Norberetik hasita, zaintzak erdigunera ekartzeko saioa gaur

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 2a, 00:00

Tratu Onen Foroa egingo dute Biterin, 17:30etan hasita. Parte hartzeko, aldez aurretik eman behar da izena, emailez.

Tratu Onen Foroa antolatu dute gaur arratsalderako, Biterin, Hernaniko Udalak, Arremanitz kooperatibak eta Berdintasun Kontseiluak. Sukalde gelan izango da, 17:30etan hasita; eta parte hartzeko, aldez aurretik eman behar da izena, emailez idatzita, hernanitoherri@gmail.com helbi­de elektronikora.

Oraingoan, zaintzaren gaia jarriko dute mahai gainean: Eta ni? Zaintzak erdigunera, norberarena ere bai. «Ondo egotea batere erraza ez den garaietan bizi gara, baita baldintza duin samarrak izanda ere. Pandemia garaia baino lehenago ere, gutako askok emozioen kudeaketan trebatzen jarraitzeko beharra bagenuen. Izan ere, zer sentitzen ari garen jakitea konplexua izan daiteke. Eta batzuetan, emozio horri nola erantzun jakiteko galdu xamar aurkitzen gara, nondik hasi jakin gabe», diote.

Horregatik, gaurko foroan pro­posatu nahi dute abiapuntu bat, «inspiratzeko edota kokatzeko lagungarri izan daitekeena. Gure beharrei arreta jartzen laguntzeko tresna bat sortu dugu, eta horrekin esperimentatzeaz gain, elkarrekin pentsatu eta elkar entzunez ikasteko aukera aproposa izan daiteke». Izan ere, «elkar zaintzearen garrantzia» azpimarratu dute; eta  horretarako, komeni dela pre­sente izatea «norberak zein be­har dituen».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!