Izenematea gaurtik, kiroldegiko ikastaroen hiruhileko berrirako

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 2a, 00:00

Martxoaren 17ra arte eman daiteke izena, apiriletik ekainera bitarteko ikastaroetan. Online egin daiteke, edo aurrez aurre, baina hitzordua hartuta. 

Apiriletik ekainera izango dute hirugarren hiruhilekoa, Hernaniko kiroldegiko ikastaroek. Eta horietan parte hartzeko, gaurtik aurrera eman ahal izango da izena, martxoaren 17ra arte.

Horretarako, bi bide jarri dituzte aukeran. Batetik, internet bidez egin daiteke, ondoko webgunean: web.hernani.eus/kirola. Eta bestetik, aurrez aurre ere izango da egiteko aukera, kiroldegian bertan; baina horretarako, aldez aurretik hartu beharko da hitzordua, 943 55 21 85 telefono zenbakira deituta.

Plaza kopurua baino jende gehiago apuntatzen den ikasta­ro­etan, zozketa egingo dute martxoaren 18an; eta egunean bertan jakinaraziko dute zozketaren emaitza, webgunean eta kiroldegian.­

Aurreko hiruhilekoetan bezala, makina bat ikastaro izango dira aukeran. Uretan izango dira horietako hainbat: adin guz­tietarako igeriketa ikastaroak, aquagym, haurdunentzako saioak, maila ezberdinetako igeriketa saioak... Fitness aretoan egingo dituzte beste hainbat: aerobika, multifitnessa, zunba, pilatesa, ziklo indoorra, korea, hipopresiboak... Eta aurtengo no­bedadea, aire libreko ikasta­ro­ak (Martxan jarri!, Hernanin barrena eta zirkuituak aire librean), aukeran izango dira oraingoan ere. Eskaintza osoa ikusgai dago albiste honen bukaeran, atxikitako dokumentuan.

Larunbatero ikastaro bereziak, datorren astetik aurrera

Beste nobedade bat ere iragarri du kiroldegiak: martxoaren 13an hasi eta ekainera bitarte, ikastaro berezi bat eskainiko dute, parte hartu nahi duten herritar guztientzat. Kiroldegiko bazkideentzat doakoa izango da, eta bazkide ez direnek sarrera ordaindu beharko dute. Hilabete bakoitzaren hasieran emango dute, hurrengo larunbatetako ikastaroen berri; eta astelehenetik ostiralera eman ahal izango da izena, plazak bete arte. Helburua da «herritarrek ikastaro mota ezberdinak ezagutu eta gozatu ahal izatea», kiroldegitik nabarmendu dutenez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!