EAJ-PNV

EAJ-PNVk laguntza eskaini die Hernaniko kirol-klubei

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 28a, 00:00

EAJ-PNV herriko kirol-klubekin bildu da, eta beraien egoera nola hobetu daitekeen aztertu du. 

Azken hilabete honetan, EAJ-PNV Hernaniko hainbat kirol-klubetako ordezkariekin biltzen aritu da, talde politiko horrek kirolari buruz duen ikuspegia ezagutzeko eta haiekin alderatzeko. «Bilera oso interesgarriak izan dira, eta klubek gaur egun dituzten beharrak zeintzuk diren eta etorkizunean errealitate hori hobetu daitekeela nola ikusten duten ikusi ahal izan dugu», azaldu du Andoni Amonarraiz alderdiko ordezkariak.

«Kirol modalitateren bateko ordezkariekin harremanetan jartzea falta zaigu oraindik, eta hurrengo asteetan egingo dugu. Gure interesa gurekin hitz egin nahi duten guztiekin hitz egitea da», gehitu du alderdiak. Halaber, Amonarraizek ziurtatu duenez, «Gobernu taldeari egiten dizkioten proposamenen jarraipena egingo dugu, eta guri ere helaraziko dizkigute, hautsita gera ez daitezen».

Bestalde, alderdiak jakitera eman duenez, klubetako zuzendariek helarazi dute premiarik larrienetako bat biltzeko gune bat topatzea izan dela. Hori horrela, irtenbidea eman nahi izan du alderdiak: «arazo hori ikusita, gure Batzokia eskaini diegu, zuzendaritzen bileretarako. Gonbidapen hori mantendu egingo da, harik eta toki egokia eduki arte. Izan ere, EH Bilduk eskaini dien espazioak ez ditu osasungarritasun eta irisgarritasun baldintza minimoak betetzen. Horregatik, EH Bilduri aurrekontu bat aurkezteko lanean ari gara, gaur egun erabiltzen ez diren eta kluben bulegoak izan daitezkeen beste gune batzuk egokitzeko».

Aurrekontua aurkeztuko dute, Zubipeko aldagelak «haunditzeko eta hobetzeko»
EAJ-PNVk interes «haundia» azaldu du Hernaniko kirol-klubei laguntzeko eta gaur egun dituzten arazo horiei irtenbidea emateko. Esan dutenez, ez dute onartuko mota honetako erantzunik: «aztertuko dugu». Izan ere, diotenez, azterketa lan hori ez da «inoiz» amaitzen eta, beraz, «ez dira irtenbideak ematen». Adibide gisa, Amonarraizek hauxe azaldu du: «Laster aurkeztuko diogu EH Bilduri aurrekontu bat, C.D.H.-ko futbol sailerako, Zubipeko aldagelak haunditzeko eta hobetzeko. Horrez gain, dagoeneko aurkeztu dugu edateko uraren gastua murrizteko proposamen bat».

Amaitzeko, alderdiko kideek mezu argia zabaldu dute:  «Gurekin bildu nahi duten kirol-klubekin biltzen jarraituko dugu, hobetzeko proposamenak aurkeztuko ditugu eta kluben eskaeren jarraipena egingo dugu. Lortu dugu EH Bilduk klubak bilera batera deitu izana, eta uste dugu euren errealitatea ezagutu eta irtenbideak emateko egin duela hori. Guri, ordea, ez digute gonbidapena luzatu, inoiz egiten ez duten bezala».   

 
 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!