Zerbitzuak eta dirulaguntzak ez murriztea oinarri, ia 1,8 milioi euro txikiagoa den Udal Aurrekontuak

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 27a, 00:00

«Herritarrentzako zerbitzuetan murrizketarik ez egitea» izan du oinarri Udal Gobernuak, Udal Aurrekontua osatzerakoan.

«Inoizko aurrekontu sozialena» osatu du Hernaniko Udalak 2021erako, Xabier Lertxundi alkateak eta Isa Sanchez Ogasun zinegotziak diotenez. Diru sarreretan jaitsiera haundia izan arren, zerbitzuak eta dirulaguntzak mantendu nahi izan dituzte, eta inbertsioak «sakrifikatu» dituzte. Udalaren ekonomia saneatuta izateak eman die lasaitasuna, behar berriei erantzuteko.

«Egoera berri batean gaude, be­har berri batzuk sortu dira, eta lehen zeuden behar batzuk areagotu. Argi geneukan behar horiei erantzun behar geniela, eta horretara zuzenduta egon behar zuela Hernaniko Udalaren jardunak: pandemiak sortutako oi­narrizko beharrei erantzun, eta ahal zela, herritarrentzako zerbitzuetan murrizketarik ez egitea. Eta pozik ge­ratu gara emaitzarekin», adiera­zi dute Xabier Lertxundi alkateak eta Isa Sanchez Ogasun zinegotziak. Horregatik diote, «inoizko au­rrekontu sozialena» dela aurten­goa: «gure aurrekontuak beti izan dira oso sozialak, eta aurten, egoera ikusita, are eta gehiago».
27.791.000 euroko Udal Aurrekontua osatu du Udal Gobernu Taldeak, iazkoa baino %6 inguru txikiagoa. Ia 1,8 milioi gutxiago dira, diru sarreren beherakadak eraginda: Foru Funtsaren murrizketak, eta tasen jaitsierak.
Foru Funtsaren kasuan, Gipuzkoako Foru Aldundiak %20ko murrizketa aurreikusi zuen, eta milioi bat inguru gutxiago jasoko zuen Hernaniko Udalak horrela: «horren arabera osatu dugu aurrekontua. Baina gero­ra, likidazioan ez zaie hainbes­teko murrizketa atera, eta beraz, konpentsatu egingo digute», azaldu du Lertxundik. 

Tasetan, 2020a erreferentzia: 800.000 euro gutxiago
Tasei dagokienez, berriz, iaz­koa hartu dute erreferentzia gi­sa, eta 800.000 euro inguruko jai­tsiera aurreikusi dute: «batez ere dira kiroldegiko kuotak eta kanpoko igerilekuetako sarrera eta bonoak. Kiroldegiko kuotan, 200.000 eurokoa izan zen beherakada, igeriketa ikastaroetan 126.000 eurokoa, gainerako ikastaroetan 117.000 eurokoa, kanpoko igerilekuetako sarreretan 106.000 eurokoa eta bonoetan 85.000 eurokoa... Eta 2021ean, ikusten dugu antzekoa izango dela egoera», azaldu du Sanchezek. 
Berdin gertatu da kultur etxeko ikastaroetan ere: «zerbitzua mantendu dugu, baina egokituta, talde txikiagoekin. Eta bel­durragatik, jendeak gutxiago erabiltzen ditu instalazioak. Beraz, gastu berberak dauzkagu, mantenimendu kostu haundiagoa, baina txikiagoak dira diru sarrerak».

