Bilkide izateko deia, EH Bilduren etorkizunean «indarrez eragiteko»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 4a, 00:00

Hernaniko Bilgunea irekita izango du EH Bilduk, martxoko ostiraletan, goizez 11:00-13:00 eta arratsaldez 17:00-19:00 ordutegian.

«10 urteko ibilbide oparoa» egin du EH Bilduk, eta orain, «etorkizuneko norabidea» erabakitzeko lanetan ari da, urtarriletik ma­iatzera burutuko duen II. Kongresuan: «sentsibilitate anitzeko jendea batu da proiektura urte hauetan; eta etorkizunean ere, proiektu politikoa errotzeko eta jende gehiagorengana zabaltzeko asmoa dugu. Kongresuan, urteotako ibilbidearen balantzea egin, eta ponentzia politikoak eta organizatiboak aurkezten ari gara militanteei, telematikoki nagusiki», azaldu dute. 

Izan ere, nabarmendu dute «parte-hartzea» bultzatu nahi dutela, EH Bilduren etorkizuna markatuko duten ponentzietan. «Eta horretarako, funtsezkoa da proiektu politiko honen inguruan batzen diren herritarrek iritzia eman eta erabakitzeko gaitasuna izatea».

Horregatik, herritarrei eskatu die «aurrerapauso bat» eman dezatela, eta gonbitea luzatu die, militante edo boto emaile izatetik, bilkide izatera pasatzeko, «horrela EH Bildu sendoagoa izango baita», diotenez.

Zentzu horretan, nabarmendu dute, «Hernanin, bereziki, indar haundia» daukala proiektuak. Eta horregatik, bilkide egiteko deia luzatu diete herritarrei, «EH Bilduren etorkizunean Hernanitik indarrez eragiteko. Ezinbestekoa da kolektibo antolatua eta inplikatua izatea, Her­nanitik Euskal Herriko etorki­zu­na erabakitzeko benetako era­­ginkortasuna izateko».

Martxoko ostiraletan zabalik, Andre Kaleko Bilgunea
Bilkide egin nahi dutenei lanak errazteko, Andre Kaleko Bilgunea zabalik egongo da martxoko ostiraletan, bihar hasita, hilaren 19an izan ezik, jaieguna de­lako. Bertan, galderak egin eta zalantzak argitzeko aukera izango dute herritarrek, eta bilkide egiten lagunduko diete bertaratuei. Goizez zein arratsaldez egongo da irekita, 11:00etatik 13:00etara, eta 17:00etatik 19:00etara.

Bilkide izateko laguntza eskaintzeaz gainera, II. Kongresu horretan eztabaidatzen ari diren txostenak ere eskuratu ahal izango dituzte herritarrek, pa­pe­rean. EH Bilduren norabide politikoa ezarriko dute txosten horiek. Era berean, EH Bilduk gogorarazi du ponentzia horiei buruzko zuzenketak egiteko, eta martxoaren 14tik 31ra arte dago epea. Zuzenketak aurkezteko interesa dutenei, Bilgunean bertan azalduko diete nola egin. Horretarako, hori bai, bilkide izan beharra dago.

Hortaz, EH Bilduren etorkizunean eragin eta bilkide egin nahi dutenei, Andre Kaleko Bilgunera hurbiltzeko deia luzatu diete, bihar bertan edota martxoaren 12an eta 26an.

Afiliazio kanpainari buruzko informazio gehiago dago eskura, ehbildu.eus web orrian.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!