Hernanik garaipena behar du igoera fasea jokatu nahi badu

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 6a, 00:00

Leioaren aurka jokatu zuten azken partidua Zubipen.

Euskal Ligako taldeak gaur, 16:30etan, Goierri Gorri taldearen aurka jokatuko du Zubipen.

Asteburu honetan ere hiru partidu jokatuko dituzte C.D. Hernaniko taldeek. Zubipen bakarra jokatuko da eta Euskal Ligako taldearena izango da. Neska hernaniarrek Goierri Gorriren aurka jokatuko dute gaur, 16:30etan, Zubipen. 
Partidu garrantzitsua da eta garaipena beharrezkoa da igoera fasean sartu nahi badu taldeak. Hernaniarrak sailkapenean bosgarren daude kokatuta eta laugarrena, Leioako Emakumeak, hiru puntura dago. Bi taldeei bi partidu falta zaizkie lehenengo fase hau amaitzeko. Gaur garaipena lortuz gero aukerak zabalduko dira, nahiz eta bere eskuetan ez egon aukera hori. Leioako Emakumeak taldeak azken bi partiduetan lau puntu lortzen baditu, Hernanik ezingo luke igoera fasea jokatu. Hala ere, lehendabiziko egin beharra gaur irabaztea da.

Mutilek Oiartzunen jokatuko dute gaur arratsaldean
Ohorezko Erregional mailako taldeak berriz, denboraldiko hirugarren partidua jokatuko du gaur, Oiartzunen, Karla Lekuona futbol zelaian 15:45etan hasita. Aurreko astean Allerruren aurka berdindu eta gero helburua hiru puntuak lortzea da, baina aurrean duen taldea ere goiko postuetan dago sailkatua. 
Aurreko astean oiartzuarrek 7-0 galdu arren Beti Gazteren kontra, Lesakan, aurreneko bi partiduak irabazi zituen Euskalduna eta Zarautzen aurka; sei punturekin bigarren daude sailkapenean. Hernani lau punturekin eta partidu bat gutxiagorekin laugarrena da. 
Azkenik, Jubenil Nazional taldeak, Donostian Berion, jokatuko du bihar 12:00etan Antiguokoren aurka. Sei partidu jokatu eta gero, oraindik ez du garaipena ezagutzen.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!