«Abestiaren bidez, gaurkotasuna eta antzinakoaren batasuna azaldu nahi izan dut»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 6a, 00:00

Olatz Zugasti, bere kantu berriaren inguruko elkarrizketan. Kantua idazterako orduan, bere aitonaz oroitu dela dio.

Olatz Zugasti hernaniarrak, 'Mairu Baratzetan' kantu berria argitaratu du duela gutxi eta abestiaren berri eman dio Kronikari.

Zergatik aukeratu duzu protagonista moduan, Arano herria?
Egia esan, aspaldi nenbilkien buruan zerbait egitea eta halako zirriborro batzuk banituen aspalditik, baina inoiz ez nion heldu gai hau lantzearen amuari. Momentura arte, ez nuen jakin ideia ondo bideratzen eta ez nengoen oso gustura lortutakoarekin. Ez dakit zergatik, baina halako batean, Mairu baratzen ideia etorri zitzaidan burura eta horrekin batera, gaztetxoa nintzela, bertan gaua pasa nueneko oroitzapenak. 


Zein polita Arano eta han aurki ditzakegun monumentu megalitikoak. Munduko hainbat lekutan zabalduta daude hauek eta zortez, gure herrian dauzkagu; Mairu baratzak, cromlech-ak, dolmenak… Orduan pentsatu nuen, abestia ideia horrekin lotzea polita izango litzakeela. Oso gustura joaten nintzen haurtzaroan herrira eta tributu bat egin nahi izan diet, nire arbasoei. 

Nolakoa izan zen abesti honen sorrera? Nolatan izan zenuen ideia hori?
Abesti honen ideiaren inguruko zirriborro bat egina nuen aspalditik. Gehienetan, ez da jakiten nondik datorren ideia hori, baizik eta bat-bateko gauza izaten da. Ez da idazteko behar hori izaten, idazten hasten zara idazten jarraitzeko zirraratxo batek eraginda eta pixkanaka idatzitakoak forma hartzen du. Askotan kantuekin hori gertatzen da,  ideiatxo bati tiraka hasten zara eta halako batean, tira eta tira, kantu bat sortzen duzu.

Abesti hau zuretzat oso berezia da, ezta? Nolatan bururatu zitzaizun kantuan Arano herriarekin lotzea?
Bai, berezia da. Kantua gehien bat, nire oroitzapen eta inpresioen inguruko bulkada da. Ez da autobiografikoa, funtsean ez naiz ezer zehatzez ari. Nire inpresioak adierazten ditut honetan, han bertaratzen gineneko oroitzapenak eta han egotearekin sentitzen nuen hurbiltasun hori, transmititu nahi izan dut orotara. 

«Mundu psikologiko batean zentratzen naiz: oroitzapenak, sentipenak eta abar»


Hernanitik bat-batean mendi aldera igo eta tipi-tapa Aranon zaude, mendi artean, basoan barrena eta ondoren, mairu baratzekin egiten duzu topo. Hori dela eta, historiaurrearekin dagoen konexioa erakutsi nahi izan dut, kantuan zehar. 
Bestalde, ideia polita iruditu zitzaidan, “oihu bat egitera noa zuri” esaldia erabiltzea, nire esentziari zuzentzeko. Abestian alde batetik, aitonaz oroitu nahi izan dut, bera oso bihotz bera baitzen eta horrekin joko bat egin nahi izan dut; zure oihartzuna entzun dezadan, nik oihu egiten dut eta zure oihartzun hunkitua entzuten dut. Horrek bildu eta konektatuko nau herriarekin, hori da ideia.

Arano, zure aitonaren herria zen. Haurtzaroan asko ibili al zinen Arano aldean? 
Bai, 13 urte bete nituen arte asko joaten nintzen Arano aldera; oporretan, asteburu pasa... Familia arteko batzuek, etxe bat zuten han eta utzi egiten ziguten. Gogoan dut, lehengusu artean aritzen nintzela, egiten genituen mendi bueltak, herrian ospatzen ziren inauteriak eta horrelakoak.

Zein oroitzapen mota datorkizu, abestia entzuten duzun aldiro?
Entzun baino gehiago, nik abestia argitaratu dut eta egia esan, nire burua gutxi entzuten dut. Baina hala ere, abestia sortzerako orduan ekarri dizkidaten oroitzapen eta sentimenduez oroitzen naiz. Gogorarazi dudan giroak eman nau kantua idaztera azkenean, kantua entzutean, momentu horietara garraiatzen naiz. Nagusiki, sentipenen, inpresioen oroitzapenak eta guzti horren artekoa adierazi nahi da, abestian.


