Sormen laborategia dinamizatuko du Nagore Legarretak, Chillida Lekun

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 1a, 00:00

Jarduerak 10 saio izango ditu, doakoa da, eta euskeraz gidatuko du Legarretak. Plaza kopurua mugatua da, eta dagoeneko eman daiteke izena. 

Nagore Legarreta artista hernaniarrak Basoan izeneko sormen laborategia tailerra dinamizatuko du Chillida Lekun, martxoaren 25ean hasita. 16 eta 23 urte bitarteko gazteentzat zuzendutako ikastaroa da, eta sorkuntzarako hainbat diziplina landuko dituzte bertan. «Egoera honek planteatzen dituen zailtasunei argi pixka bat jartzeko helburuarekin sortu da egitasmoa», kontatu du Legarretak.

Jarduera doakoa da, eta euskeraz gidatuko du hernaniarrak. Halaber, plaza kopurua, gehienez ere, 15 pertsonakoa da. Hori horrela, interesa dutenek dagoeneko eman dezakete izena, education@museochillidaleku.com helbidera idatzita. 

Sormen laborategia martxoko azken ostegunean hasiko da, hilaren 25ean. Denera, 10 saio izango ditu, eta bakoitzak bi orduko iraupena izango du (17:00etatik 19:00etara bitartean). Hilabete honetan hasita, urte bukaerara arte luzatuko da ikastaroa. Hauxe da zehaztutako egutegia: martxoaren 25a, apirilaren 22a, maiatzaren 20a, ekainaren 17a, uztailaren 8a, irailaren 9a, urriaren 7a, azaroaren 4a, abenduaren 2a eta abenduaren 16a. 

Tailer horrekin, Legarretak sormena jarri nahi du erdigunean. «Basoan esperimentazio artistikorako tokia da, eraikitzen ari den espazioa, sorkuntzara forma guztietan hurbiltzeko ideia-laborategia. Arteak eraldatze-ahalmen handia du, eta gaur egungo munduaren erronkei, bizi dugun pandemia adibidez, aurre egiteko tresna da», azaldu du.

Gainera, nerabeei «dagokien protagonismoa» eman nahi izan die, «behar duten tokia har dezaten». Horregatik, sormena martxan jarri eta herritarrak parte hartzera animatu ditu. «Artea eta natura lotzen dira Chillida Lekun, antzeko interesak dituzten pertsonak aurkituko dituzu, orainari eta etorkizunari buruz hausnartzeko artea tresna bezala erabilita».   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!