Osiñagako istripuaren urteurrena

«Une benetan gogorrak, ordu luzeak eta tentsio haundikoak izan ziren egun horretan bizitakoak»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 6a, 00:00

Amaia Otegi, Izaskun Otegi eta Maria Jesus Anzizar Loidi parean. Atzean Urumea ibaia eta kotxea hondoratu eta bilatu zuten lekua ikusten da.

Loidi etxeko Maria Jesus Anzizarri larrialdietako merezimenduaren domina eman diote, eta bi alabekin egun latz hura nola izan zen gogoratu du.

Orain urtebete Hernani asaldatu zuen ezbehar lazgarria gertatu zen. Kotxe bat Urumea ibaira erori zen eta bi gizon eta emakume bat hil ziren istripuan. Bost pertsona zihoazen kotxean eta bik lortu zuten irtetea. Loidi etxearen inguruan gertatu zen istripua eta han bildu ziren guztiek eskertu zuten etxekoen harrera ona eta emandako tratua egoera zail haren aurrean.

Urtarrilean iritsi zitzaien Loidi baserrikoei errekonozimendu ofiziala. Maria Jesus Anzizarri larrialdietako merezimenduaren domina eman zioten 2020an babes zibilaren arloan egindako lanagatik. 2020ko martxoaren 7an eta 8an, Maria Jesus Anzizarrek bere baserrian (Loidi) hartu zituen, modu solidarioan eta desinteresatuan, istripua jasan zutenak, hauen lagunak, familiakoak eta lanean aritu ziren guztiak.

Kronika Maria Jesus Anzizarrekin eta Amaia eta Izaskun Otegi alabekin elkartu da urteurrena bete denean. Egun gogor hura nola bizi izan zuten azaltzeko eta errekonozimendua nola jaso duten ezagutzeko:  «ez genuen espero domina jasotzea. Abenduan deitu zuten kasu desberdinak aztertu ondoren izendatuak izango ginela esateko. Gero urtarrilean aukeratuak izan ginela esan ziguten eta etxeko ordezkari bezala ama aukeratu zuten», dio Amaiak. Diploma eta domina eman zieten Loidi baserrikoei.

Honelako sariak esker onez hartzen dira, baina dioten bezala «inoiz ez jasotzea hobe», gertatu zen ezbeharraren ondorioz etorri baitzen errekonozimendua. Eragile desberdinek lagundu zuten sari hori jasotzeko garaian: «Udalak bultzatu zuen, Gorka Landaburu kazetariak ere eskatu zuen... Lan haundia egin genuela aldarrikatu zuten. Denborarekin konturatu gara egin genuen lan guztiaz. Momentu horretan prest agertzen zara, baina ez zara pentsatzen jartzen. Barrutik irteten zaizu».

 

«26 ordu oso gogorrak izan ziren»

Larunbatean, matxoaren 7an gertatu zen istripua. 23:30ak aldera. «Gaueko 9ak inguruan atera zuten kotxea uretatik eta dena amaitzerako gaueko ordu bata izango zen. Luze egin zen, ordu gogorrak izan ziren eta tentsio haundikoak. Momentu horretan ez zara konturatzen eta datozen bezala jardunean aritzen zara», dio Amaia Otegik. 

Amaia eta Izaskun ahizpak Azpeitian zeuden afari batean eta «deia jaso genuen esanez kotxe bat erori zela ibaira. Afaria amaitu eta berehala bueltatu ginen etxera. Gertaera guztiarekin aurkitu ginen aurrez aurre. Etxera sartu ginenerako jendea etxe barruan zegoen eta ama kafeak egiten».

Koordinatzaileak ordurako dena antolatzen ari ziren eta ibaiaren ezaugarriak galdetu zituzten. «Sakontasun haundiena non zegoen galdetu ziguten eta beraien aginduetara jarri ginen edozer zalantza argitzeko, ibaiaren ezaugarriei buruz edo dena delakoari buruz».

Mugimendu haundia sortu zen ezbeharra gertatu eta berehala. Sagardotegietatik jendea atzera-aurrera zebilen eta nahasmen haundia zegoen: «istripua ikusi zutenek eman zuten abisua eta segituan etorri ziren ertzainak, udaltzaingoak, suhiltzaileak, Gu­­­ru­tze Gorria...», gogoratzen du Ma­ria Jesus Anzizarrek.

