Emakumezkoei historian ukatu zaien ikusgarritasuna eman nahian, Ainara Garcia

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 25a, 00:00
'Emakume etorkinak' argazkia, Plaza Berrin.

Ainara Garcia Aranburu izan zen 2017garren urteko Arte Sorkuntza sustatzeko bekaren irabazleetako bat. Emakumezkoak erdigunean jarri ditu egileak, herrian zehar jarri diren formatu haundiko lau argazkitan. 

Urtero egiten da, Arte Sorkuntza sustatzeko bekaren deialdia. Duela hiru urte Ainara Garcia Aranburu izan zen irabazleetako bat, eta, orain, herrian barrena kokatu dira bere lanak. Zehazki, emakumezkoak protagonistak diren lau argazki dira, eta formatu haundian jarri dituzte irudika. Horiekin guztiekin,  Garciak islatu nahi izan duen ideia da historia ofizialak emakumezkoa ahaztuta izan dituela mendeetan; horregatik, egin du lan hori, hain justu, gabezia horiek artearen bidez murriztu nahi izan dituelako.


Lau lanak herriko lau txokotan daude jarrita: Urbieta kalean, kiroldegiko goiko aldeko fatxadan, Plaza Berrin eta Leokarako bidean.

Protagonistak, emakumeak
Artelan multzo horren helburua da emakumeen istorioak, testigantzak, ohiturak eta ekarpenak espazio publikora ateratzea eta historian ukatu zaien ikusgarritasuna berreskuratzea. Horregatik, argazki guztietako protagonistak emakumezkoak dira. Halaber, irudi zaharrak eta oraingoak, egungoak, uztartu dira lau argazkietan.


Esan bezala, irudi bakoitzak istorio eta ekarpen zehatz bat egiten du. Eskuak izeneko argazkian, XXgarren mendeko Hernaniko baserrietan ohikoak ziren txerri-hilketak islatzen dira. Jai giroan ospatzen ziren eta emakumezkoen lana funtsezkoa izaten zen egiteko horretan. Bestalde, Emakume kirolariak izenekoan, Tilosetako frontoian palan jolasten ari diren emakumeak azaltzen dira. Argazki horretan, egilearen xedea da kirolean aritu eta aritzen diren ehunka emakumeen lanari ikusgarritasuna ematea.


Emakume etorkinak Plaza Berriko argazkian kanpotik etorritako emakumeek harrerako jendarteari egiten dioten ekarpena aldarrikatu nahi du egileak. Eta, azkenik, Leokako labanderak argazkiarekin hernaniar emakumeen bilgunea zen labaderoari omenaldia egin dio Garciak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!