Garaipen garrantzitsuak, bi talde nagusiek lortu dituztenak

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 9a, 00:00

Cesiak jaurtiketa honekin sartu zuen lehendabiziko gola.

Neskek Goierri Gorri taldea garaitu zuten 4-2 eta mutilek, berriz, 0-2 irabazi zuten Oiartzunen.

Emaitza oso onak lortu dituzte Hernaniko taldeek pasa berri den asteburuan. Euskal Ligako taldeak 4-2 irabazi zuen Goierri Gorriren kontra, Zubipen. Ohorezko Erregional mailako taldeak 0-2 lortu zuen garaipena Oiartzunen eta Jubenil Nazional taldeak 0-0 berdindu zuen Antiguokoren aurka Berion. 
Neskek etxean jokatu zuten irabazi beharra zuten partidua,  eta hiru puntuak Hernanin gelditu ziren. Gainera, nagusitasunez lortu zuten garaipena.

Lehendabiziko zatian, 17garren minutuan aurreratu zen Hernani Cesiaren golari esker, baina 33garren minutuan berdindu zuten goierritarrek. Atsedenaldira iritsi aurretik aurreratu zen,  berriz ere, etxeko taldea Lizasoren lehendabiziko golarekin. 


Bigarren zatian, 70garren minutuan, erabaki zen partidua. Cesia eta Lizasok sartu zituzten berriz ere bi golak, bata bestearen atzetik, eta partidua erabakita utzi zuten. Bost minuturen faltan etorri zen 4 eta 2koa. Emaitza horrekin eta Leioaren garaipenarekin, laugarren postuak hiru puntura jarraitzen du, jardunaldi baten faltan. Hernani Lakuaren aurka ariko da azken jardunaldian eta Leioako taldeak Elorrio hartuko du etxean.


Ohorezko mailako taldeak ere garaipen sendoa lortu zuen. Karla Lekuona zelaian 0-2 nagusitu zen. Azken horrekin, hiru partiduetan, bi garaipen eta berdinketa bat lortu ditu. Zazpi punturekin lau talde daude lehenengo postuan berdinduta, baina Beti Gaztek eta Hernanik partidu bat gutxiago jokatu dute, beraien artean jokatu beharrekoa. Oso ongi hasi du denboraldia Hernanik.

Jubenilek berdindu egin zuten Donostian, Antiguokoren aurka
Partidurik irabazi ezinik dabilena Jubenil Nazional taldea da. Berion 0-0 berdindu zuen Antiguokoren aurka. Orain arte, denera, lau partidu berdindu dituzte eta hiru galdu. Ongi borrokatu zuten arren, hutsean gelditu zen markagailua. Puntu bat lortu zuten aurkari zuzenaren etxean eta azkenaurrenak daude orain, sailkapenean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!