'Basozabal' eta 'Paolla' Mallabian ariko dira gaur finalaren bila

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 27a, 00:00

Suharri enbor gainean eta 'Basozabal' aurkariei begira.

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren hirugarren finalerdia 18:00etan hasiko da.

Suharri Rodriguez Paolla eta Jokin Urretabizkaia Basozabal Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren hirugarren finalerdian ariko dira gaur, 18:00etan hasita, Mallabiako frontoian. Beraiekin batera beste bi bikote lehiatuko dira: Xabier Zaldua-Julen Aranberri Elorriaga eta Juan José López Azpilikueta-Iban Resano.

Bikote irabazlearentzat saria potoloa izango da, Binakakoaren finalerako txartela lortuko baitu. Final nagusia martxoaren 14an jokatuko da Azpeitiko Izarraitz frontoian eta dagoeneko sailkatuak daude Goizeder Belza-Hodei Ezpeleta eta Ibai Soroa-Txomin Amundarain bikoteak. Gaurko bikote garailea izango da hiruko finala osatuko duena.

Paolla hernaniarrak eta Basozabal donostiarrak bertan egoteko aukerak dituzte sailkapen probak ikusi eta gero. Bertan jokatutako saio guztiak irabazi zituzten eta gaur ere faborito izango dira, nahiz eta esperientzia haundiko aurkariak izan aurrez aurre. Xabier Zaldua aski ezaguna da, puntan ibilitako aizkolaria baita eta. Zer esanik ez Lopez Azpilikueta. Urrezko Kopa irabazitakoa da Donostiako Trinitatean eta Euskal Herriko Txapelketako finalean behin baino gehiagotan aritu izan da. Aizkolari haundia izan da eta gainditzea ez da xamurra izango.

Moztu beharko dituzten enborrak ere izango ez diren bezala. Aizkolariek egin beharreko lana hiru proba desberdinetan dago banatuta. Lehenengoan 45 ontzako enbor bana moztu beharko dituzte aizkolariek erlojuz kontra; bigarren lana abiadurazkoa da eta hemen 65 ontzako enborra moztu beharko dute txanda librean; eta azken lan erabakigarrian sei 60 ontzako enbor moztu beharko dituzte txanda librean.

Azken lana da luzeena eta dudarik gabe erabakigarriena. Bertan, ongi moldatzea ezinbestekoa izango da martxoaren 14an Azpeitiko finalean egon nahi bada.

 

Harrijasotzaileak ez dira faltako

Mallabiako saioan harrijasotzaileak ere ariko dira. Zortzi arroako (100 kilo) hiru harri ko txapelketan Mikel Lopetegi Urra, Gorka Etxeberria eta Jon Gisasola Zelai V.a  jardungo dira; zilindro kopa, kubikoa eta bolarekin. Aurreko bi finalerdietan Inhar Urruzuno ondarrutarra eta Beñat Telleria urnietarra sailkatu ziren eta hirugarrena gaur ezagutuko da.

Amaitzeko, Karmele Gisasola Zelai III.ak marka saiakera egingo du 100 kiloko harri zilindroarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!