Hernanik 3-2 irabazi dio Leioako Emakumeak taldeari eta laugarren postura hurbildu da

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 23a, 00:00
Hernaniko jokalariak lehenengo gola ospatzen.

Atsedenaldira bana iritsi ziren, baina bigarren zatian etxekoak gehiago izan ziren eta merezita lortu zituzten hiru puntuak. Jardunaldi bat gutxiagorekin hiru puntura dute laugarren postua eta bost puntura hirugarrena.

Hernanik garaipen garrantzitsua lortu zuen pasa den larunbatean Leioaren aurka, Euskal Ligan. Fernando Molinak zuzentzen duen taldeak 3-2 irabazi zuen eta hiru puntuekin laugarren postura hurbildu da. Leioa bera da postu horretan dagoena eta hiru punturen aldea du, baina kontuan hartu behar da Hernanik partidu bat gutxiago jokatu duela. Beraz bere helburu nagusia, lau lehenengoetan geratzekoa, oraindik lortu dezake. 
Lehenengo lau sailkatuek igoera fasea jokatuko dute eta lau azkenengoek jaitsiera fasea. Helburu hori lortzeko, beharrezkoa izan daiteke sei puntu batzea azken lau partiduetan.

Berdinketa, lehenengo zatian
Larunbateko partidua oso garrantzitsua zen, Leioak irabaziz gero laugarren postu hori ezinezkoa baitzen lortzea. Hori jakinda Hernani serio garaipenaren bila irten zen hasieratik eta lehenengo gola berehala iritsi zen. Bederatzigarren minutuan Cesia Soto goleatzaileak aurreratu zituen etxekoak. Leioak berehala berdindu zuen partidua, hamabigarren minutuan, eta bi taldeak banako emaitzarekin joan ziren aldageletara.

Mireia Becerrak lortu zuen Hernaniren hiru goletako bat.

Bigarren zati hasiera oso ona
Bigarren zatia hasi eta bi minutura Hernani aurreratu zen Mireia Becerraren golari esker. Gol horrek lasaitasuna eman zion taldeari eta partidua erabaki zuen talde zuriberdeak 65garren minutuan. Cesia Soto izan zen berriz ere goleatzailea eta 3-1 aurreratu zen Hernani. Emaitzari ongi eutsi zion Hernanik hurrengo minutuetan. Bost minuturen faltan sartu zuen bigarren gola Leioak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!