«Ertzaintzaren gehiegikeriei ateak ixteko eta erantzuteko unea da»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 24a, 00:00

EAJ-PNV pandemian egiten ari den gestioa «kaxkarra eta elitista» dela salatu du Buruntzaldeako Ezker Abertzaleak. 

Buruntzaldeako Ezker Abertzaleak (Buruntzaldeako Sortu, Ernai eta LAB) EAJ-PNVren pandemiaren gestioa «kaxkarra eta elitista» dela salatu du. Horrekin batera, adierazi dute «haren aginduetara diharduen ertzaintzaren gehiegikeriak» salatu nahi dituztela, beraien «haserrea» adieraztearekin batera. 

Mezu argia zabaldu dute, izan ere, EAJ-PNVk eta Ertzaintzak egoera oldarkorra izan dutela kritikatu dute. «Osasun arazoen aurrean, euren lanpostuak galtzen dituztenen aurrean, atxilotuen aurrean, edota eskubide zibilak eta sozialak aldarrikatzen dituztenen aurrean, jipoiak eta atxiloketak besterik eskaintzen ez dituztela erakutsi dute EAJ-PNVk eta haren poliziak».

Halaber, azken hilabeteotan ertzain izateko ehunka plaza iragartzen ari direla ere helarazi dute. «Atzo telebistan, gaur irratian eta bihar markesinan. Etengabe, goiz eta arrats, komunikabide eta sare sozialetan: ertzaintzaren 700 plaza berri, duintasuna alde batera utzi eta herria saldu nahi duenarentzat». Horren harira, EAJ-PNVk Ertzaintzaren instituzioa zabaldu nahi duela salatu dute. «Garai berriez eta bizikidetzaz ari zaizkigu, baina PNVren apustua garbia da; guztiz gaindimentsionatuta dagoen Ertzaintzaren instituzioa haunditu eta indartzea. Instituzio honekiko jasaten ari garen zuriketa kanpaina propaganda ikaragarria da, euren irudia eta lana normalizatzeko saiakera garbia dago, normala izatetik oso urrun dagoen arren. Ezin dugu normalizatu Ertzaina izatea, zure bizilagunak eta herritarrak jipoitzea, jazartzea zein torturatzea normalizatu ezin diren era berean».

Horrez gain, izurriteak egoera hori guztia areagotu duela azpimarratu dute. «Pandemia, arazo bat baino, aukera bat izaten ari da EAJ-PNVrentzat eta haren ertzaintzarentzat. Egungo testuinguruan beharrezkoak diren segurtasun neurrien aitzakiapean, kontrol maila izugarri haunditzeko eta gehiegikerietarako leiho paregabea ireki zaie. Probatzen ari dira, ea nora arte estutu gaitzaketen, ea nora arte eusten dugun, eta ez dezagun pentsa pandemiari aurre egiteko neurriak direnik, ez, pandemiak euren boteretzea ahalbidetu badu ere, orain onartzen ditugun jarrera oldarkorrak geratzeko helburuz etorri dira, egungo testuingurutik harago doaz».

Herritarren osasuna erdigunean jartzeko eskaera
Ezker Abertzaleak «hasieratik» azaleratu du herritarren osasuna krisiaren erdigunean jartzeko beharra. «Koherentziaz eta zuhurtziaz jokatu du bere jardun politikoa aurrera eramatean, eta EAJ-PNVk zein komunikabideek ederki asko dakite hori, horregatik erabili nahi izan dute poliziaren jokabidea lehia politikoaren arma gisa; haien kudeaketa lotsagarria alboratu asmoz, Ezker Abertzalea interpelatu nahi izan dute», hausnartu dute.

«Ertzaintzak biolentziaren hegemonia duela erakutsi nahi izan du, herritarren jokabideak kriminalizatu eta eskubide ororen gainetik daudela garbi utziz», esan dute. «Indar polizialen irudia zuritzeko ahaleginetan dabiltza, pandemiari aurre egiteko salbatzaileak bailiran, baina boterea eman zaien unean bertan erakutsi dute betiko instituzioa izaten jarraitzen dutela, eta euren partetik jipoiak, atxiloketak, ala abusuak besterik ezin ditugula espero. Hala erakusten dute, bederen, azken gertakariek».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!