Ohorezko Erregionalak denboraldiko bigarren partidua Zubipen, gaur Allerruren kontra

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 27a, 00:00

AƱorgaren aurka jokatu zuen Hernanik azken partidua Zubipen, urriaren 17an.

Pasa den astean bertan behera geratu zen Beti Gazteren aurkakoa, Lesakan, eta gaur 16:30etan hasiko du denboraldiko bigarrena. Urriaren 17an jokatu zuen denboraldiko aurreneko partidua Añorgaren aurka, eta 1-0 irabazi zuen taldeak.

Lau hilabete eta hamar egunen ondoren, Hernaniko Ohorezko Erregional mailako taldeak denboraldiko bigarren partidua jokatuko du gaur, 16:30etatik, aurrera Zubipen, Lezoko Allerruren kontra. Urriaren 17an jokatu zuen denboraldiko aurrenekoa, eta orduan 1-0 irabazi zuen, hura ere etxean.

Pasa den astean, bigarren jardunaldia zuen taldeak, baina Beti Gazteren aurkako norgehiagoka bertan behera geratu zen. Nafarroako Gobernuak ez du baimenik eman Gipuzkoako taldeek bertan jokatzeko. Honela, hernaniarrek, jardunaldi bakarrarekin, hiru puntu dauzkate. Gaur beste hiru punturen bila aterako dira zelaira.

Orain arte talde bakarrak irabazi ditu, A multzoan, bi partiduak, Oiartzunek; eta Hernani batuko zaio gaur irabaziz gero. Gogo haundia dago mutilen talde nagusia ikusteko, baina klubetik gogoratu nahi dute partidu guztiak ikuslerik gabe jokatuko direla. Beraz, ezingo da partidua zuzenean ikusi.

 

Hernani-Barakaldo mutil jubeniletan, bihar Zubipen

Ez da asteburuan, Zubipen, jokatuko den partidu bakarra. Igandean, 11:30etan, mutilen Jubenil Nazionaleko taldeak denboraldiko seigarren partidua izango du. Aurkaria Barakaldo izango da, eta lehenengo garaipena nahi dute hernaniarrek.

Aurreko astean atsedena izan zuten eta azkeneko bi asteak luzeak izan dira, Tolosaren kontra 0-1 galdu eta gero, aurreko jardunaldian. Bi berdinketa eta hiru porrotekin, azken postuan daude hernaniarrak, eta garaipena behar dute, bai edo bai, zulotik ateratzeko. Zortzi taldek osatzen dute bigarren multzoa, eta Barakaldo laugarren dago.

Alaves eta Reala kenduta, beste talde guztien maila antzekoa da, eta hiru puntuak lortzea izango da gaurko helburu nagusia. Barakaldo talde sendoa da, baina Hernanik orain arte ez du bere mailarik onena eman, eta  berdeek ere sendoak direla erakutsi nahi dute.

 

Euskal Ligako taldea, gaur Eibarren

Partidu benetan zaila dutenak Euskal Ligakoak dira. Aurreko astean garaipen garrantzitsua lortu zuten Zubipen, baina aste honetan kanpoan jokatuko dute, gaur bertan, 17:00etatik aurrera Unben, Eibarren aurka hain justu. Armaginena multzoko talde sendoena da, Athleticekin batera, eta berdinketa bat lortzea emaitza oso ona litzateke. Lau onenen artean sailkatzea da helburua, baina puntuak lortzeko Unbe ez da zelairik egokiena.

Fernando Molinaren taldeari irabaztea kostatzen ari zaio, baina era berean, bera garaitzea ere benetan zaila izaten da. Ikusi besterik ez dago lortu dituzten emaitzak. Athletic eta Eibarren ondoren, partidu gutxien galdu duen taldea da, hirurekin. Sei berdinketa lortu ditu, eta bi partidu irabazi ditu Hernanik. Hirugarrena gaur lortzea balentria haundia litzateke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!