zituzten. Orduan, guztia antolatzen genuen eta WhatsAppean bolondresekin genuen taldean idazten genuen, ea nor zegoen prest enkargua egiteko. Hurrengo pausoa izaten zen zerbitzua egingo zuenari idaztea edo deitzea, eta esatea nora joan behar zuen eta zer egin behar zuen», zehaztu du. «Talde horretan jartzen genuen enkargua egitea behar zuen herritarraren helbidea, eta horrekin, bolondresek aukera zuten jakiteko ea beraien etxetik urrun ala gertu zeuden».

«Espero genuena baino eskari gutxiago izan genituen»

Laguntza emateko prest zeuden boluntariorik ez zen falta izan, baina eskariak, ordea, gutxi izan ziren. «Gure esku zegoena egin bagenuen ere, ez genuen baliabiderik herritar guztiengana hel­tze­ko. Esan bezala, Kronikan eman genuen gure berri, eta kartelak ere jarri genituen herrian barrena. Hala ere, agian hernaniar guztiek ez dute egunkaria irakurtzen edo ez dituzte kartelak ikusten». Dena den, Morenok argi utzi du, eskaera gutxi jaso arren, jendea «oso eskertuta» azaldu zela eta jarrera «oso ona» izan zutela enkarguak eraman zizkieten bakoitzean.

Horrekin batera, Morenoren esanetan, jasotako erantzuna «asko» eskertu bazuten ere, ez zuten bolondres lan hori egin beraientzat gogobetekoa zelako. «Hori guztia ez genuen egin guretzako betegarria zelako, esparru horretan hutsunea zegoela ikusi genuelako baizik». Era berean, helarazi du horrelako taldeen eta eragileen presentzia «beharrezkoa» dela, baina instituzioen esku utzi beharko litzatekeela pisu haundiena, ardura guztia herritarrei uztea «oso potentea» dela iruditzen zaiolako. «Ardura haundiko lana da eta ez dute uste herritarrek hartu behar dugunik».

«Uste dut sistema errotik aldatu behar dela, eta interesgarria iruditzen zait gure artean saretzea eta elkartasuna egotea; hau da,  bizilagunak zaintzea eta gure lagunak zaintzea, esaterako. Baina, hortik aurrera, gure esku ez dauden pandemia bezalako egoera potoloetan, esku hartu behar dutenak instituzioak direlakoan nago».

Kontatu duenez, Hernanin Zerbitzu Sozialek eskaini dezakete zaintza eta arreta zerbitzua, «baina lanez gainezka daude eta ez dira iristen». Edonola ere, horri konponbidea emateko, «horrelako kasuetan ondo legoke langile gehiago kontratatzea edo beste baliabideren bat izatea».

 

Taldea ez da desegin

Itxialdia ezarri zenetik hilabete batzuetara, Hernaniko Zaintza Taldera telefono dei gutxiago heldu ziren eta egun, ez dute ez mezurik, ez deirik jasotzen. «Dagoeneko irten daiteke kalera eta egin daitezke erosketak eta bestelako enkarguak». Hala eta guztiz ere, WhatsAppeko bolondresen taldea desegin ez dutela aipatu du Morenok. «Badaezpada ere utzi genuen hor, noizbait horrelako zerbait berriz ere gertatuko balitz, laguntzeko prest egongo ginatekeelako». Horrekin batera, aipatu du herritarren batek orain laguntza eskatzen badu edo eskariren bat egiten badu, zaintza taldekoek boluntarioen taldera idatziko luketela, «egoera puntual horretan ea mesedea nork egin dezakeen jakiteko». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!