Hernaniko hiru taldeek ez dute garaipenik lortu, bi partidu berdindu dituzte eta bestea galdu

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 2a, 00:00
Ohorezko taldeak hiru gol sartu arren, ez zuen garaipena lortu.

Ohorezko Mailako taldeak 3-3 berdindu zuen Allerruren aurka, Zubipen, eta futbol zelai berdinean Jubenil Nazional taldea eta Barakaldoren arteko partidua 0-0 amaitu zen. Euskal Ligan 1-0 galdu zuen Hernanik Eibarren.

Ez da espero zen asteburu oparoa izan eta Hernaniko hiru futbol taldeek ez dute garaipenik lortu asteburuan. Partidu bat galdu eta bi berdinketa egin dira eta beste jardunaldi baten zain egon beharko dute zaleek garaipen bat ikusteko.

Larunbata arratsaldean Ohorezko Mailako taldeak 3-3 berdindu zuen, Zubipen, Lezoko Allerruren kontra. Denboraldiko bigarren partidua jokatu zuen talde nagusiak eta ezin izan zuen bigarren garaipena lortu. Hala ere, berdinketa ez da emaitza txarra nahiz eta partidua nola joan zen ikusita esan liteke bi puntuk ihes egin zutela.

Lehenengo zatian ez zen golik izan eta bigarren zatian iritsi ziren partiduko sei golak. Hernani 2-0 aurreratu zen. Allerruko atezaina ez zen oso fin aritu bigarren golean. Manci eta Pello  izan ziren lehenengo bi golak sartu zituztenak. Allerruk lehenengo gola penalti bidez lortu zuen eta bina berdindu zuen korner bat eta gero.

Hernani berriz aurreratu zen markagailuan, 3-2, atezainaren beste akats bat eta gero. Lizaren areaz kanpoko jaurtiketa ezin izan zuen gelditu. Hala ere, minutu gutxiren faltan Lezoko taldeak hiruna berdindu zuen. Alboko sakea egin zuten area barrura eta Hernaniko defentsek ezin izan zuten baloia aldendu.

Lau punturekin goiko postuetan mantentzen da Hernani.  Laugarren dago kokatuta eta partidu bat gutxiago jokatu du.

 

Jubenilek, sei partidu garaipenik gabe

Garaipena lortu gabe dabilena, Jubenil Nazional taldea da. Igandean jokatu zuen Zubipen denboraldiko seigarren partidua eta 0-0 berdindu zuen Barakaldoren aurka.

Ez zen golik ikusi Hernaniren zelaian eta hirugarren berdinketa lortu dute. Orain hiru puntu ditu Hernanik eta zazpigarren postuan dago kokatua sailkapenean, Amorebietarekin berdinduta.

 

Euskal Ligan partidu ona Eibarren, baina 1-0 galdu dute

Euskal Ligako taldeak 1-0 galdu zuen Eibar indartsuaren aurka, Unben. Eibar sailkapeneko bigarren postuan dago eta partidu zaila izango zela bazakiten hernaniarrek. Lehenengo zatian ongi eutsi zioten Eibarren erasoei, baina bigarren zatiko 20garren minutuan aurreratu ziren eibartarrak. Hernanik ezin izan zuen berdindu, nahiz eta partidu ona jokatu. Hala ere helburua, lau aurrenekoetan geratzea da eta lortzeko aukera dute oraindik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!