ASVIAMIE

Amiantoagatik bi epaiketa, gaur eta datorren asteazkenean

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 12a, 00:00

Kalte ordaina eskatu dute Pedro Orbegozo enpresako langile izan ziren bi lagunek. Kontzentrazioak deitu ditu Asviamiek.

Egun hauetan izango dira beste bi epaiketa, amiantoarekin lotuta, Asviamiek (Amiantoaren Biktimen Euskadiko Elkarteak) jakinarazi duenez. Gaur izango da aurrenekoa, eta datorren asteazkenean bigarrena, Pedro Orbegozo enpresako langile izan ziren bi lagunek kalte ordaina eskatuta. Bi egunetan, ordu erdiko kontzentrazioa deitu du Asviamiek, Donostiako epaitegiaren aurrean: goizeko 10:00etan gaur, eta 09:00etan datorren as­teazkenean. Horrekin, babesa erakutsi nahi diete kalte ordaina eskatu dutenei, eta amiantoaren biktimentzako konpentsazio fondo baten beharra azaleratu.

Gaurko epaiketa, Francisco B.F. langilearena izango da. Biriketako kartzinoma epidermoidea diagnostikatu zioten 2017ko ekainean, eta Gizarte Segurantzari eskatu dio, laneko gaixotasun gisa aitortu dezala. Izan ere, Pedro Orbegozo-Acenorrek Hernanin zeukan lantegian aritu zen lanean, 1977tik 1997an itxi zuten arte, eta Gasteizko Sidenorrera lekualdatu zuten orduan. Pedro Orbegozon, laminazioko sailean aritu zen «labea biltzen zuen amiantoarekin kontaktu­an, zuzenean zein zeharka», na­barmendu du Asviamiek. Eta dio, gainera, labea gelditzen zutenean, langileek egin behar izaten zituztela garbiketa lanak, amiantoarekin kontaktu zuzena izatea eragiten zutenak.

Datorren asteazkeneko epaiketan, berriz, Esteban P.Z. langilearen kasua aztertuko dute. Bera ere, Pedro Orbegozo-Acenor enpresako langile izan zen, 1969 urtetik, eta aurrekoa bezala, Sidenorrera mugitu zuten gero. 2019an, kartzinoma eskamoso infiltrantea detektatu zioten, eta 2020ko ekainean, ezintasun iraunkorra aitortu zion Gizarte Segurantzak.

Acenorren, mantenuko mekanikari gisa aritu zen, instalazioen eta tresneriaren konponketak eta mantenua eginez. Laminazioaren atalean aritu zen bereziki, eta tarteka, baita burdina urtzeko labeetan ere. «Oso ohikoa zen amiantoa zuten materialekin kontaktuan ego­tea, konponketak egiterakoan, erreduktoreen frenoen zapatak aldatzerakoan, fuel labeetan...», azaldu du Asviamiek: «lan horiek egitean, amiantozko fibrak askatzen ziren, eta horiek arnas­tu zitzakeen langileak, ez baitzuten arnasketarako babes-apa­raturik erabiltzen. Enpresak ez zuen segurtasun neurririk hartu, garai hartako araudia kontutan hartuz; eta horregatik, 266.929,44 euroko kalte ordaina eskatu du langileak», azaldu du.

Bi langileak daude txertatuta OSALANen fitxategietan, amiantoarekin kontaktuan lan egin zuten langileen artean.­

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!