Adinekoentzako programa desberdinak, berriro ere martxan jarri ditu Udalak

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 22a, 00:00
2019aren amaieran sortu zen LagunEkin programa.

COVID-19aren eraginez bertan behera geratu ziren, baina egoera lasaitu dela ikusita LagunEkin eguneko arreta, oroimen tailerrak eta Bidelagun programa berria eskainiko dira.

COVID-19aren pandemiak gogorren jotzen hasi zenean, adinekoen zaurgarritasun haundia kontuan hartuta, bertan behera utzi zuten Zerbitzu Sozialek kolektibo honi zuzendutako zenbait programa. Egoera lasaitu dela ikusita, zenbait zerbitzu berriro martxan jartzea erabaki dute. Hartara, LagunEkin eguneko arreta, oroimen tailerrak eta Bidelagun -tramite administratiboak egiteko laguntza- programa berria abian dira. 

Bidelagun proiektua, auzoz auzo elkarteek erabiltzen dituzten egoitzetan
Bidelagun, Hernani Erabaki partaidetzazko aurrekontuetan erabakitako proiektua da eta orain jarriko da martxan lehen aldiz. Programa honi esker, 60 urtetik gorako pertsonei tramite administratiboak egiteko laguntza eskaintzen zaie auzoz auzo. 


Zerbitzua auzo elkarteek erabiltzen dituzten egoitzetan eskainiko da, hala nola, Goiz Eguzkin, Karabelen, Etxeberrin, Ereñotzun, Zikuñagan eta Antziolan. 
Egun eta ordu zehatzetan, aurrez aurreko arreta eskainiko da. Bi astean behin, 10:00etatik 13:00etara. Kartelen bidez jakinaraziko da dagokion auzo elkartean. Horretaz gain, ordutegi horretatik kanpo ere jasoko dira kontsultak, auzo elkarteen bidez, eta aholkularitza eskaintzen duen zerbitzuari helaraziko zaizkio. 


LagunEkin, Goiz Eguzkin
LagunEkin programa 2019ko urtearen amaieran martxan jarritako programa bat da eta, hau ere pandemiaren ondorioz bertan behera geratu zen. Zerbitzu hori 65 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago eta aisialdia du oinarri. Autonomoak diren edo menpekotasun oso arina duten pertsonentzat da. Goiz Eguzki jubilatuen etxean elkartzen dira, goizez (10:00-13:00). Memoria eta estimulazio ariketak, soinketa, jolasak, eguneko prentsari begirada, eskulanak… egiten dituzte adinekoek zerbitzuaren arduradunarekin batera. 

Oroimen eta estimulazio kognitiboen tailerrak
Oroimen eta estimulazio kognitiboen tailerrak ere abian jarri ziren berriro orain dela aste batzuk. Tailer hauek zenbait auzotan egiten dira: erdialdean, Etxeberrin eta Zikuñagan. Guztira, 11 taldetan banatuta, 75 adineko parte hartzen ari dira ikasturte honetanos.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!