Paco Vilches idazle hernaniarra, editore bila

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 1a, 00:00

Paco Vilches hernaniarra, kaleratu nahi dituen liburuekin.

Lau poesia-liburu idatzi ditu Paco Vilches idazleak eta, orain, horiek kaleratzeko, editore bila dabil. 

Paco Vilches idazle hernaniarrak lau poesia-liburu idatzi ditu, eta horiek argitaratzeko editore bila dabil. Dagoeneko erregistratu ditu, Jabetza Intelektualeko Erregistroan, eta bere xedea da horiek kaleratzea. «Lau liburuetan, denera 1.000 poema daude», kontatu du Vilchesek. 

Aipatu moduan, guztira lau lan idatzi ditu hernaniarrak. Poesia-liburuak dira, eta gaztelaniaz daude idatzita. Hauexek dira obrak: 530 Cortos de poesía, Dulcinea, Poesía a Dulcinea eta Hijo de la Generación del 27. «Niretzat idatzi izan dut beti, ezer argitaratzeko asmorik gabe. Izan ere, entretenitzeko eta nire sentimenduak azaleratzeko idazten dut», egin du gogoeta autoreak.

Kaleratu nahi dituen lau lan horietan bere bizitzarekin lotura estua duten gaiak jorratzen ditu. Hijo de la Generación del 27 liburuan, adibidez,  bere gurasoen belaunaldia jartzen du erdigunean. «Nire gurasoak 1920ko belaunaldian jaio ziren, eta asko gustatzen zaizkit garai hartako idazleak», adierazi du. «1920ko idazleei, poetei, eta gerra zibileko tragedia bizi zuten herritar guztien omenez idatzi dut liburu hau».    

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!