'Onin' disko berria argitaratu du Ainara Ortega Barrenetxeak

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 4a, 00:00

Ainara Ortega, Lesakan kantari, 'Onin' abestiaren bideoklipeko irudi batean.

Bere bigarren lana kaleratu du abeslari hernaniarrak, eta salgai egongo da, herriko taberna batzuetan.

Laster kaleratuko du bere bigarren diskoa, Ainara Ortega Barre­netxea abeslari hernaniarrak: Onin. Eta aurrerapen gisa, bideoklipa jarri du ikusgai, bere YouTubeko kanalean eta ainaraortega.com webgunean. Kronikaren web orrian (kronika.eus) ere aurkitu daiteke. Diskoaren izen bereko abestia da, bideoklipean entzun daitekeena. 

Abeslariak aurreratu duenez, bere web orrian bertan erosi ahal izango da diskoa, euskarri fisikoan zein deskargatzeko. Izan ere, toki gutxi batzuetan bakarrik egongo da salgai, kalean: Hernaniko taberna batzuetan, eta baita Lesakan ere.

Joan den uztailean bukatu zuten diskoaren grabaketa, eta horretan hartu zuten parte, beste hainbat hernaniarrek ere: Joaquin Ortega Canario aitak, Joana Ortega ahizpak, Sebi Ustarrozek... Eta zenbait lesakar ere izan dira tartean. Izan ere, Lesakako zubi gaineko dantzak eta hango festetako doinuek inspiratu dute abeslari hernaniarra, diskoa sortzeko. Gainera, lesakarrez ere aritu da kantuan, besteak beste.

Onin abestiaren bideoklipa bera, Lesakan grabatu du Ainara Ortegak, eta zubi gainean dantzan ere ageri da, irudietan. Lander Arriola Agirretxe zenari eskaini dio.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!