Errazkinen aurkako epaiketaren kontra manifestazioa, bihar

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 21a, 00:00

Hernaniko Sarek antolatu du 19:00etan Gudarien Plazatik aterata. «Madrilgo Auzitegi Nazionalean bihar hasiko da Ugaitzen aurka».

Bihar hasiko da Ugaitz Errazkin Telleria hernaniarraren kontrako epaiketa Madrilgo Auzitegi Nazionalean eta bihar arratsaldean, 19:00etan, manifestazioa deitu du Hernaniko Sarek.

Hiru-lau eguneko iraupena izango duela aurreikusia dago eta fiskaltzak 40 urteko zigorra eskatzen du hernaniarrarentzat. Hernaniko Sarek adierazi nahi du «halako epaiketa batek ez duela tokirik gaur egungo testuinguru eta egoera politikoa kontuan hartuta. Aldi oro errepikatzen ari gara konponbide-garaia dela eta, hala ere, gure herritarrak kartzelan sartzeko epaiketek ez dute amaierarik. Noiz arte horrela?».

Ugaitz bi semeren aita da (7 eta 2 urte dituzte), eta 2018ko azaroan atera zen kartzelatik, Frantziako eta Espainiako espetxeetan guztira 8 urte eman eta gero. «Egoera honekin amaitzea eskatzeko, Hernaniko Sarek tinko salatu nahi du bidegabekeria hau herriko kaleetan zehar. Konponbide garaia delako, ez akusazio zaharkitu eta korapilatsuen baitan espetxeak betetzen jarraitzekoa. Argi ikusten da estatua oraindik ere iraganeko errezetak aplikatzen tematzen dela, baina, egoera irauli beharra daukagu. Hori dela-eta, bihar, manifestazioa egingo dugu 19:00etan, Gudarien Enparantzatik irtenda. Epaiketarik ez. Ugaitz kalean eta aske nahi dugu!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!