Garaipen sendoarekin hasi du bigarren itzulia Hernanik, Donostian

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 7a, 00:00

David Pelaz baloiarekin, atzoko partiduko jokaldi batean. Argazkia: Iñigo Arizkorreta

Trikoloreak 11-25 nagusitu ziren Bera Beraren kontra, Anoetako miniestadioan. Azkeneko minutuan egin zien ihes, erasoko bonusak.

Garaipen batekin ekin dio Hernanik, Ohorezko B Mailako bigarren itzuliari ere. Nagusi izan ziren trikoloreak atzo, Anoetako miniestadioko zelaian, eta 11-25 irabazi zuten Bera Beraren kontra, bigarren postua sendotzeko.

Parekatua izan zen partiduaren hasiera, eta zigor kolpe bana lortu zuten bi taldeek, aurreneko minutuetan. Hernani, dena den, arrisku gehiagorekin aritu zen erasoan, eta hori aprobetxatu zuen 10garren minutuan, aurreneko entsaioa egiteko, Xabat Erroizenearen eskutik, baloia al­de­rik alde mugitu ondoren (3-8).

Berehala murriztu zuen tartea Bera Berak, beste zigor kolpe batekin, baina beste hiru punturekin erantzun zuen Anartz Elosegik (6-11). Hortik atsedenaldira, ordea, ez zen izan jokaldi arriskutsurik, eta ezta entsaiorako aukera garbirik ere.

Bestelakoa izan zen bigarren zatia. Hasieratik eskuratu zuen partiduaren kontrola Hernanik, eta baloiaren jabe izan zen; baita azkeneko metroetan asmatu ere: bigarren entsaioa lortu zuen berehala Erroizeneak berak, eta Elosegik transformatu (6-18). De­fentsan ere primerako lana egin zuten trikoloreek, eta apenas gerturatu ziren 22 metroko marrara donostiarrak. Horrela, akatsak egitera behartu zi­tuzten. Entsaioa gertuago zuten hernaniarrek, baina haiek ere ez zuten asmatu paseekin, azkeneko metroetan, 75garren minutuan Martxel Aramendik hirugarren entsaioa lortu zuen arte; eta Mattin Colladok, transformatu (6-25).

Emaitza horrekin, garaipena ez ezik, erasoko bonusa ere bazuten trikoloreek, hiru entsaioren aldea baitzegoen bi taldeen artean. Baina azkeneko minutuan egin zien ihes bonusak: bere aurreneko entsaioa lortu zu­en Bera Berak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!