Yassir Hernanin hilik aurkitu zuten eta bildutako diruari esker aberriratuko dute

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 21a, 00:00

Otsailaren 11n lantegi abandonatu batean aurkitu zuten 19 urteko gazte marokoarra eta gazte magrebtar askoren egoera larria azaleratu da.

Eibarren bizi zen 19 urteko Yassir izeneko gazte marokoarraren gorpua aurkitu zuten, otsailaren 11n, Hernaniko lantegi abandonatu batean. Lagun talde batek abiatutako elkartasun funtsen bilketari esker aberriratuko dute. Yassir, Eibarko alokairuko gela batean bizi zen, «Marokotik bizimodu hobea lortzeko eta familiari laguntzeko atera zen mutil zoriontsu eta atsegina zen», diote ezagutzen zutenek.

Bere heriotzaren ondoren, bere gorpua Tangerrera aberriratzeko prozedura hasi zen. Yassirrek ez zuen asegururik, eta bere familiak, finantza baliabiderik gabe, ez zuen bere aberriratzearekin lotutako gastuak ordaintzeko gaitasunik. Familiari beharrezko dirua lortzen laguntzeko, Jaouadek, 2006tik Deban bizi den 35 urteko marokoarrak, elkartasun funtsen bilduma bat kaleratu zuen beste lagun batzuekin batera.

Ekimen hau abiatu eta lau egunera, eskatutako dirua lortu zen. «Ez gara elkarte edo erakunde bat. Yassirren lagunak gara, batzuk gertukoak eta beste batzuk urrunak», adierazi zuen.

Ekimenak aberriratzeko aurreikusitakoa baino diru gehiago biltzea ahalbidetu zuen. «Diruaren zati bat Yassirren familiaren eskuetan geratuko da. Beste zatia aurrezki-kutxa batean jarriko da, egoera berean egongo liratekeen familiei laguntzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!