Hernanik pronostikoa bete zuen Aretxabaletan

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 23a, 00:00

0-3 nagusitu ziren Arizmendiren kontra eta hirugarrena da sailkapenean Bera Bera Bultz taldetik puntu bakarrera. 

Hernanik garaipen berri bat lortu zuen igandean, Aretxabaletan, Arizmendiren aurka. Ibarra kiroldegian jokatu zen partiduan, espero bezala, garaipen erosoa lortu zuen talde hernaniarrak, 0-3.  Hernani hirugarren dago sailkatua Bera Bera Bultz talde donostiarrarengandik puntu bakarrera eta Arizmendi berriz zazpigarrena da, bederatzi taldetik. 
Entrenatzaile hernaniarrak minutu gutxiago izaten dituzten jokalariei minutu gehiago emateko aprobetxatu zuen norgehiagoka eta lan ona egin zuten. Lehen puntutik azken punturaino bisitariek kontrolpean eduki zuten partidua. 
Lehen jokoa 16-25 irabazi zuten hernaniarrek, bigarren jokoa ere ildo beretik joan zen eta 17-25 nagusitu zen Hernani. Hirugarren jokoan, ohiko seikoak jokatu zuen eta 9-25 gailendu ziren bisitariak.
Datorren aste bukaeran atsedena du Hernanik, baina gestioak egiten ari da kluba Laredoren aurka atzeratua duten partidua jokatzeko.
Azken bi denboraldiak zailak izan dira. «Pandemiak zailtasunak ekarri ditu lan egiteko baliabideetan, bereziki entrenatzeko ordutegietan. Egoera kezkagarriak sortzen ari da, beraz agintari politikoekin bilera eskatu dugu, epe laburrean gaia bideratzeko», diote taldeko arduradunek.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!