Hernani BHIko talde batek sari nagusia, Startinnova lehiaketan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 10a, 00:00
Hernani BHI Institutoko zuzendaria Asier Mendizabal ezkerrean saria eskuetan duela, eta bere eskuinean ikasleak.

Institutuko sei taldek hartu dute parte, eta aurreneko postua lortu du KID3 taldeak, ekintzailetza proiektuak sortzeko lehiaketan.

Sari nagusia eskuratu du Hernani BHI Institutuko talde batek, Startinnova lehiaketaren bederatzigarren edizioan, KID3 izeneko proiektuarekin. Ekintzailetza proiektuak sortzeko lehiaketa da, eta Gipuzkoa mailan, batxilergoko eta lanbide heziketako 180 talde inguruk hartu dute parte, 29 zentrotatik.

Horietatik sei izan dira Hernani BHIkoak, batxilergoko bigarren mailakoak, Administrazio eta Kude­aketako Oinarriak ikasgaiko ikasleak. 25 ikaslek hartu dute parte, guztira. KID3 proiektuak, «hezkuntzan erabiltzeko bideoak sortzea du helburu. Ikasgai ezberdinetako azalpenak sortuko ditugu, euskeraz eta modu ulergarrian; eta materiala hezkuntzako plataforma batean egongo da eskuragarri, mugikor, tablet edota ordenagailu batean ikusteko aukera eskainiz. Eta enpresa pribatuentzako bideoak ere sortuko ditugu, hala eskatuz gero», azaldu dute. KID3 taldeak otsailaren hasieran jakin zuen finalista zela, eta aurreneko postuan zegoela sailkatuta. Horrela, proiektuaren defentsa egin behar izan zuen finalean, 10 minutuko aurkezpen batekin. «Kalitate haundiko bideoa sortu zuen taldeak, eta oso ondo azaldu zuen bere proiektua», diote institututik. Horrela, aurreneko postuari eutsi, eta Gipuzkoako txapeldun izan da. Tablet bana jasoko du, taldeko ikasle bakoitzak.

Finalista ez izan arren, pro­iektu interesgarriak aurkeztu zituzten beste bost taldeek ere. Ahizpak taldeak, birziklatzen laguntzeko aplikazio bat sortzen ari da: «aplikazio horrek esango digu, esku artean daukagun hondakinari argazki bat aterata, nora bota behar dugun».

EBBT taldeak, berriz, segurtasunezko pultsera bat salduko du: «seguru sentitzeko, txikiak ez galtzeko edo adinekoak zaintzeko, SOS zerbitzu batera konektatuta egongo da; eta geolokalizazioa ere izango du, bilaketa errazteko, beharrezkoa denean».

Elkarlan taldeak, bere aldetik, gizarte zerbitzuak eskaini eta behar dituztenak elkartzea du helburu, eta aplikazio baten bitartez konektatuko ditu «norbait kontratatu behar duten erabiltzaileak eta lanerako prest dauden laguntzaileak».

AIAJ taldeak, gurpil bereziak dituzten aulkiak ekoiztea du oinarri, mugikortasun arazoak dituztenentzat, «haien beharretara egokituz: kalean edo mendian ibiltzeko gurpil trukagarri­ak izango dira».

Eta Useful Innovation talde­ak, azkenik, Capacity Controler aplikazioa sortuko du, leku publiko eta pribatuen aforoa zuze­nean ezagutzeko.

«Jakingo dugu zein diren aforo gutxien duten lekuak, eta beraz, pandemia ego­eran, seguruago egotekoak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!