Inbertsioak «sakrifikatu», zerbitzuen eta dirulaguntzen mesedetan
Diru sarrerak gutxituta, gastuak ere murriztu beharko ditu Hernaniko Udalak. Eta zentzu horretan, «argi» zeukan Udal Gobernu Taldeak, bere horretan mantendu behar zituela herritarrentzako zerbitzuak, eta baita dirulaguntzak ere: «batetik, garrantzitsua iruditzen zitzaigun, ematen ditugun dirulaguntza guztiak mantentzea, arlo guztietakoak, jendeak aktibitatea behar duelako. Eta behar ekonomikoei ere erantzun behar diegu, merkataritzarako eta ostalaritzarako edota lehenengo sektorerako sortu diren dirulaguntza berriekin adibidez».
Hori horrela, «barrura begirako ajusteak» egin dituzte, eta inbertsioak «sakrifikatu» dituz­te, aurtengo aurrekontuan: «uko egin behar izan diegu, gure gobernu programan dauzkagun proiektu eta inbertsio asmo batzuei. Ikusi dugu aurtengoa ez dela obra faraonikoak egiteko urtea», azaldu dute.
125.000 eurokoa izango da inbertsioetarako partida: «badaezpadako partida bat da, funtsezkoak izan daitezkeen inbertsioak egiteko. Horiekin egingo diegu aurre, urtean zehar sortu daitezkeenei, baina zuhurtziaz jokatuz eta lehentasunak jarriz». Zentzu horretan, Hernani Erabaki aurrekontu partehartzaileetarako partidarik ere ez dute gorde: «2020an ezin izan genuen gauzatu, eta aurten ez dugu txertatu partida. Ikusi dugu, hausnarketa bat egin behar dugula, prozesuari buelta bat emateko. Baina inbertsioetarako partida 125.000 eurokoa izanda, ez zuen aukerarik ematen Hernani Erabakirentzako 500.000 euro jasotzeko», diote.
Murrizketak egiteko, bestalde, azaldu dute sail guztietako teknikari eta politikariek egin zutela lanketa bat, «ikusteko zein partida ajustatu genitzakeen zer­bitzuari eragin gabe. Eta sail guztietan, eskuzabaltasun eta erre­a­lismo haundiarekin ari­tu dira lanean», dio alkateak. Zerbitzu Sozialetan, hori bai, ez dute murrizketa eta ajusterik egin; eta gainerakoetan, oreka mantendu nahi izan dute, funtzionamenduko partidetan murrizketak eginez.
Edonola ere, «urtea nola di­joan arabera», dirua gehitu ahal izango dute aurrekontura, kreditu aldaketen bitartez. Izan ere, 2020ko aurrekontuaren likidazioa ari dira egiten, eta «positiboa» izango da, Isa Sanchezek aurreratu duenez: «Foru Funtsa jaitsi da, tasak ere bai, baina badira zerga batzuk, aurreikusitakoa baino diru gehiago ekarri digutenak. Eta gastu batzuk ere gutxitu dira, udal eraikinak itxita egon ziren bi hilabeteetan bereziki. Horrek asko murriztu du gastu energetikoa».
Kreditu gehigarri horrekin, egingo dute inbertsio plan bat 2021erako, lehentasunak markatuz; baina apustua izango da «aurreko urteetatik datozen inbertsioak gauzatzea». Horrela, laster jarriko dituzte martxan, 2020 urte «konplikatuan» atzeratu ziren inbertsio batzuk: Urbieta kaleko peatonalizazioa, Landareko poligono industrialera sarrera egokitzea, Karabeleko aparkalekuetako lanak, udal eraikinen eta kaleko argiteriaren energia planaren jarraipena...

Isa Sanchez Ogasun zinegotzia eta Xabier Lertxundi alkatea
 
UDAL AURREKONTUA 2021
27.791.000 euro
Jarduera fisikoa eta kirola       1.928.510 euro
Hezkuntza      2.220.900 euro
Kultura       1.536.570 euro
Euskara zerbitzua   1.124.250 euro
Partehartzea          109.220 euro
Komunitatearentzako  zerbitzuak       7.250.900 euro
Etxebizitza  eta hirigintza       1.740.360 euro
Segurtasuna eta mugikortasuna      1.903.310 euro
Tokiko garapena eta enplegu sustapena  1.465.850 euro
Ingurumena          676.650 euro
Zerbitzu sozialak    2.637.000 euro
Berdintasuna          412.920 euro
Lankidetza          228.300 euro
Gazteria          314.820 euro
Etxebizitza bermatzeko dirulaguntzak helduentzat         56.500 euro
Inmigrazioa            97.000 euro
Adminis. gastua  4.081.940 euro
EREÑOTZUKO AUZO UDALA     350.900 euro

 

