PSE-EE

«Lortu dugu! Correoseko posta bulegoak arratsaldez ere irekiko du»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 5a, 00:00

PSE-EEk mozioa aurkeztu zuen urtarrileko osoko bilkuran, Correos arratsaldez irekita egoteko; eta, aho batez onartuta, martxoaren 15etik aurrera bulegoko ordutegia luzatuko da. 

Udal talde sozialista «pozik» agertu da, urtarrileko Udaleko osoko bilkuran mozio bat aurkeztu ondoren, aurrerantzean Correoseko posta bulegoak arratsaldez ere irekiko duelako. Martxoaren 15etik aurrera, bulegoa arratsaldetan ere  irekita egongo da, 16:30etatik 20:00etara bitartean. Hauxe izango da ordutegia: goizetan, 08:30etatik 14:30etara eta arratsaldetan, 16:30etatik 20:00etara. 

Ricardo Crespo alderdiko bozeramaileak aitortu du irekiera hori ez zela posible izango «herritarren presiorik gabe, arazoaren berri eman duten komunikabideetan oihartzuna izan gabe eta Hernaniko posta bulegoaren babesik gabe». Adierazi dute, Hernaniko posta bulegoak «aspalditik» eskatzen zuela ordutegia luzatu behar zela, «bertako langileak lanez gainezka baitzeuden, eta, gainera, hernaniar askok ezin zituztelako beraien kudeaketak egin eta, ondorioz, Donostiara joan behar izaten zuten». 

Larunbat goizetan, itxita jarraituko du bulegoak
PSE-EEk helarazi du urtarrileko osoko bilkuran alderdi politiko guztiek aho batez babestu zuten erabakiaren baitan, adostu zela bulegoa larunbat goizetan ere irekiko zela. Horren harira, zehaztu dute «oraingoz» ez dela aintzat hartu aldarrikapen hori.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!