Herri kirolak

Jokin Urretabizkaia 'Basozabal' eta Suharri Rodriguez 'Paolla' final haundira sailkatu dira

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 2a, 00:00
Suharri Rodriguez, Jokin Urretabizkaia, Iban Resano, Joxean Etxeberria, 'Elorriaga II' eta Xabier Zaldua.

Binakako Urrezko Aizkolarien finala martxoaren 14an jokatuko da Azpeitian, Izarraitz frontoian, eta Mallabiako finalerdian Zaldua-'Elorriaga II' eta Etxeberria-Resano gainditu zituzten.

Suharri Rodriguez Paolla eta Jokin Urretabizkaia Basozabal Binakako Urrezko Aizkolarien finalera sailkatu dira. Aizkoran dagoen binakako txapelketarik garrantzitsuena eta entzutetsuena da eta Hernanin, Polipasoren garaitik, ez zen bertako aizkolaririk hain urrutira iritsi. Suharri, hernaniarra da eta Basozabal donostiarra.

Finala martxoaren 14an jokatuko da Azpeitiko Izarraitz frontoian eta bikote hernaniar-donostiarrarekin batera ariko dira Goizeder Belza-Hodei Ezpeleta eta Ibai Soroa-Txomin Amundarain bikoteak. 

Orain arte txapelketa ezin hobea osatu dute Suharri eta Basozabalek eta finalean ginga jarri nahi diote beraien lan onari. Ez da erraza izango, baina hautagai nagusiak direla esan daiteke. 

Aurtengo finala oso gaztea izango da eta sei finalistak etorkizuneko aizkolariak dira. Aurten lehen mailako aizkolariek ez dute parte hartu eta izen berriak ikusteko aukera dago.

Onenak hiru lanetan, baina oso finalerdi estua izan zen

Finalerako txartela Mallabian eskuratu zuten azken sailkatuek eta Xabier Zaldua-Julen Aranberri Elorriaga II eta Joxean Etxeberria-Iban Resano bikoteak gainditu zituzten. Etxeberriak, Lopez Azpilikueta ordezkatu zuen azken honen lesio bat medio.

Finalerdiko hiru lanetan onenak izan ziren Suharri eta Urretabizkaia, baina oso alde txikiagatik gainditu zituzten Zaldua eta Elorriaga II.a hiru lan horietan. Emozio haundiko finalerdia izan zen. Etxeberria-Resano bikotea maila apalagoan ibili zen denbora guztian.

Finalerako txartela azken lan luzean erabaki zen. Ordura arte bi bikote nagusien artean lau segunduko aldea bakarrik zegoen, Suharri eta Basozabalen alde. Azken lan luzean sei 60 ontzako ebaki behar zituzten txanda librean eta oso irekita zegoen lehia. Hemen ere parez pare aritu ziren Zaldua eta Elorriagarekin eta azken enborrera arte ez zen erabaki lehiaketa. Azkenean 19 segundu aurretik moztu zuten seigarren enborra eta guztira 23 segunduko aldearekin irabazi zuen bikote hernaniar-donostiarrak. Beraien azken denbora 20 minutu eta 29 segundukoa izan zen eta Zaldua-Elorriagarena 20:52. Aukerarik gabe Etxeberria eta Resanok 23:20ko denbora behar izan zuten lan guztia amaitzeko. 

Aizkolariak hiru lanetan aritu ziren. Lehendabizikoan, erlojuz kontra, 45 ontzako enbor bat moztu behar zuten. Segundu bakarreko aldea egon zen bi lehenengo sailkatuen artean. Etxeberria eta Resanok 16 segundu galdu zituzten. Bigarren lanean, abiaduran 65 ontzako enborra moztu behar zuten. Hemen hiru segundugatik gailendu ziren Suharri eta Basozabal. Honela iritsi ziren, lehen aipaturiko lau segunduren aldearekin, azken lanera. 

'Urra' ere finalista harrijasotze txapelketan

Mallabian beste finalerdi bat ere jokatu zen, Zortzi Arroako Hiru Harri txapelketa. Bertan, Mikel Lopetegi Urra, Gorka Etxeberriari eta Jon Gisasola Zelai V.ari nagusitu zen. 100 kiloko zilindro kopa, kubikoa eta bola altxa behar zituzten eta guztira 85 jasoaldi eman zituen Urrak. Beraz, finalera sailkatu da  Inhar Urruzuno ondarrutarra eta Beñat Telleria urnietarrarekin batera.  Zelai V.ak 77 altxaldi eman zituen eta Etxeberriak 70. Azkenik, Azkenik, Karmele Gisasolak 6 jasoaldi eman zizkion 100 kiloko zilindro zaharrari bost minutuan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!