 

«Ertzain batek bere bizia arriskuan jarri zuen Javi ibaitik ateratzeko»

Eguraldiaren eragina ezbeharraren ondorioetan nabaria izan zela, diote Loidi etxekoek; «aste osoan zehar euri asko egin zuen,  larunbata goizean ere bai eta nahiz eta gauerako euria geratu, ibaiak indar haundia eta altuera haundia zuen». Txomin Peña bizirik irten zen errepidearen aldera. Javier Clemente, aldiz, 45 minutu geroago erreskatatu zuten hipotermia larriarekin eta 32 graduko gorputz-tenperaturarekin. «Ibaiaren beste aldean adar bati helduta geratu zen. Beste aldetik ikusi zuen ertzain batek eta bi aldiz pentsatu gabe gainean zeramana kendu eta bere bila abiatu zen ibaira sokarik gabe. Arrisku haundia hartu zuen ikusirik urak zeraman indarra. Hala ere, ondo atera zitzaion erreskatea. Poligonoaren aldetik atera zituzten sokekin lagunduta».

Dena itxi zutela eta salbamendu-ekipamendu guztiak jarri zirela lanean diote Maria Jesusek, Amaiak eta Izaskunek. «Uretako motoak gora eta behera hasi ziren kotxearen bila. Foku haundi bat jarri zuten eta barra batzuekin hasi ziren lanean kotxea bilatu nahirik. Ordu t'erdi, bi ordu aritu ziren bilaketa lanetan gauez. Motorren turbinek zikina hartzen zuten urak zeraman zikinkeriaren ondorioz eta motorrak behin eta berriz gelditzen ziren».

Azkenean goizeko laurak aldera geratu zituzten gaueko bilaketa lanak. «Laguntza eskatu zuten, helikopteroa, lurrekoa, uretakoa... Baina argitzen zuenean jarraitzeko asmotan. Ilunpean gutxi ikusten zen eta arrisku haundia zegoen. Lan ikaragarria egin zuten denek. Bizirik irten ziren biak hartatu eta ospitalera eraman zituzten, baina Javik alta boluntarioa hartu eta berriz itzuli zen nola atera zen azalduz. Atzeko eserlekuetan, alboetako biak atera ziren bizirik; alboz irekitzen diren ateak zituen eta horri eskerrak seguruenik. Ura lepoan zuela, larri irten zen Txomin».

 

«Beraien artean babestu ziren senitarteko eta lagunak»

Gaueko isiltasunak eta argiztatzeko transformadoreak ateratzen zuen soinuak inpresioa eta zirrara sortzen omen zuen; «gero alta hartu eta Javi  hurbildu zeneko momentua, jakinda emaztea bertan zegoela ere oso gogorra izan zen. Goizeko bederatzietan etorri zen. Kotxea arratsaldeko zazpiak aldera bilatu zutenean eta hiruren gorpuak bertan zeudela jakin zenean joan zen».

Han, Loidi baserriaren atariko beheko gelan egon ziren, egun osoan geldirik, desagertuen senideak, lagunekin batera, eta larrialdi-zerbitzuek uneoro jasotako arreta eskertu zuten. «Mahai luze batean eta sofan egon ziren, lo kuluxkak egiten zituzten, beste batzuk ezin egonarekin sartu atera ibiltzen ziren.... Lasaitasuna nahi zuten eta beraien artean babesten ziren. Ertzaintzaren koordinatzaileak esan zigun kanpoaldean jarriko zutela karpa moduko bat jendea bertan egoteko, baina etxean hartuko genituela esan genien, ez ekartzeko. Lekua bazegoen eta bertan lasai egoteko esan genien senitarteko eta lagunei». Psikologoak ere etorri ziren laguntzeko.

 

«Ur emaria haundia zen eta etxe parean metro askotako sakontasuna du errioak»

Zorigaiztoko gertaera izan zen eta zortea ere ez zuten alde izan Loidiko etxekoen esanetan: «ur karga haundia zeraman ibaiak eta aste horretan euririk ez balu egin istripua ez litzateke horren larria izango. Ur emaria normalean ez da hain haundia izaten erori ziren lekuan eta seguru asko bertan geratuko litzateke kotxea hondoratu gabe. Baina uraren egoera horretan beherantz etorri zen eta etxe parera iristean hondoratu egin zen. Ordura arte poliki-poliki joan zen hondoratzen, baina egin zituen 200-300 metro kotxea ikusten zela».

Loidikoek ongi ezagutzen dute Urumearen emaria inguru horietan. «Kotxea erori zen lekutik ia etxe parera arte ez dago sakontasun haundirik, baina justu leku horretan zulo haundia dago eta metro asko egiten du beherantz, udaran bost metro. Gainera kontuan hartuta zegoen ur emaria, sakontasun haundiagoa zegoen kotxea desagertu zen lekuan, egun horretan sakonera oso haundia zuen. Kotxea bertan bilatu zuten, zuloa hasten den leku horretan. Javi adarrari helduta gelditu zen leku berean. Azpian zegoen kotxea eta pentsa zenbat ordu behar izan zuten aurkitzeko. Azkenean iman batekin lortu zuten aurkitzea eta grua berezi bat behar izan zuten ateratzeko». Ehun metro aurrerago urak berriz ere sakontasun gutxi du, baina ez inguru horretan.