«Aurrekontu osoa dago diseinatuta, Covid-19aren egoerari aurre egiteko»
Oso sozialak ez ezik, «oso Covid-19 aurrekontua» da 2021ekoa, Xabier Lertxundik nabarmendu duenez: «aurrekontua diseinatu genuen, Covid-19aren egoerari aurre egiteko, eta arlo guztietan dago islatuta, dena dago errealitate horri begira». Gainera, gogorarazi du «dinamikoa» dela aurrekontua, eta beharren arabera egokituko dutela: «sail edo partida batean diru gehiago behar badugu, beste batetik hartu dezakegu. Eta baita gerakinetik ere. Martxoaren bukaeran, 2020ko likidazioa egiten dugunean, gerakinarekin indartuko ditugu partida batzuk, edota berriak sortu», azaldu du.
Horretan, asko laguntzen du «Udalaren ekonomia hain sa­­­neatuta izateak. Ez daukagu mailegurik, eta gerakina daukagu, 2020an erabiltzen joan ginena, beharrei aurre egiteko. Sekulako lasaitasuna eman digu horrek», diote. Horren harira, adibide gisa aipatu du alkateak, zaharren egoitzarako material erosketa: «behar zen guztia erosi genuen, kostuari begiratu gabe, lehentasunezkoa zelako. Horretarako aukera ematen dizu, ekonomia saneatuta edukitzeak».

 

2020an ikasitakoa lagungarri, 2021ekoa hausnartzeko
Ez da erraza izan 2021eko Udal Aurrekontua osatzeko prozesua: «inork espero eta nahi ez genuen egoera bat da, eta inoiz baino behar sozial gehiagorekin; baina horri erantzuna ematea tokatu zaigu, eta ahal dugun ondoen ari gara, kalean eta jendartean ikusten ditugun beharrei erantzuteko». Edonola ere, 2021a zaila izango bada, uste dute ez dela izango 2020a bezain zaila, udal kudeaketan: «oso azkar hartu behar izan ditugu erabakiak, egun batetik bestera, aurreikuspenik gabe. Inork ez genekien zer zetorren. Guretzako eskola ikaragarria izan da, eta orain, 2021eko aurrekontua hausnartzeko epe bat izan dugu. Ez du zerikusirik izan 2020arekin. Ger­tatu denaren ikaskuntza dau­kagu, eta erre­alitate hori ezagutu dugu. «Ba­dakigu, adibidez, tabernak ixteak zer dakarren», diote.
Dirulaguntzak diseinatzeko zailtasunak ere eman dituzte aditzera: «askotan, hobebeharrez, kalte egiten genien ostalariei, adibidez. Izan ere, gerora Jaurlaritzak eta Aldundiak argitaratzen zituzten dirulaguntza deialdiak, gureak baino potoloagoak, eta zehazten zuten ez zirela gureekin konpatibleak. Beraz, gureak jaso zituztenek, ezin zituzten horiek jaso. Horregatik, zain egon behar izan dugu».
Zentzu horretan, diote udalei tokatu zaiela «erantzun azkarrena» ematea, herritarrengandik gertuen dagoen erakundea izanik: «presio hori sentitu dugu, eginbehar hori bagenuela. Konplikatua izan da, baina hemendik urte batzuetara, atzera begiratuko dugu, eta beste lasaitasun batekin hausnartu eta baloratuko dugu. Asko eskertzen dugu jendeak izan duen enpatia haundia, egoera hau kudeatzea tokatu zaigulako. Baina benetan, denoi tokatu zaigu, bakoitzari berean», diote Lertxundik eta Sanchezek.

EH Bildu: «uko egin diegu gure gobernu programako proiektu batzuei, eta saiakera hori faltan bota dugu beste batzuen aldetik. Denek onartzeko moduko Udal Aurrekontua da»

«Ez datoz bat, oposizioarekin egindako lanketa eta Plenoko bozketaren emaitza»
Oposizioko alderdien jarrera ere, «oso ulerkorra» izan dela azaldu du alkateak: «benetan sentitu dugu hori, konturatu dira egun batetik bestera hartu behar genituela erabakiak. Saiatu gara egu­nero komunikatzen beraiekin». Aurrekontua lantzeko ere, «oso sintonia onean» aritu zirela nabarmendu du, baina aldiz, bozkatzeko garaian aldatu zirela gauzak: «faltan bota dugu, adostasun gehiago izatea, denek onartzeko moduko aurrekontua baitzen. Ez datoz bat, oposizioarekin egindako lanketa eta Plenoko bozketaren emaitza».
Lertxundik dio, oposizioko al­derdien ekarpen batzuk txertatu zirela, eta beste batzuetan, asmoa konpartitzen zutela: «horregatik, jasotako botoek harritu ninduten, ez nituen espero, eta dezepzionatuta geratu nintzen. Uste dut ez zela momentua bakoitza bere proiektuei tiraka hasteko. Guk uko egin diegu gure gobernu programako proiektu ba­tzuei, eta saiakera hori faltan bota dugu beste batzuen aldetik». 
Abenduko azkeneko egunetan eman zion behin behineko onarpena Plenoak, 2021eko Udal Aurrekontuari, EH Bilduren aldeko botoekin; abstenitu egin ziren Elkarrekin Podemos eta PSE-EE; eta kontra bozkatu zuen EAJ-PNVk.

