«Esperimentatu egin dut, sentimenduak zein modutan azaltzeko gai naizen ikusteko»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 13a, 00:00

Hernaniarrak lotura estua du Lesakarekin, eta bertan egin du Onin abestiaren bideoklipa.

Ainara Ortega abeslari hernaniarrak 'Onin' diskoa kaleratu du, eta dagoeneko eskuragarri dago Hernaniko eta Lesakako hainbat komertziotan. Eskerrak eman dizkie hernaniarrei, «beti hor egon direlako, behar nuenean, bultzada emateko».

Ainara Ortega Barrenetxea hernaniarrak bigarren diskoa kaleratu berri du: Onin. Bere bikotekidea zenari eskaini dio lana, Lander Arriola lesakarrari, Incansables Txarangako tronbonistari. Ortegak Lesakan jarri du fokua eta azaldu duenez, orain arte egin duen disko «bereziena» izan da azken hau. Bere bikotekidea zendu eta handik gutxira idatzi zituen diskoko abesti guztiak. «Lander 2017an hil zen, eta Onin berehala sortu nuen, hortik hiru hilabetera. Gero, beste hiru hilabetera, beste kantu bat egin nuen, eta beste bat. Horrelaxe, diskoa osatu arte», azaldu du. «Heriotzak pisu haundia du niretzat. Aitortu behar dut apuro pixka bat ematen zidala, baina ez niregatik, nik oso erraz hitz egiten baitut heriotzaz».

Barru-barrutik ateratakoa da Onin, oilo-ipurdia jartzen duen horietakoa. Izan ere, bikotekidea zuena jarri du erdigunean, eta hari idatzi dizkio hainbat kantu. Hala ere, hernaniarrak ez dio eskaini heriotzari eta doluari behar baino tarte gehiago. «Diskoak hamaika mezu ditu. Horietako bat Lander oroitzekoa da, jakina. Baina beste asko dira barre egitea, ondo pasatzea, eta momentu triste eta dramatikoei epea jartzea. Horregatik, abesti tristeak justukoak dira diskoan. Momentu tristeei eta doluari ere epemuga jarri behar zaie».

Ortegak momentu latzak bizi zituen galera horrekin, baina aurrera egiten ikasi du. «10 minutuko negar saioak egiten nituen eta bale, baina min horri bukaera jartzen nion. Negarra egiten nuen, eta, gero, amaitzean, musika entzun, eta egin nuen negarragatik eta dramagatik barre egiten nuen. Kanpotik begira jartzen nintzen eta esate nuen: ene! A zer showa», egin du gogoeta. «Gogorra da esatea, baina Lander joan izan ez balitz, Onin ez zen hau izango. Diskoa entzungo balu esango zidan: «Hagitz ongi! Ze erua zaren!», dio. «Hein batean behintzat, gurekin ez daudenen arima edo inpultsoa sumatzen dut; eta Landerren kasuan, sumatzen dut ez didala frenatzen eta aurrera jarraitzeko esaten didala. Eizu eizu, antzinera antzinera!», kontatu du Ortegak, irribarrea ahoan marraztuta duela. 

Bizitako dolu prozesu horretan jende askok lagundu dio, eta eskerrak eman dizkie diskoan. Zerrenda luzea ageri da barrenean: Hernaniko eta Lesakako senideak eta lagunak, musikariak, txarangako kideak… Guztiei eman dizkie eskerrak, hori gertatu zenean berarekin egon zirelako. «Lander musikaria zen eta talde eta norbanako askok izan zuten detailea gurekin. Mezu eta dei asko heldu zitzaizkigun, loreak ere bai. Txarangak, Musikeneko irakasleak, ikasleak eta beste asko jarri ziren gurekin harremanetan. Beraz, esker hori ez da diskoagatik, laguntza eman zigun jende horregatik guztiagatik baizik. Niretzat diskoa da aurretik egindakoa, eta hor jende asko egon da. Horregatik eman dizkiet eskerrak».

Musika ere lagungarria izan da hernaniarrarentzat, hor topatu baitu bere babeslekua. «Lander eta biok esaten genuen musika gure aterpea zela. Hor sartzen zara, beste dimentsio batean, beste eremu abstraktu batzuetan, eta musikan topo egiten duzu zure buruarekin, beste leku batean. Hitz gutxitan esateko, musika da erreala eta ukigarria denaren gaineko aterpea. Hortxe dago eta babesten zaitu. Batzuetan, zure alderik onena ateratzen du eta beste batzuetan, berriz, ilunena».

 

Ainara Ortega hernaniarra, Kronikarako elkarrizketan, Leokan.

Ondo pasatzeko, dibertitzeko eta gozatzeko diskoa

Abeslari hernaniarrak oraintxe kaleratu du Onin diskoa, eta horrekin, azken urte honetan gizarteak bizi duen egoerari argia eman nahi izan dio. «Azken urte hau oso iluna ikusten nuen. Horregatik, nire helburua, aurten, harrigarria badirudi ere, jendeak etxean ordubete gustura pasatzea da. Izan ere, badakizu jendea gaizki ari dela pasatzen, estu eta larri dagoela. Gainera, asmoa dut kontzertuak emateko, baina ez da nire lehentasuna. Ez daukat pretentsio hori. Beraz, gustatuko litzaidakeena da jendeak diskoa kotxean gustura entzutea, etxean dantzatzea eta barre egitea».