 

«Momentu batean urpekari bat desagertu zen»

Tentsio haundiko uneak bizi izan zituzten ordu askotan. «Momentu batean urpekari bat ere desagertu zen. Zurrunbilo indartsuak sortzen dira korrontearekin, arriskutsuak eta horrek bilaketa asko zailtzen du. Halako batean salbamenduko lan talde guztia urduri zegoela nabaritu genuen. Urpekari bat desagertu zen eta tentsioa nabaria zen. Halako batean azaldu zen Hernani aldetik. Zurrunbilo batean ezin atera geratu zen eta bere burua korrontearen menpe utzi zuen, eta horrela lortu zuen irtetea eta beherantz joatea arriskutik urrunduz».

Larrialdi zerbitzu guztien lana goraipatzen dute Amaiak, Izaskunek eta Maria Jesusek. «Lan ikaragarria egin zuten. Asko kostatu zitzaien kotxea aurkitzea. Kotxea urak beherantz eraman zuela pentsatzen zuten», baina «nik ezetz esan nien», dio Maria Jesusek. Ibaian behera joan balitz ikusiko litzatekeela diote. «Goizeko taldearen ertzain buruari ibaiak zer egiten zuen azaldu genion. Kotxea aurrera ez zela pasa esan genion, baina noski non zegoen ere ez genekien».

Lantxekin eta metalezko barrekin aritu ziren bilaketan: «Azkenean topatu zuten, egun osoan zehar leku beretik milaka aldiz pasa eta gero. Altuera haundia zegoen eta zailtasun ikaragarria. Abiadura bizi-bizian ura, urazpian korronteak eta zurrunbiloak... dena zegoen aurka. Lotzeko gaizki zegoen eta motoetan ibili zirenak izugarrizko lana egin zuten. Arrisku haundiko momentuak egon ziren. Motoek eta lantxek topera azeleratu behar izaten zuten zurrunbiloetatik ateratzeko».

«Konponbidea eman behar zaio errepideari»

«Semaforo bat jarri da, baina desagertu egin da eta orain ez dago», diote Loidi etxekoek.

Loidi eta istripua gertatu zen lekua lotzen dituen errepidean soluzioak eskatu dira. Gipuzkoako Batzar Nagusietako PPk Osiñaga eta Elorrabi lotzen dituen errepidean berehala esku hartzeko eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, «arriskutsua delako. Bidea hain da estua, non, bi auto aurrez aurre topatzen badira, ertzera gehiegi hurbiltzera behartzen baititu, biak igaro ahal izateko. Oso arriskutsua da, errepidea ibaiaren ondoan eta paraleloan doalako, eta horrek arriskua areagotzen du».

Otegi Anzizar sendia ere iritzi berekoa da: «gaitzerdi ez dela istripu gehiago gelditu. Autobusak eta guzti pasatzen dira eta askotan bidetik ateratzen dira parez pare kotxeren bat badator. Jendez beteta egoten dira eta arriskua badago. Beste istripurik, oraindik eta larriagoa izan daitekeena, ez da gertatu zorionez».

Hori gertatu eta berehala semaforo bat jarri zuten, baina «lapurtu ere egin dute, eta azkenean kendu egin dute. COVID19-aren eraginez jende gutxiago ibili da eta ez da mugimendu askoko urtea izan. Piboteak ere jarri dituzte eta batzuk dagoeneko puskatuta daude kotxeen  baztertzeko maniobren ondorioz. Ikerketa bat egin da babesa eta semaforo detektagailu bat jartzeko. Altuera haundia dago».

Izaskun Otegik dio ikerketa desberdinak egin direla urteetan zehar, baina bakarra ere ez dela gauzatu. «Eziago Poligonotik ibaia gurutzatzen zu bat egitea ere aztertu zen».

Errepidearen eskuduntza Foru Aldundiak du, baina «Ibaia alboan dagoenez Ura ur agentziaren eskuduntza ere bada». 

Lanak ere egin dira. «Gune batean zabaldu zen errepidea, baina kotxea erori zen lekuan amildegia dago errepidearen ondo ondoan». Oinezko, ibilgailu eta bizikleta asko pasatzen da bertatik eta gehiago sagardotegi garaian. «Konponbidea ez da erraza, baina zerbait egin behar dela argi dago». Horretarako instituzio desberdinak eta agintariek gaia mahai gainean jarri behar dute eta akordio batera iritsi.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!