Elkarrekin Podemos: «garai hauetan ausart jokatu behar dugu, eta guztion ongizaterako proiektuak martxan jarri. Eta zorpetzea beharrezkoa bada, hala egin beharko dugu»

EAJ-PNV: «gure proposamen garrantzitsuenak ez ditu kontutan hartu EH Bilduk»
EAJ-PNVk azaldu du, ahal izan duten «guztia» egin dutela akordioak lortzeko: «baina ezin digute eskatu 2020an bezala abstenitzeko edo alde bozkatzeko, EH Bilduk ez baditu kontutan hartu gure proposamen garrantzitsuenak. Horiekin, hobetuko litzateke udaletxeko enplegua, Hirigintza saileko eraginkortasuna, auzoen arteko irisgarritasuna, adinekoentzako etxebizitzak, Ga­larreta bezalako industriagune­en benetako garapena, atez atekoari buruzko akordioa... Azken finean, asko ho­betuko litzateke hernaniarren bizi kalitatea».
Jeltzaleek nabarmendu dute, hasieratik izan zutela argi, zuzenketa partzialak soilik aurkeztuko zituztela, «hausturarik bilatzen ez zutenak. Eta gure eskakizunak arindu genituen, Udal Gobernuarekin posturak hur­biltzeko. Baina negoziazioan, konturatu ginen gure proposamenek ez zeukatela interes haundirik EH Bildurentzat. Eta PSE-EE eta Elkarrekin Podemos abstenituta, negoziatzailearen irudia salbatuko zuen Gobernu Taldeak. EAJ-PNV izango zen gaiztoa eta bereari eusten diona».
EAJ-PNVk dio, beste urte batez eskatu duela, adinekoentzako egokitutako etxebizitza-poltsa bat izan dezala Udalak, eta etorkizunean izango dela erantzun dietela. «Eta orain, zer?», adierazi dute jeltzaleek. Kalitatezko enplegua sortzeari begira, Galarretako industriagunea aktibatzeko hiru emendakin aurkeztu zituen EAJ-PNVk, eta hiruetan jaso zuen ezezkoa. Aholkulariei eta atez atekoari buruz ere aurkeztu ditu emendakinak. Eta eskatu du, era berean, igogailu bat egitea, Kaxkotik Portu eta Elizatxorako irisgarritasuna hobetzeko: «aztertuko zutela esan ziguten, baina ez da partidarik moldatu horretarako». Nabarmendu du, gainera, urtero aurrekontuaren %50 inguru bakarrik     gauzatzen duela EH Bilduk, eta lanpostuen zerrenda ez dela ego­­kiena udaletxearen kudeaketarako. «Eta hala ere, ez dugu osoko zuzenketarik aurkeztu. Ho­rrek erakusten du gure borondate posibilista», adierazi du.

PSE-EE: «trantsizio urtea izango da 2021a, eta denbora aprobetxatu behar dugu, 2022an hobeto egoteko. Ezin dugu lo hartu, proiektuak tiraderan pilatzen jarraituko baitugu»

