Erremontea

Gaur hasiko da, Oriamendiren Pelota Eskolako Txapelketa

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 12a, 00:00

Txapelketa jokatuko duten erremontista guztiak, aurkezpenean. Alboetan, bi hernaniarrak: Murgiondo eta Aiestaran.

10 erremontista ariko dira, binaka, eta tartean izango dira bi hernaniar ere: Aitor Aiestaran eta Aritz Murgiondo. Ligaxkari ekingo diote gaur.

Aurreneko aldiz jokatuko dute Galarretan, afizionatu mailako erremonte txapelketa: Oriamen­diren Pelota Eskolakoa, hain zu­zen ere. Asteazkenean aurkeztu zuten, eta gaur bertan ekingo diote, 10 erremontistarekin. Horien artean izango dira bi hernaniar ere: Aitor Aiestaran eta Aritz Murgiondo.

Bost bikote ariko dira lehian. Julen Aguerrezabala Matxin VII azpeitiarrarekin ariko da Aiestaran, eta Jon Irazu adunarrarekin Murgiondo. Beste hiru bikoteak, honakoak izango dira: Julen Loitegi urnietarra eta Joseba Goikoetxea donostiarra; Ugaitz Susperregi Ibarguren lezoarra eta Iñaki Arizaga Akuxi aizarnazabaldarra; eta Odei Arregi tolosarra eta Aritz Eskudero andoaindarra. Ligaxkarekin hasiko dute txapelketa, eta bikote guztiak ariko dira elkarren kontra. Gaur bertan izango dira aurreneko bi partiduak, 18:00etan Galarretan: Loitegi-Goikoetxea eta Matxin VII-Aiestaran VI; eta Odei-Eskudero eta Irazu-Murgiondo. Aste­azken eta ostiraletan izango di­ra partiduak, eta apirilaren 9an bukatuko da ligaxka.

Puntuazio sistema izango da binakakoetan erabili ohi dena: partiduko irabazleak lau puntu; eta galtzaileak, 36-39 tanto eginda bi puntu, 32-35 tantorekin puntu bakarra, 26-31 tanto eginda punturik ez, eta 25 edo gutxiagorekin, puntu bat kenduko zaie.

Lau bikote onenak sailkatuko dira semifinaletara, eta elkarren kontra ariko dira aurreneko bikotea eta laugarrena, batetik; eta bigarrena eta hirugarrena, bestetik. Partidu bakarrera izango dira semifinalak, apirilaren 16an; eta bi bikote irabazleek jokatuko dute txapelketaren final haundia, apirilaren 23an.

 

Une honetan «indarberrituta», Galarretako pelota eskola

Garai zaila bizi zuen Galarretako pelota eskolak, duela urte eta erdi inguru: profesionaletan debutatzeko prest zeuden hainbat erremontista, eta horrela, 4-6 bakarrik geratuko ziren eskolan: «oinarririk gabe geratuko ginen, eta hasi ginen beste modalitate batzuetan bilatzen, erremonterako egokiak izan zitezkeen pelotariak. Odei Arregik izugarri jokatu du palan, Julen Loitegi trinketetik dator eta sekulako maila hartu du, Ibarguren errebotetik dator...», azaldu du Endika Barrenetxeak.

Horiei, konfinamendu gara­ian proposatu zieten hastea, «beste modalitateetatik zeukaten ezagutza erremontera egokitzeko. Eta ez ditu edonork entrenatzen, Kike Elizaldek baizik. 20 urtez erremontista bezala aritutakoa eta Oriamendiko intendentea da, eta besteok ikusten ez ditugun gauzak ikusteko gai da bera». Urtebete daramakite lanean, eta «indarberrituta» dago Galarretako pelota eskola, orain: «harrituta geratu gara, hartu duten mailarekin. Egoera normal batean, Loitegik, adibidez, dagoeneko debuta egina izango zuen profesionaletan». Horiei, txapelketak zer diren probatze­ko aukera eman nahi diete, de­buta egin aurretik; eta horrega­tik jarri dute martxan Pelota Es­kolaren Txapelketa, orain.

Profesionaletara saltoa «gertu» dauka Murgiondo hernaniarrak ere, Barrenetxearen ustez: «lau urte daramazki gurekin, eta azkeneko urte eta erdian oso maila ona hartu du, eta inolako minik gabe ari da gainera. Hori da garrantzitsuena». Aiestaranek, berriz, denbora gutxi daramaki oraindik: «udaran hasi zen bera». Barrenetxea da hernaniar bakarra profesionaletan, eta «laster bi izatea» espero du: «pozgarria da atzetik ere hernaniarrak badatozela ikustea, eta ea gehiago animatzen diren».

 

Probatu nahi dutenentzat ateak zabalik, ostiraletan

Txapelketarekin batera, ate irekien saioak ere prestatu ditu Oriamendik, martxoko eta apirileko ostiral guztietan, erremontea probatu nahi dutenentzat. 12 urtetik gorako edonori luzatu diote gonbitea. Plastikozko xextoekin ariko dira gaztetxoenak, eta 16 urtetik aurrera, erremonteko xextoarekin hasi daitezke. Material guztia, Oriamendik jarriko du. Arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara izango dira saioak, Barrenetxearen eta Ander Goikoetxea erremontistaren eskutik; baina hitzordua eskatu beharko da, 945 55 10 23 edo 687 393 245 telefonoetara deituta. Eta dei berezia egin diete emakumeei, animatu daitezen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!