 
Zein esango zenuke dela abestiaren ideia nagusia? Zerk inspiratu zintuen?
Ez nuke esango ideia nagusirik duenik, ideia bat da eta gero, nire idazteko  modua edo kantuak egiteko moduagatik, pixka bat abstraktua izatea gustatzen zait. Mundu psikologiko batean zentratzen naiz: oroitzapenak, sentipenak eta abar. 


Azkenean, ez nago zerbait zehatzaren inguruan hitz egiten konkretuki, baina erreferentzia batzuk aipatzen ditut. Adibidez, zazpi jauziak aipatzean, Euskal dantzei erreferentzia egiten diet. 


Abestiaren bidez, gaurkotasuna eta antzinakoaren batasuna azaldu nahi izan dut, hau da, biak bat izatearen ideia hori. Azken finean, denboraren kontua abstraktua da eta bi pausotan aurki ditzakegu, historiaurreak utzitako testigantza horiek.

Kantuan zehar, denboran atzera egiten duzu. Pandemiak eragina izan du horretan?
Denak du bere eragina, bizitzen duzun guztiak. Baina, konkretuki nire kasuan eta kantu honekiko, ezetz esango nuke. Paraleloki dioan kantua da, lehenagotik hartutako ideia baita. Hartutako hari bati tiraka ari nintzen kantua idazten nuen bitartean. Egia esan, pandemiak eragin gutxi eduki du nigan, izan ere, nahiko ohituta nago etxean lan egiten eta niretzat ez da hainbesterainoko aldaketa izan.

«Grabatzeko bidean ditudan kantu batzuk noiz argitaratu zalantzak ditut, pandemiaren ondorioz»

Zer sentitzen da, abesti berri bat ateratzen duzun bakoitzean? 
Abesti berri bat ateratzen dudan bakoitzean, zalantzak edukitzen ditut ea publikoari abestia gustatuko zaion ala ez. Azken batean, kantu bat ateratzen baldin baduzu, nolabait oihartzuna izatea nahi duzu, hau da, jendeak partekatzea eta haien bihotzetara iritsi ahal izatea. Nik abestia atera ostean, nire buruari galdetzen diot, ea jakingo nuen publikoarekin konektatzen, niretzat oso garrantzitsua baita hau.

Euskera hutsean egiten dituzu kantuak, hizkuntzari garrantzia handia ematen diozu?
Euskara nire ama hizkuntza da eta nik ez dut bestelakorik planteatzen nire kantagintzan, inola ere. Batez ere, naturala delako niretzako euskaraz mintzatzea eta gure hizkuntza nazionala delako. Gure herria, indoeuroparren aurreko herri baten ondarea da, eta zaindu egin behar dugun altxorra. Nagusiki niretzat naturalena da euskaraz adieraztea eta horregatik idazten ditudan abesti guztiak, euskara hutsean eginak daude.

Kontzertu gutxi egiten ari dira, neurri murriztaileak direla eta. Baina hala ere, kontzerturen bat aurreikusita al duzu ala jada hitzartuta? 
Joan zen urtean, bertan behera utzi behar izan nituen kontzertuak,  aurten berreskuratze aldeko mugimendu batzuk hasi dira. Baina hala ere, ziurtasun eza dago oraindik, egoera hau egonkortu eta normaltasunera bideari ekin arte. 


Azken finean, egoera honi buelta eman behar diogu, gauzak lasaiago egiteko eta momentuz, zalantza dago kontzertuei dagokienez. Mugimenduak hasi dira eta baiezkoren bat eman dudan arren, udaratik aurrera, oraindik ez dago argi. Denborarekin ikusiko da zer gertatzen den.

«Hartutako hari bati tiraka ari nintzen kantua idazten nuen bitartean»

Etorkizunean zein abesti mota edo material argitaratzea gustatuko litzaizuke? Baten bat idatzia duzu jada?
Askotan zer gustatu edo egin nahi duzuna aurrera eramatea zaila da. Azkenean, bakoitzak  ahal duena egiten du eta bakoitzak dituen baliabideen arabera, lantzen ditu proiektuak. 


Niri gustatuko litzaidakeena, nire kantuak egiten jarraitzea da, ditudan baliabideak erabiltzen jarraituz. Bestela ere, grabatzeko bidean ditudan kantu batzuk noiz argitaratu zalantzak ditut, pandemiaren ondorioz.


Hortaz, ikusi egin beharko da, ea aurten argitaratu edo hurrengo urterako utzi beharko ditudan.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!