Orain arte, soilik Onin abestia egon da entzungai, YouTube plataforman eta egilearen webgunean (www.ainaraortega.com). Interesa dutenek dagoeneko eros dezakete diskoa Hernanin (Txantxilla kafetegian, Lurreko denda ekologikoan eta Plaza Berriko kioskoan), eta Lesakan (Koskillan eta Tomas Rekondoren okindegian). «Espero nuena baino harrera askoz hobea izan du kantuak. Batzuek esan didate abestia behin eta berriz entzun dutela eta kantua bera ez ezik, irudiak eta bideoklipa asko gustatu zaizkiela. Egia esan, ez dakit arrazoia esaten, baina harritu egin nau jendeak hain erantzun ona izateak».

Aurreko diskoarekin alderatuta, bada aldaketarik azken lan honetan. «Aurrekoa estilo ariketa bat zen, eta oso gozagarria den musika estiloak ukitzen nituen. Disko honetan, berriz, probatu eta esperimentatu egin dut, ea nire sentimenduak zein modutan azaltzeko gai nintzen ikusteko. Nahasketa bat irten da, nahiko estilo arraroak eta ezberdinak entzun daitezkeelako. Bakarren bat aurretik esperimentatu nuen, baina gehienak, ez nituen oraindik landu. Horren bueltan, asko gustatzen zait abestietan elkarrizketa modukoak egotea, hau da, bi pertsona kantari aritzea,  bata besteari zerbait esaten. Lehenengo diskoan hori egin nuen eta jendeari gustatu zitzaion. Barre asko egin zutela esaten zidaten».

Abesti guztiak Ortegak idatzitakoak dira: «Hiru kantutan daude moldaketak: Especialidad en Jazz, estilo horretan aditua den musikari erraldoi batek idatzi zuen doinua; bestea da Sorterriko koplak, Mikel Laboarena, Iñaki Salvadorren moldaketekin; Berriro kantuan ere moldaketa dago; eta, azkenik, Charles Chaplin aktorearen doinu bat ere badago».

Horrez gain, diskoan hainbat musikarik hartu dute parte. «Disko hau izan da merendola baten antzekoa. Oinarrian geunden beti pertsona berak, Angel Unzu, Iñaki Salvador, Luis Camino eta ni. Gero, gonbidatuak izan ditugu. Esaterako, diskoko hirugarren piezan musika argentinarra egin dugu. Joana Ortega nire ahizpa eta Sebi Ustarroz koinatua aritu dira hor, artista batzuk direlako estilo horretan. Landerren arreba ere egon da diskoan lanean, Mayi Arriola, eta nire aita Canario ere bai. Asier Ardaizek, Fredi Pelaezek eta Vito Rogado aktore-abeslariak ere».

Prozesu guztia antolatzea eta koordinatzea ez da lan erraza izan, musikari eta parte-hartzaile asko aritu direlako diskoan lanean. «Ez dut esango zaila izan denik, baina arraroa bai, datak zehaztea eta guztiok elkartzea konplikatua izan zelako». Dena den, jomuga argi zuten eta, beraz, emaitza positiboa izan da. «Puzzlea osatzea lortu genuen, bagenekielako zer egin nahi genuen».

Bestalde, bere musika «edonori» zuzentzen badio ere, aitortu du gustukoen duen publikoa 50 urtetik gorakoa dela. «Adin horretan, nabaritzen da jende melomanoa dagoela. Gazteek talde gutxi ezagutzen dituzte, ez dute musika erosten, hiruzpalau erreferentziarekin dabiltza; eta hortaz ohartzen naiz, musikako irakaslea naizenez hori ikusten dudalako. Helduek, aldiz, oro har, asko dakite musikaren gainean, eta asko dute irakasteko. Gozamena da haiei entzutea».

 

Erreka, erdigunean

Onin izena jarri dio diskoari, Lesakako errekaren izena. Hor jarri du fokua, garrantzia haundia baitu lesakarrentzat. «Lesakan eta Bortzirietan asko maite duten erreka da Onin, zubi gaineko dantza bertan egiten delako». Hernaniarrak azaldu du festa egiten zaiola errekari, eta hausnarketa egin du horren gainean. «Uste dut ez direla konturatu, dantza beraien artean egin eta festa elkarrekin ospatzeaz gain, errekari ere asko eskaintzen diotela». Hori horrela, keinua egin die bai lesakarrei, bai ibaiari. «Baten batek esan zidan aurrekoan, ausartu nintzela eta ondo egin nuela: erreka txikia, baina ur sakona da. Lesakarren mezu asko jaso ditut eta herritarrei asko gustatu zaie».

