Martxoaren 8a dela eta, hainbat ekimen antolatu dira Hernanin datozen egunetarako

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 1a, 00:00

2020ko martxoaren 8ko manifestazioa, Hernanin.

Martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna da, eta horregatik, Udalak, herriko hainbat eragileekin batera, hainbat ekimen antolatu ditu: hitzaldiak, tailerrak, lilatoi birtuala, bertso saioa, zinea, manifestazioa eta antzerkia. 

Martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna denez, Hernaniko Udalak plangintza berezia prestatu du hilabete honetan egiteko. Herriko hainbat eragilek ere parte hartu dute antolakuntzan; tartean dira Gaztelekua, Amher, SOS Arrazakeria,  Arremanitz, edota Berdintasun Kontseilua. Hori horrela, bihartik hasita, herrian egingo dira tailerrak, bertso saioa, antzerkia, zine saioa, hitzaldiak, eta beste hamaika dinamika. 

Bihar emango diote hasiera egitarauari, Tratu Onen Foruarekin. Harremanak eta norberaren zaintza jarriko dituzte erdigunean, Eta ni? Zaintzak erdigunera, norberarenak ere bai izeneko saioan. Etzi, berriz, txapa feministen tailerra izango da, Gaztelekuan. Gero,  ostegunean, ostiralean eta larunbatean, eskumutur feministen collagea egingo dute, Gaztelekuan ere.

Zenbait ekintzetarako sarrera edo gonbidapena behar da
Zenbait dinamiketarako aldez aurretik eskuratu behar da sarrera edo gonbidapena. Hilaren 5ean, esaterako, bertso saioa izango da, Eli Pagorekin, Miren Artetxerik, Oihana Iguaranekin eta Maider Arregirekin. Sarrerak eskuratu daitezke Kiden eta Garin, 633 18 15 26 telefonora deituta, edota bertso saioa baino ordubete lehenago, Biterin. Halaber, Panpina antzerkia  eta Zinegoak emanaldia ikusteko ere gonbidapena behar da. Azken horiek eskuratu daitezke Plaza Feministan, edo email bidez: berdintasuna@hernani.eus.    

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!