'Bizi elkartasun internazionalista' jardunaldiak, ekainaren 11tik 13ra

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 3a, 00:00
Askapenako kideak, joan den ostegunean Tilosetan, ekaineko jardunaldien aurkezpenean.

Hiru eguneko egitaraua osatuko du Askapenak: «garai bereziki zailak bizi ditugu, zapalkuntzarik gabeko mundu berri bat eraiki nahi dugunok».

Oraindik hiru hilabete falta badira ere, hiru eguneko jardunaldiak iragarri ditu Askapenak, ekainaren 11tik 13ra Hernanin: Bizi elkartasun internazionalis­ta. Tilosetan aurkeztu zuten ekimena, joan den ostegunean: «beti hala izan bada ere, garai bereziki zailak bizi ditugu, zapalkuntzarik gabeko mundu berri bat eraiki nahi dugunok; jendearen arteko harremanak gidatuko dituen oinarrizko printzipio etikoa elkartasuna izango den mundua nahi dugunok. Eta horretaz guztiaz hausnartzeko, antolatu ditugu jardunaldiak».

Izan ere, diote Covid-19ari aurre egiteko aplikatutako politikek, ekarri dutela «kapitalismo heteropatriarkalari lotutako sintoma guztiak biderkatzea eta bizkortzea. Beldurra giza harremanen zirrikitu guztietan zabaltzen da. Mundua gelditu dela sinestarazi nahi digute, eta harekin batera guk ere gelditu behar dugula, langile klasearen aurkako mundu mailako erasorik haundiena gertatzen ari den bitartean», salatu dute.

Horren aurrean, diote ezin dutela amore eman, eta aurre­ra egiteko «determinazio osoa» dutela: «argi daukagu internazionalismotik gure herria eta munduko gainerako herriak akatzeko borrokan jarraitu behar dugula. Ofentsiba kapitalista betean, inoiz baino beharrezkoagoa da ezarritako botereari hainbeste min ematen dioten harreman horiek elikatzen jarraitzea. Borroka horiek eskainitako irakaskuntzekin, ezinbestekoa da gure herri eta auzoetan egiten ditugun borroka zehatzak indartzea; baina, batez ere, internazionalismoaren oinarrien inguruan heztea. Izan ere, praktika politiko internazionalistak, elkarta­su­na­ren eta elkarrekiko ikaskun­tza­ren bidez, joan-etorrian, askapen sozial eta nazionaleko prozesuak indartzea eta amaitzea bilatzen du, gure herritik hasita». Horregatik, jardunaldietan parte hartzeko gonbitea luzatu dute: «Euskal Herri sozialista eta feminista baten eraikuntzarako, internazionalismoa giltzarri dela sinetsita gaude». Informazio gehiago, askapena.eus webgunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!