Gaztelekuak hari-gabeko kasko batzuk zozketatuko ditu

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 26a, 00:00

Grabatutako bideoa promozionatzeko antolatu da eta sare sozialen bidez hartu behar da parte.

Gaztelekuari buruzko bideoa argitaratu da Gaztelekuaren sare sozialen bidez «Esperientzi oso polita izan zen, nahiz eta hasieran pixka bat deseroso sentitu ginen kamararen aurrean». Sare sozialetan sartu eta bideoa ikustera gonbidatzen dute, «Gaztelekuaren nondik norako nagusienak eta bertan lanean ari garen hezitzaileak zeintzuk garen ezagutzeko (Ixone, Xabi, Esther eta Nerea). Kontuan izan, bideoa grabatu ondoren Gaztelekua eraberritzeko obrekin hasi ginela eta oraingo itxura ezberdina dela». 


Bideoa promozionatzeko asmoz, hari-gabeko kasko batzuk zozketatuko dituzte. Martxoak 3ra arte dago aukera zozketan partehartzeko eta hauek dira baldintzak: 12-17 urte bitartean eduki; Hernaniko Gaztelekuko YouTube kanalean suskribatu; Hernaniko Gaztelekuko instagrameko kontuan jarraitu (@hgaztelekua); Hernaniko Gaztelekuko aurkezpen bideoari gustuko eman, perfilean; eta lagun bat iruzkindu bideoan bertan. Nahi bezain beste aldiz egin daiteke hori, beti ere iruzkin bakoitzean lagun bat bakarrik aipatuz eta beti lagun ezberdinak.

'Upcycling' gaur eta bihar, eta alokairu zerbitzua, etzi
Gaur eta bihar, upcycling tailerra egingo dute, 17:00etan hasita. Bakoitzak etxetik galtzak, kamisetak, txaketak, galtzerdiak... nahi duen arropa ekarri eta Gaztelekuan, tuneatu eta beste itxura bat emango diote. 


Etzi, Gaztelekuko alokairu zerbitzua martxan izango dute. «Sare sozialen bidez gurekin harremanetan jarri edo Gaztelekura gerturatu aldez aurretik, eta egun horretan etortzeko asmoa duzuenen izen abizen eta telefonoak eman behar dituzue». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!