'Kreole' disko berria aurkeztu du Bitartean folk talde hernaniarrak

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 21a, 00:00
Biterin aurkeztu zuten, Ttarla dantza taldekoekin batera, diskoa.

Taldearen bigarren diskoa da eta Biterin martxoaren 4an estreinatuko dute lehen aldiz 'Denak ez dira indiano' ikuskizuna.

Bitartean folk talde hernaniarrak atzo aurkeztu zuen, Biterin, bere bigarren diskoa. Kreole du izena eta hamahiru kantaz osatua dago. Sebastian Ustarroz, Garazi Navas, Ixiar Jauregi eta Haritz Ezeizak aurkeztu zuten beraien lan berria eta xehetasunak azaleratu zituzten.


«Lan hau herriko musikan oinarritzen da; hain zuzen ere, Euskal Herriko eta Argentinako folklorea uztartuz. Gutako bakoitzak izandako ibilbide artistikoak ezinbestean eragin du horren sorkuntza prozesuan» gogorarazi zuten taldeko kideek.


Ixiar Jauregiren esanetan «lan berri hau 19garren mendean Euskal Herrian izandako migrazio mugimenduaren isla da. Bateko goseteek eta besteko gerrak, egun gertatzen den bezala, hainbat euskaldunek haien etxeak utzi eta atzerrira joan behar izatea ekarri zuen».  


Bitarteanek horietako pertsona batengan pentsatu eta hark Argentinara egindako bide hori kontatu nahi izan du. «Horretarako, gaiaren inguruko testuak bilatu ditugu; adibidez Antonio Zabalak 1984an argitaratutako Amerikanuak liburuan. Bertan jaso zituen bertso batzuk hartuta, bi kanta musikatu ditugu. Honez gain, inguruan ditugun hainbat pertsonen lekukotasuna ere, inspirazio iturri izan da guretzat», aipatu zuen Ixiar Jauregik.


Goraipatzekoa da Kreole diskoaren proiektua herriko eragile eta hainbat artistekin aurrera ateratako lana izan dela. Honela Haritz Ezeizak nabarmendu zuen «grabazioak Pello Gorrotxategiren Aieka Estudioan egin dira. Ilustrazioak berriz, Ainara Azpiazu Axpik eginak dira, eta bideoklipa Hernaniko Bira Produkzioak enpresak grabatu zuen. Plazer haundia izan da profesional hauekin lan egitea; egia esan beti ahoan irribarrea duten profesionalekin aritzeak asko errazten du lana».

Ttarla dantza taldearekin sortu dute 'Denak ez ziren indianoak' ikuskizuna
Bestalde, musika-proiektu hori ez da bere horretan geratu. Hernaniko Ttarla dantza taldeko kideak «gurekin bidaiatzera gonbidatu» eta hauek baiezkoa emandakoan, Denak ez ziren indiano ikuskizunak bere bidea hasi zuen. Atzerapenarekin dator proiektu hau pandemiaren eraginez, baina iritsi da. Estreinaldiaren berri eman zuen Ixiar Jauregik, «martxoaren 4an estreinatuko dugu lehen aldiz Denak ez ziren indiano ikuskizuna. Garai batean Ameriketara joandako denak ez zirela aberastu ikusten da bertan. Denak ez ziren indiano eta gaizki pasa zutenak eta egoera oso zailak bizi izan zituztenak badaude».  


Dantzariek, haien dantza eta mugimenduekin, lehen aipatutako istorio horren kontakizuna borobilduko dute. «Esan behar dugu, beraiek ere ez dutela ikasturte erraza izan; hala ere, lan bikaina egin dute zailtasun horiek gaindituz entseguak aurrera ateratzen» nabarmendu zuen Haritz Ezeizak. 

Bihartik sarrerak salgai, Biterin edo online, martxoaren 4ko ikuskizunerako 
Emanaldia 19:00etan hasiko da Biterin eta bihar bertan jarriko dira sarrerak salgai 7,5 eurotan. Sarrerak fisikoki Biterin bertan erosi daitezke eta online Udalaren weborrian.


Martxoaren 4ko emanaldiaren aurrerapen gisa, publiko egin zen aurkezpenean bertan, udan Bira Produkziokoekin grabatutako bideoklipa. «Honi ere Made in Hernani zigilua jar geniezaioke; Hernaniko Buxkando baserrian grabatua baitago. Baserri hau 1913koa da, eta bertan bizi den Felipe Aranbururi eskertu behar diogu gure kantua han grabatzen utzi izana», adierazi zuen Ixiar Jauregik.


Bitartean taldeko kideek ere gogoratu zituzten instituzioak emandako laguntzak. «Hernaniko Udalari eta Kultur zinegotzi eta teknikariari eskerrak eman behar dizkiegu. Behar izan dugun guztian laguntzeko prest agertu dira eta gauzak konplikatu bazaizkigu ere, hementxe gaude; beraz, eskerrik asko babesagatik».


Atzo bertan sare sozialetan jarri zuten bideoklipa ikusgai, baita diskoa eta ikuskizunaren berri eman ere bai. «Orain jendeak eginiko lanarekin gozatzea espero dugu».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!