Bisita interpretatuak eta sagardo dastaketa Hernaniko lau sagardotegitan, etzitik

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 11a, 00:00
Atzo aurkeztu zuten, sagardotegien bisita interpretatuen ekimena, udaletxean.

«Txotx garaia beste modu batera bizitzeko», bisita interpretatuak antolatu ditu Hernaniko Udalak, Itxas-Buru, Zelaia, Iparragirre eta Altzueta sagardotegiekin elkarlanean; etzi hasi, eta apirilaren bukaerara arte.

Hernaniko Udalak, herriko lau sagardotegiekin elkarlanean, egitasmo berri bat jarri du abian; Itxas-Buru, Zelaia, Iparragirre eta Altzueta sagardotegiekin, hain zuzen ere.

Proiektua martxan jarri dute, «txotx garaia beste modu batera bizitzeko eta sagardotegien eskaintza aberasteko» asmotan. Horretarako, sagardotegietan bisita interpretatuak egingo dira, eta berrikuntza gisa, «sagardo-dastaketa egingo da, mokadua jateko aukerarekin batera», azaldu zuen Xabier Lertxundik, Hernaniko alkateak, atzoko aurkezpen ekitaldian.

Elkarrekin martxan jarri duten ekimena «berritzailea» da. Gainera, bisita interpretatuak, «bere etxera egokituta eskainiko ditu bakoitzak. Berrikuntza horretan dago, bisita interpretatuak egiteko moduan, sagardotegi bakoitzak bere modura egingo baititu», azaldu zutenez.

Egitasmo honetara heltzeko, «lan haundia» egin dela azaldu du Hernaniko alkateak. Gainera dio, «sagardoaz, sagardotegiez eta sagardogileez» hitz egiten dutenean, «Hernaniko izaeraren parte haundi batez» ari direla: «nortasunaren parte bat da, eta denok gertutik ezagutzen eta bizitzen dugun gai bat da. Zoritxarrez, azken urtean txotx garaia aldatu egin da, baina egungo egoerara moldatuz, sagardogintzari beste balio bat eman zaio, eta alde positiboak ere atera zaizkio».

Bisita gidatuak, etzitik
Etzi emango zaie hasiera, sagardotegietako bisita interpretatuei. Lehenengoa Altzuetak eskainiko du larunbatean bertan, eta martxoaren 27an eskainiko du bigarrena. Iparragirren, martxoaren 20an eta apirilaren 17an egongo da aukera. Zelaia sagardotegian, berriz, martxoaren 21ean eta apirilaren 4an egingo dituzte. Eta azkenik, Itxas-Buruk igande honetan eskainiko du aurreneko bisita gidatua, eta apirilaren 28an bigarrena.

Sagardotegiek azaldu dute, «etxe barruan zer daukagun erakusteko» modu bat dela bisita interpretatuena, eta herritarrak animatu nahi izan dituzte.

Erreserbak, hernani.eus web orrian egin daitezkeela azaldu du Hernaniko Udalak.

 

BISITA INTERPRETATUAK
ALTZUETA: Martxoak 13 eta martxoak 27
IPARRAGIRRE: Martxoak 20 eta apirilak 17
ZELAIA: Martxoak 21 eta apirilak 4
ITXAS-BURU: Martxoak 14 eta apirilak 28

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!