Hernanik Bera Beraren aurka hasiko du gaur Donostian, bost partiduko bigarren itzulia

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 6a, 00:00

Gaur Donostian jokatuko den partiduan ez da Landareko lokatza espero.

Kote Olaizola miniestadioan jokatuko du, 16:30etatik aurrera, eta bost puntu lortzea da helburua. Bigarren itzuli honetan ere aurkari izango ditu: Belenos etxean, Gernika kanpoan, Gaztedi Landaren eta Ourense ere etxean.

Ohorezko B Maila berriz ere martxan jarriko da asteburu honetan bigarren itzuliaren hasierarekin. Hernanik Donostian jokatuko du gaur, 16:30etan, Kote Olaizola miniestadioan Bera Beraren kontra.

Bigarren itzulia bi multzotan dago banatua eta lehenengo itzulian sei lehendabiziko postuetan amaitu duten taldeek osatzen dute multzoetako bat. Bertan dago Hernani eta bost partidu jokatuko ditu Bera Bera, Belenos, Gernika, Gaztedi eta Ourenseren aurka.
Lehendabiziko itzulian beraien artean lorturiko puntuak dituzte sailkapenean. Beraz, Hernanik hamazazpi puntu ditu sailkapenean eta Gernikak 22. Atzetik  Belenosek 14 puntu ditu, Bera Berak 11, Gaztedik 8 eta Ourensek bi ditu.

Gaurko partidua laugarren sailkatuaren aurka jokatuko du Hernanik. Partidu benetan garrantzitsua da, irabaziz gero bigarren postua ziurtatzeko pauso haundia litzateke, jakinda hurrengo astean Belenos izango dela aurkari Landaren.

Hala ere, ez da partidu erraza izango. Bera Bera eta Hernani lehenengo itzulian, Landaren, aritu ziren elkarren aurka eta donostiarrek galdu arren azken unera arte borrokatu zuten garaipena. 15-11 irabazi zuen Hernanik urtarrilaren 30ean eta oraingoan etxetik kanpo irabaztea ez da erraza izango.

Partidu erabakigarrienak lehendabiziko hirurak izango dira aurkari gogorrenen aurka. Gaurko partidua eta gero, datorren astean Avileseko Belenos taldeak egingo du bisita Landarera eta martxoaren 21ean Gernikara bidaiatuko du Hernanik.

 

Urbilekin akordioa berritu da

Bestetik, Urbilek eta Hernani Club Rugby Elkarteak, bertako errugbiaren irudia sustatzeko akordioa sinatu dute. Urbil Merkataritza-guneak, kirolarekin duen konpromisoa indartzen du. «Hernaniko herria Urbiletik oso gertu dago, eta gure bisitari asko handik datoz. Gure ingurunearekin konpromisoa hartzeko ekimen hau berritzea gustatuko zaizuela espero dugu». Bestalde, Hernani Rugby Elkarteak, 2020ko urritik Joxe Elosegi buru duela, eskerrak eman dizkio Urbili bere kirolarekin, errugbiarekin eta gazteekin lan egiteko proiektuaren garapenean laguntzeagatik.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!