Mikel Campos nagusi belodromoan, 60 eta 300 metroko bi probetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 23a, 00:00
Mikel Campos, Naroa Vieites eta Arixen Unanue, larunbatean, belodromoko atarian.

Marka pertsonalak hobetu zituzten Camposek berak 300 metrokoan, Naroa Vieitesek 60 metrokoan, eta Arixen Unanuek 200 metrokoan.

Donostiako belodromoan zeuka­ten hitzordua, larunbatean, Her­naniko lau atletak. Minima kon­trola izan zuten, eta emaitza pozgarriak lortu zituzten gehienek. Izan ere, lehiatu zituen bi probetan nagusitu zen Mikel Campos, eta beraien marka onenak hobetu zituzten Camposek berak, Arixen Unanuek eta Naroa Vieitesek, proba banatan.

Semifinala eta finala, biak ira­bazi zituen Camposek, 60 me­­trokoan; eta aldearekin nagusitu zen, gainera. 7,37 eta 7,36 denborak lortu zituen, bere marka pertsonaletik gertu (7,25). 300 metrokoan, berriz, hobetu egin zuen bere aurreko marka (37,74), 37,01 denboran osatu baitzuen proba. Alde nabarmenarekin ira­bazi zuen hori ere.

Bere marka onena lortu zuen Arixen Unanuek ere, 200 metroko proban. 28,31 segundu behar izan zituen, bosgarren sailkatu eta bere marka hobetzeko (28,56). Unanuek berak, beste bi proba ere egin zituen. Bosgarren sailkatu zen 400 metrokoan ere, 1:04,86 denborarekin, bere marka onena baino segundu erdi motelago (1:04,36).

Eta 60 metrokoan, beste bi hernaniarrekin aritu zen Unanue: Naroa Vieitesekin eta Naroa San Miguelekin. Horretan, Vieites aritu zen ondoen semifinaletan, eta finalera pasea lortu zuen, 8,49 denborarekin, bere au­rreko marka hobetuta (8,56). Oso gertu izan zuen finalera pa­sea Unanuek (8,50), eta bere mar­ka onenetik gertu geratu zen San Miguel (8,85). 10garren izan zen Unanue (zortzi sailkatu ziren finalera), eta 19garren San Miguel, 29 atletaren artean.

Vieitesek, gainera, berriro ho­­betu zuen bere marka finale­an, eta 8,41 segundutan osatu zu­­en proba, seigarren izateko.

 

Euskadiko Txapelketak Donostian, larunbat honetan

Asteburu honetan, berriz, Euskadiko Txapelketekin izango du­­te hitzordua, 16, 18 eta 20 urtez azpiko atletek. Donostiako be­lo­dromoan izango da hori ere, larunbatean, goizez zein arratsaldez. Bertan ere izango da atleta hernaniarrik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!