«PSE-EEk mugikortasun baten aldeko apustua egin du herrian»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 26a, 00:00

Hiri-autobusaren inguruan plenoan aurkeztutako proposamena argitaratu du. «Aldaketa batzuk onartu dira, bi autobus izatea ordea ez».

Udal talde sozialistak Hernanirako mugikortasunaren hiri-autobusaren ibilbideez bestelako planteamendu bat proposatu zuen garraio publikoaren erabilera sustatzeko astearteko plenoan. Horretarako, 2021eko aurrekontuetan proposatu zuen inbertsioa 50.000  euro haunditzea, nahiz eta ez zen bere proposamen hori onartu. Egin zituen aldaketa batzuk sartu ziren, baina ez beste hainbat.


Prentsa agerraldian Ricardo Crespo PSE-EEko bozeramaileak esan zuen mugikortasuna dela Hernaniko Udalak jorratu behar duen erronketako bat. «Dauden beharrei erantzuteko, Udalak eskaintzen dituen zerbitzu publikoak zabalduko lituzketen jarduketa batzuk proposatu ditugu, honako atal hauetan zentratuta: bi autobus martxan jartzea lau ibilbide egiteko (eskola, orokorra, auzoak eta sagardotegiak). Bi autobus izateak aukera emango liguke auzoen lineak maiztasun txikiagoa izateko eta Ereñotzu auzoari zerbitzua eskaintzeko».


Proposatu du Ereñotzura iris­ten den autobus-linearen ardura Udalak bere gain hartzea. «Udal-eskumena da, nahiz eta, Aldundia izan ohi da arduratu dena, Udalak ez duelako inoiz 'arazo' hori bere gain hartu nahi izan. Udalak bere betebeharrak bere gain hartu eta ez ezkutatzeko unea da. Gaur egun baino maiztasun haundiagoa izatea da helburua: egunean sei zerbitzu baino ez dira eta nabarmen hobetu daiteke. Gainera, autobus-linea horrek industrialdeetan geldialdiak egitea proposatzen dugu, langileei zerbitzua eman ahal izateko».

«Auzoen linean aldaketa batzuk eskatu ditugu»
Auzoen linean ere ibilbidea aldatzea eskatzen dute, «Elkano kaletik igotzen denean Zinkoeneatik eskuinera egin dezan Latsunbe kaletik Ertzaintzaren biribilguneraino eta Marielutsetik itzul dadin, anbulategian geralekua eginez».


Era berean, PSE-EEk proposatzen du autobusak Elkano kaletik igota ibilbidea alda dezala, «Atsegindegin dagoen ibilgailuen gainjarpena arintzeko. Horretarako, autobusak Txirrita kaletik biratu beharko du, gero Izpizua kaletik igo eta Urbieta kalean biratu kale horretan geldialdia eginez. Ekimen hori aurrera eramaten bada eta autobusa elektrikoa bada, Urbieta kalean kargatzeko puntu bat jartzea planteatzen dugu, auto elektrikoen eta hibrido ahokagarrien eta autobusaren hornikuntza errazteko».


Hernaniko ikastetxeetako autobus-lineak, lau itzulien ordez, hiru emango ditu. «Neurri hori PSE-EEk proposatu zion EH Bilduren udal gobernuari eta onartu egin zuen. Neurri horrekin ibilbide horren denbora aurreratzeko aprobetxatzen da, zerbitzu bera eskainiz, baina Zikuñagan 08:48 inguruan bigarren geldialdi bat egitea ahalbidetuz».


Autobusa Lizeaga auzoan (Victor Hugo eta Larramendi kaletik) ez sartzea ere planteatzen dute. «Lizeaga kaletik zuzen jarraitu hilerriraino eta Txantxillatik itzuli». PSE-EEk udal gobernuari proposatu zion eta onartu egin zen auzoen lineak Onddi kaletik Larramendi kalerako geltokia lekuz aldatzeko proposamena. Horrela, Lizeaga auzoari zerbitzua ematen zaio». Halaber, zenbait geltoki kentzea proposatu du, Etxehandi edo Antziola kaleko lehena, «autobusak geldialdi bat egiten duen bakoitzean trafikoa moteltzen du eta metro gutxira beste bat dago». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!