Desadostasunak hiri-busaren gaian, astearteko plenoan

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 25a, 00:00

PSE-EEk kontrako bozka eman zuen plenoan, hiri-busaren gaian. Atzo prentsaurrekoa eman zuen eta biharko Kronikan emango da horren berri. 

Asteartean plenoa izan zuten Hernaniko Udaleko ordezkariek. Denera 9 puntuko gai-zerrenda landu zuten, eta batzuk aho batez onartu baziren ere, beste batzuetan ez zen akordiorik egon. Adostasunik egon ez ziren gaiak izan ziren batetik, herriko udal mugapean bidaiaren hiri-garraio zerbitzuaren kontratazioa arautzen duen preskripzio teknikoen plegua; eta, bestetik, Udala Ekhilur kooperatibaren bazkide izateko gaia. 


Esanak esan, plenoa hasi zen urtarrilaren 25eko aktaren onarpenarekin. Ondoren, zerrendako bigarren puntuan, berri ematea izan zen, 2021eko otsailean emandako 47-213 dekretuena. Bi horietan ez zuten ezer komentatu, eta Aratz Ikastetxeak egindako eskaerari heldu zioten.   

Aratz Ikastetxeari, %90eko hobaria emango dio Udalak
Astearteko plenoko hirugarren gaia Aratz Ikastetxeak egin behar duen birgaitze-lan baten gainekoa izan zen. Teilatua konpontzeko lanak egin behar dituzte eta, ondorioz, obra horri eraikuntza eta instalazioaren gaineko zerga aplikatu behar zaio. Hori horrela, ikastetxeak eskatu du zerga hori hobaritzea, «interes hori Udal onurakoa delako», zehaztu zuen Isa Sanchezek. Horren bueltan, Aratzek egindako eskaera onartu zuen Udalak eta %90eko hobaria ematea ere erabaki zen, aho batez. Xabier Lertxundi alkateak adierazi zuen beste kasu batzuetan ere, «interes publikotzat jotzen den erakundeetan, beraien eraikuntzetan obrak egin behar direnean, %90eko hobaria ematen dugu». 

Hondakinaren tasaren %100 hobarituko zaio ostalaritzari
Plenoan landutako beste gaietako bat izan zen onartzea, COVID-19a dela eta osasun krisiaren ondorioz tasetan hobariak onartzea. Bi proposamen egin zituen Isa Sanchezek. «Lehena da, iaz bezala, aurten ere COVID-19a dela eta, tasaren ohiko hobariez gain, aukera izatea, behar baldin bada, beste hobariak sortzea kaltetutako kolektiboei emateko; eta, bigarrena, koronabirusa dela eta, ostalaritza itxita egon zenez, tabernak eta jatetxeak urtarrilean itxita egon ziren egunetan hondakinaren tasa %100 hobaritzea ostalaritzari». Azaldutako gaia eta proposamenak aho batez onartu ziren plenoan, eta zehaztu zuten hobari hori bi eremutan aplikatu dela, bai eremu erresidentzialean, bai industrialean.

PNV-EAJk ordezkari berria
Andoni Amonarraizek jakitera eman zuen astearteko plenoan, batzordeko kideen ordezkaritzan aldaketa egongo dela, aurrerantzean: Mikel Gurutzeaga   egongo da orain ordezkari gisa, Josean Cuesta eta María Otaegiren ordez.   


Berri emate horren ostean, gobernu taldeko Estitxu Agirre zinegotziaren gaia aipatu zuten; izan ere, 2020ko azaroaren 22an %100eko laneko kontratua izan zuen Udaletik kanpo eta, beraz, baja eman zitzaion Gizarte Segurantzan. Gerora, lan kontratu hori amaitu zenez, 2021eko urtarrilaren 1ean alta eman zioten, berriz ere.  «Arauak dio %100eko lan kontratua badugu Udaletik kanpo, ezin dela bateragarria izan hemengoarekin. Alegia, Udalean eta Udaletik kanpo lan egiten badugu, gehienez ere %100eko lanaldia izan dezakegu», zehaztu zuen Lertxundik. 

Hiri-bus zerbitzuaren kontratuaren berrikuntza
Koro Etxeberria zinegotziak adierazi zuen hiri-bus zerbitzuaren kontratuaren berrikuntza egin behar dela, eta kontratua 10 urtez luzatzea aurreikusi dutela. «Zerbitzu hau beharrezkoa ikusten da, bereziki, mugikortasun eta irisgarritasun arazoak dituzten herritarrentzat», zehaztu zuen.

Hainbat xehetasun aipatu zituen Etxeberriak, eta horietan desadostasunak azaldu zituen alderdi sozialistak. Hori horrela, kontrako botoa eman zuen.  «Azpimarratu nahi dut Udalak izan duen inplikazioa oso haundia izan dela, eta eskerrak eman nahi dizkiet guztiei. Horren harira, alderdi sozialistak egindako hainbat proposamen ere aintzat hartu ditugu eta eskertzen dugu, baina beste batzuk, ordea, ez zaizkigu egokiak iruditu eta, beraz, ez dira aplikatu», azaldu zuen EH Bilduko zinegotziak. PSE-EEk prentsaurrekoa eman zuen atzo zoom bidez, eta horren berri bihar emango du Kronikak.

Erabiliko den ibilgailuari dagokionez,  hainbat aldaketen berri eman zuen Etxeberriak: «mikrobusak  40 bidaiarientzako lekua izango du, orain arte izan duena baino gehiago; halaber, irisgarritasun legea bete behar duenez, bi gurpildun aulki  kabituko dira eta arrapala motorizatua izango du; bestalde, ibilgailuak eta ordutegiak bermatzeko teknologia izango du; horrez gain, EAEko jasangarritasunari buruzko legea aplikatuko da; esleipedunak instalazioak beharko ditu, alegia, bulegoa, aldagelak eta ibilgailua jasotzeko garajea», azaldu zuen, beste hainbat xehetasunen artean. 


Horrekin batera, hiri-busaren gaiari dagokionean, funtsezko aldaketa ibilbide berri batean oinarritzen da. Denera, lau linea izango dira. «Lehena,  eskoletakoa da. Hor aldaketa izango da, lehen 5 ibilbide zeudelako eta orain, berriz, lau. Bi oso antzekoak ziren eta, horregatik, bi horiek bakarrean egitea erabaki da. Bestalde, herri osoa zeharkatzen duen ibilbide bakarra zegoen lehen; orain, aldiz, bi egingo dira. Bata Elkano, Florida, Etxeberri, Sagastialde eta zonalde hori. Elkano, Karabel, Zikuñaga, Elizatxo, Portu eta beste zonalde hori». 

Ekhilur kooperatibaren bazkide izango da, Udala
Hernaniko Udala irabazi asmorik gabeko Ekhilur kooperatibaren bazkide, partaide, izatea onartu zen plenoan, baina ez aho batez. Kontrako bi bozka izan zituzten, alderdi sozialistarenak; EAJ-PNVk, berriz, ez zuen botorik eman. Jaione Aristregi Elkarrekin Podemos-Orain Hernaniko zinegotziak hauxe azpimarratu zuen: «gure herriko merkataritza bizi dadin, positiboa iruditzen zaigu Ekhilur kooperatibara atxikitzea; izan ere, merkataritzarik gabeko herria, herri hila delako»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!