Elkarrekin Podemos: «ez dira gure gustuko aurrekontuak; erantzukizun politikoagatik abstenitu gara»
Elkarrekin Podemos, bere alde­tik, kritiko azaldu da Udal Aurrekontuarekin: «argi dago ego­e­rari egokituta dagoela, baina grisa eta kontserbadorea ere bada. Zailtasunei irmotasunez aurre egiteko ekimen gutxi edo gogo gutxi sumatzen da, eta administrazio batek ezin du hori onartu. Lider izan behar du, eta hori da Hernanirako proiektu argi bat izatea». Zentzu horretan, Elkarrekin Podemosek adierazi du: «udaletako eta administrazioetako ia aurrekontu guztiek haunditu dituzte partidak, krisi sozial, sanitario eta ekonomikoari erantzuna emateko; baina Hernaniko Udalak atzera egin du. Eta hori ez da ezkerreko gobernu bati dagokiona. Lan egiteko modu honek gogora ekartzen dizkigu denbora luzez austeritate neurriak ezarri dizkiguten gobernuak. Ausart jokatu behar dugu, eta guztion ongizaterako proiektuak martxan jarri. Eta zorpetzea beharrezkoa bada, hala egin beharko dugu».
Nabarmendu du, era berean, oraindik gauzatu gabe daudela ekintza asko, guztien onerako direnak: «Klimaren Mahaia martxan jartzea, Plenoan aho batez onartu zena; Zarata Mapa osatzea; edota Hernani Erabakin onartutako proposamen asko». 
Emendakinik ez zuen aurkeztu Elkarrekin Podemosek, nahiago izan zuelako Gobernu Taldearekin bildu, hobekuntzak proposatzeko: «behar dugu herri garbiagoa, bankuak margotzea, pareta eta eskailerak txukuntzea, espaloiak eta atez atekoaren posteak garbitzea, komertzio txikiaren alde egin eta merkatal gune haundietarako lizentzia gehiago ez ematea, trafikoan hobekuntzak egitea erdigunea arintzeko, eraikin publikoen garbiketa zerbitzuak publiko bilakatzea, udaletxeak hainbesteko interinotasunik ez izatea, kaleak peatonalizatu eta herria naturalizatzea, aparkaleku gehiago sortzea, begirada feminista izango duen herria izatea, eta Urumea ibaia aisialdirako gune bezala aprobetxatu ahal izatea. Eta noski, horrek guztiak dirua behar du, edo hobeto esanda, diru publikoa hobeto kudeatzea».
Hori horrela, Elkarrekin Podemosek azaldu du, «erantzukizun politikoagatik» abstenitu zela, «norabide berean arraun egiteko garaia» delako: «aurrekontuak ez dira gure gustukoak, baina ahal dugun heinean, Hernani hobe baten alde lan egiteko asmoa daukagu. Proposatu, ekarpenak egin eta lankidetzan aritzea izan da beti gure helburua».

EAJ-PNV: «gure eskakizunak arindu genituen, posturak hurbiltzeko. Baina negoziazioan, konturatu ginen gure proposamenek ez zutela interes haundirik EH Bildurentzat»


PSE-EE: «ez zegoen maniobra tarte haundirik»
Bozketan abstenitu eta aurrekontua «ez oztopatzea» erabaki zuen PSE-EEk, nahiz eta ez datorren bat zenbait partidarekin, atez atekoarekin adibidez. «2021 urteko Udal Aurrekontua, posible zen aurrekontua da. Pandemia egoera dela eta, diru sarrera publikoek behera egin dute, eta gainera, hainbat gastu arrunt haunditu dira. Ondorioz, esan dezakegu ez zegoela maniobra tarte haundirik».
Egoerarekin «erantzunkidetasuna erakutsiz», hainbat zuzenketa aurkeztu zituen alderdi sozialistak, «aurrekontu proiektua hobetu zezaketela uste genuenak, batez ere etorkizunera begira. Uste dugu trantsizio urtea izango dela 2021a, eta horregatik, denbora aprobetxatu behar dugu 2022an egoera hobean egoteko». Bi lan ildo nagusitan bildu ditu bere zuzenketak PSE-EEk: «alde batetik, aurten gauzatu daitezkeen proiektuak; hala nola, kirol espazio publikoak estaltzea, patinete elektrikoak erabiltzeko ordenantza berri bat, edo hiriko autobus zerbitzua hobetzea. Eta bestetik, urte asko geldirik daramaten eta arazoak sortzen dituzten proiektuetan galdutako denbora berreskuratzea; besteak beste, Karabeleko aparkalekua edo aurreko urteetan egin gabe geratu diren lanak, Milagrosaren berriztapena, Mañe i Flaquer berrurbanizatzea, Ave Maria berritzea, edota energia aurrezteko proiektua».
Alderdi sozialistak nabarmendu du, «zorionez» gerakinean dirua daukala Udalak, aurreko urteetan gauzatu ez diren proiektuengatik. Eta horrek, Foru Funtsaren ekarpena aurreikusi baino «zertxobait hobea» izatearekin batera, «Hernani kokatu dezake beste udalerri batzuk baino egoera hobean, maniobra ekonomikorako tarterik ez dutenak», sozialisten ustez. Horregatik, espero dute «proiektu energetikoak edo atzeratutako obrak zehaztea. Ezin dugu lo hartu; bestela, proiektuak tiraderan pilatzen jarraituko dugu».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!