Dantza garaikidea zabaltzeko, egitasmo berezia martxan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 2a, 00:00
Chillida Lekuko, Hernaniko Udaleko eta DAGAZ proiektuko ordezkariak, atzo.

DAGAZ proiektuaren baitan, saioak egingo dituzte larunbatero, Biterin edo Chillida Lekun. Izenematea zabalik, dantzari zein ikusleentzat.

Dantza garaikideari bultzada emateko, DAGAZ proiektua jarri dute martxan, Euskal Herriko hainbat herritara zabaldu dena. Eta herri horietako bat izango da Hernani. Atzo aurkeztu zuten ekimena, Biterin, DAGAZeko Fernando Saenz de Ugartek eta Elene Carretok, Koro Etxeberria Kultura zinegotziak, Nagore Irastorza Kultura teknikariak, eta Chi­llida Lekuko Mireia Massaguék eta Nausica Sánchezek.

Izan ere, guztien arteko el­karlana izango du oinarri, egitasmoak. Aste honetan bertan hasita, dantza garaikideko sa­io­ak egingo dituzte larunbatero, goizeko 11:00etatik 12:30etara, Biterin edo Chillida Lekun. Ekainera arte luzatuko dira saio horiek, eta herriko koreografoek, Elena Carretok berak zein gonbidatutako beste koreografo batzuek gidatuko dituzte.

Saio horietarako, talde bat osatuko dute, izena ematen dutenekin, printzipioz 10 lagunera mugatuta dagoena. Baina saioetako batzuk, bereziak izango dira, herritar guztiei irekiak, eta horietan parte hartzeko aukera izango du, nahi duenak. Erakustaldiak ere egingo dituzte tarteka, saioetan ikasitakoarekin.

Edonola ere, dantzari bezala bakarrik ez, ikusle bezala ere parte hartu dezakete herrita­rrek, dantza emanaldietara jo­an, sortzaileekin denbora parte­katu, hitz egin eta iruzkinak eginez. Hortaz, inplikazio maila izango da norberak nahi duena.

Prezioak, parte hartzeko moduaren araberakoak

Modu batera edo bestera parte hartu nahi dutenek, edo interesa dutenek, dagaz@dantzaz.eus helbide elektronikora idatzi be­har dute. Asteroko saioetan parte hartu nahi dutenentzat, 30 eurokoa da prezioa, eta izenemate ordenaren arabera osatuko dute zerrenda. Gainerakoekin, itxaron zerrenda osatuko dute, plazarik libre geratuko balitz, edo talde berriren bat sortu. Noizbehinkako saio berezien kasuan, 8 eurokoa izango da saio bakoitzeko prezioa, eta laster jakinaraziko dute, noiz izango diren. Eta publiko berezi bezala parte hartzeko, emanaldiaren araberakoa izango da prezioa.

Koro Etxeberriak eta Nagore Irastorzak nabarmendu zuten, indarra hartzen ari dela dantza garaikidea, eta horretarako oso garrantzitsua dela mota honetako harremanak sustatzea. Publikoak partehartze aktiboa izatea ere, «oso interesgarria» dela uste dute. Eta era berean, diote «balio erantsia eta ikaragarrizko aberastasuna» emango diola egitasmoari, saio batzuk Chillida Lekun egiteak.

Horren harira, museoak eta dantzak «harreman naturala» daukatela azpimarratu zuen Mireia Massaguék, eta gustura hartzen dituztela bertan, diziplina ezberdinak. Eta ildo beretik, dantza emanaldiak ez ezik prozesua bera Chillida Lekun garatzea «oso aberasgarria» izango dela adierazi zuen Nausica Sánchezek.

DAGAZ (dantza garaikidearen zaleak hitzen laburdura) proiektuaren helburuaren berri eman zuen Fernando Saenz de Ugartek: «herrietan zabaldu nahi dugu dantza garaikidea, dantzaren praktikan zein ikusleetan eraginez. Praktikatu nahi dutenei, aukera eman nahi diegu, asteroko saioak egin, koreografo bat ezagutu... Eta saio batzuk irekiak izango dira, publikoak saio horietaz gozatzeko». Era berean, azaldu zuen «dantza mugimendu ikaragarria» dagoela Hernanin, baina ez direla dantza saio asko programatzen, «publikorik ez dagoelako.  Saio irekien bitartez, lortu nahi dugu antolatuko ditugun emanaldietan sarrerak agortzea», adierazi zuen.

Elene Carretok, azkenik, nabarmendu zuen edonorentzako irekita daudela ateak, betiere 16 urtetik gorakoa izanda: «maila, adin eta estilo desberdinetako dantzarientzat dago tokia, eta horrek xarma berezia emango dio. Espazioa, elkarren arteko harremanak eta erritmoa landuko ditugu. Eta eguraldi ona denean, Chillida Lekun egingo ditugun saioek, berezitasuna emango diote ikastaroari».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!