Kultur Agenda

Argentina eta Euskal Herriko musika uztartuz emango zaio hasiera martxoko kultur agendari

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 2a, 00:00
Bitartean folk taldeak eta Ttarla dantza taldeak, elkarrekin, Denak ez ziren indiano emanaldia eskainiko dute, etzi.

Beteta dator aurtengo martxoko kultur agenda, izan ere diziplina anitzak hartuko ditu baitan. Martxorako prestatu den programazio honekin, herritarrek aukera izango dute estreinaldi, antzerki ziklo eta beste hainbat erakusketa interesgarriz gozatzeko. 

Urteko hirugarren hilabetea hastearekin batera, heldu da martxoko kultur agenda, eta bete-beteta dator; «programazio oparo eta kalitate haundikoa» izango dela jakinarazi dute antolatzaileek. Estreinaldi bat, antzerki zikloa eta erakusketa interesgarri bat izango dira hilabete honetan zehar, besteak beste. 

Hernaniko Bitartean folk taldeak eta Ttarla dantza taldeak elkarrekin osatutako Denak ez ziren indiano ikuskizunaren bigarren emanaldi bat egitea erabaki da, «sarrera guztiak 10 minututan agortu baitira». Hori horrela, bi emanaldi eskainiko dituzte etzi, arratsaldeko 17:00etan eta 19:00etan hasita. Arratsaldeko 17:00etakoa izango da eskainiko den emanaldi berria, eta sarrerak jadanik eskuragai daude. Biteriko leihatilan eros daitezke edo, kultura.hernani.eus webgunean. 

Etzi eskainiko den ikuskizun hau, Argentinako eta Euskal Herriko musika uztartzen dituen lan musikala da eta garai bateko euskaldunek bizitako herrimina eta ondorengoen Euskal Herriarekiko maitasuna ere islatuko ditu. 

Martxoak 13an, antzerkia
 
Hilaren 13rako, Oilar bat dago zure teilatuan antzezlanaz gozatzeko aukera izango dute  lau urtetik gorako txikiek, Biterin. Eguerdiko 12:00etan emango zaio hasiera, eta sarrerak jadanik eskuragai daude, Biterira bertaratuz edo kultura.hernani.eus webgune bidez. Martxoaren 13ko antzerki honetan, oilar bat harrapatuta geratuko da hiri bateko teilatu gainean eta behean bizi den behiak kukurrukuari buruz galdetuko dio, horrela hasiko da istorioa eta umore eta bertsoen bidez jarraituko du aurrera. 

Antzerki zikloa, hiru egunetarako

Hiru eguneko antzerki zikloa antolatu da martxorako; hilaren 23an hasi eta 25ean amaituko da hain justu. Martxoaren 23an, Huts teatroaren Atzerrian lurra garratz eskainiko da arratsaldeko 19:00etan hasita. Zuzendaria Amancay Gaztañaga da, eta aktoreak berriz Ander Lipus eta Paula Penagos. Antzerki honetako protagonista Aurora Mora da, bere instalazioari azken ukituak ematen ari da, bere bizitza betirako aldatuko duen deia jasotzen duenean. «Posible al da gurea ez den lurrean sustraitzea? Posible, aberriaren eta familiaren zama gainean dugula hegaldi propioari ekitea?  Eta gau batean, gure bizitzaren norabidea erabaki beharko bagenu?». Galdera guzti horiek modu batera edo bestera erantzungo dira antzezlan honetan. 

Antzerki zikloko bigarren emanaldia, ¡Ave osos! antzezlana izango da, El Mono Habitado konpainiarena. Arratsaldeko 19:00etan emango zaio hasiera, eta gaztelaniaz eskainiko da. Ronaldo San Marín da zuzendaria eta honakoak dira aktoreak: Begoña Martín, Raùl Camino, Aitor Pèrez eta Javier Liñera. Bikote baten istorioa kontatzen da antzezlan honetan, pareten kolorea erabaki ezinean dabiltza, eta uso bat sartuko zaie sukaldean mezu batekin. Gizarte eredu berrien eta familiaz eta maitasunaz gozatzeko molde berrien inguruan eztabaidatuko dute protagonistek. 

Antzerki zikloarekin amaitzeko, Ez dok ero antzezlana eskainiko  du Tartean Teatroa konpainiak. Jokin Oregik zuzendutako antzezlan hau arratsaldeko 19:00etan hasiko da, eta Patxi Telleria eta Mikel Martìnez dira parte hartuko duten aktoreak. Mikelote eta Pantxo bikote artistikoaren desagerpena iragartzen da antzerki honetan. Izan ere, haien formula komikoa agortuta zegoen eta belaunaldi berriek haien lekua okupatu dute. «Pantxok ondo hartu du behartutako erretiroa. Eszenatokietatik urruntzeko gogoa zuen aspalditik. Mikelotek ordea, ez du bukaera onartu nahi». 

Antzerki zikloko sarrerak, datorren astean jarriko dira salgai, martxoaren 8an hain justu, Biteriko leihatilan, edo online (kultura.hernani.eus).
 
'
41 habitat, Bereziartuak 

Jadanik ikusgai dago Uxue Bereziartua hernaniarraren 41 habitat erakusketa Biterin. Martxoaren 31ra arte egongo da. «Ekosistemaz, mikroklimaz eta  espazioaz» hitz egin nahi izan du Uxuek, erakusketa honetan.  

 

MARTXOKO KULTUR AGENDA

4 Ikuskizuna. Denak ez ziren indiano, 17:00  eta 19:00, Biterin.
13 Antzerkia. Oilar bat dago zure teilatuan, 12:00, Biterin
23 Antzerki zikloa. Atzerrian lurra garratz (Huts teatroa), 19:00, Biterin, 
24 Antzerki zikloa. ¡Ave osos! (El mono Habitado), 19:00, Biterin. Gaztelaniaz. 
25 Antzerki zikloa. Ez dok ero (Tartean Teatroa), 19:00, Biterin.

ERAKUSKETA
1-31 Erakusketa. 41 habitat, Uxue Bereziartua. 

SARRERAK
Martxoaren 8an jarriko dira antzerki zikloko sarrerak salgai.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!