 

Egoera ilunetatik, argia

Argia eta itzala aipatu ditu Ortegak Onin lanean. «Iruditzen zait muga horretan bizitzen ikasi dudala, eta gustatu egiten zait». Metafora batekin azaldu du aurrekoaren esanahia, esandakoa argiago gelditze aldera. «Askotan, arratsaldean eguzkia badoalarikan ikusten dudan bakoitzean, eguzkia badoanez, sentitzen dut heriotza txiki bat dela. Hurrengo egunean, berriz hasten da bizitza. Eta hurrengoan, heriotza txiki horren ondoren, beste bizitza bat hasten da. Eta horrelaxe... Trapezistak gara!».

Horixe bera islatu du zenbait momentutan: heriotza. Normalizatu beharra dagoela uste du hernaniarrak. «Landerrena gogorra eta, era berean, ederra izan da. Diskoan horixe bera diot, eta heriotza, horren mantso, ez nuen inoiz hain gertutik ikusi. 27 urteko mutil gazte bat itzaltzen ikustea latza da oso, baina zerbait ederra ere badu. Bizitzak berak erakusten du heriotza horrelakoa dela; alegia, hau horrela da eta listo. Zuek jarri nahi duzuen moduan, baina hau aurrera doa. Beraz, momentu horretan edertasuna bilatzen duzunean… Ez dakit, nire bizitzako esperientzia sakonena izan da hori».

Aurrekoaren bueltan, Ortegak aurreikusi zuen, aspaldi, Onin kaleratuko zuela. Arriola lesakarrari aurreratu zion berria, bera zendu baino lehenago. «Landerrek ez zuen inoiz jakin hil egingo zela, eta nik ere ez nekien. Istorio bitxia da. Egun batetik bestera diagnostikatu zioten minbizia, eta bost egunetan itzali zen. Guk ez genuen gehiegi galdetu eta medikuek ere ez ziguten esan. Noski, galdetu izan bagenien, esango ziguten. Baina ez genuen nahi izan. Halako harreman misteriotsua sortu zen medikuen eta gure artean», azaldu du, tinko. «Nik esan nion Landerri hurrengo diskoa Onin izango zela eta Lesaka hor egongo zela, presente. Ez zigun sakontzeko denbora eman, zergatik edo nola egingo nuen. Baina, behintzat, esan nion hori».

Bizitzak emandako poztasun eta tristura guztiak ikasketa prozesuaren parte direla aitortu du. Horregatik, bihotzetik ateratako lan hau lau haizetara zabaldu nahi du, baina ez da jendearen erantzunaren beldur. «Azkeneko urteetan ikasi dut nire burua ez epaitzen; eta Landerrena eta gero, are gutxiago, asko ikasi dudalako. Askotan, musikariak oso zorrotzak gara geure buruarekin. Guztiok ditugu gure ego txikiak, baina musikariek, ziurrenik, gehixeago. Izan ere, kaleratzen ditugun lanek proiekzioa dute, eta orduan, beti zaude adi, ea jendeak zer esango duen. Baina, nire kasuan behintzat, orain ez da horrela. Esan bezala, azkeneko urteetan ez dut hori baloratzen. Pentsatzen dut: gustatu zaizu? Oso ondo, asko pozten naiz! Ez zaizu gustatu? Beno, ondo, bota putzura! Alegia, egin dudana egin dut, eta listo».

Bikotekidea zuenaren heriotzak lagundu dio jarrera hori izaten. «Bere heriotzak lagundu dit modu horretan pentsatzen. Hala ere, esan beharra daukat, lehen ere ez nintzela tuntuna. Bullynga egin zidaten bi urtez, 14 urte nituenean. Institutuan ez zidan inork kasurik egiten. Asier Etxeandia aktoreak dioen moduan, gaztetatik sumatzen zaigulako nortzuk garen desberdinak. Horrek ez du esan nahi hobeak edo txarragoak garenik. Soilik desberdinak. Baina niri berdin zitzaidan besteen iritzia eta, adibidez, abestu nahi nuenean, abestu egiten nuen.  Egoera horretatik ni irten nintzen garaile, nire gurasoei esker, beraiek ez zekiten ezer, baina gurasoek tresnak eman zizkiguten, eta orduan, 14 urte nituela, nik erraz ikusten nuen gaizki ari zirenak eta tuntunak zirenak besteak zirela eta ez, ordea, ni».

Hori horrela, datorrena datorrela, sendo jarraituko du abeslariak. «Ikasketa horiek medio, gaur egun, alde horretatik bada behintzat, jendeak zer esango duenaren beldurrik ez dut. Berdin dit mundua kontran jartzen bazait ere, nik nirea egiten jarraituko dudalako, inorri minik eman gabe, noski».

Etorkizunari itxaropentsu begiratzen dio orain,  baina «frustratu gabe». Dio, horixe ikasi duela orain arte bizitakoarekin. «Dagoenean badago eta ez dagoenean, ez dago. Baina, hori bai, Landerrena gertatu zenetik, oholtzara igotzen naizen bakoitzean, ero koxkor batek bezala gozatzen dut, azkena izango balitz bezala, badaezpada ere», itxi du elkarrizketa, barre-algara artean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!