Berriak

«Arduraz jokatu behar dugu, egun bizi dugun egoerari aurre egiteko»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 20a, 00:00

Pasa den asteburuan egungo neurriak bete ez zirela salatu du Berriak elkarteak, besteak beste, aforoak gainditu zirelako eta jende pilaketak egon zirelako. 

Berriak Merkatarien eta Ostalarien elkarteak pasa den asteburuan Hernanin izandako egoeraren gainean balorazioa egin du. Azaldu dutenez, tabernen eta jatetxeen kanpoaldean jende pilaketak egon ziren. «Jakin badakigu batzuetan ez ditugula betetzen egoerak ezarri dituen segurtasun eta prebentzio neurri guztiak eta, gainera, gehieneko aforoa gainditzen da leku askotan». Salatu dute tabernek «onartu» egin zutela mahaietan ez bazen ere, bezeroek barran eta zutik kontsumitzea. 

Hori horrela, gertatutakoaren harira hauxe adierazi dute: «ardura guregain hartzen dugu, ez genituelako neurriak zorroztu aforoa ez gainditzeko eta terrazen mahaietan ez zen bestelako tokiren batean ez kontsumitzeko». 

Halaber, elkarteak ohartarazi du pandemiagatik ezarritako neurriek zuzenean eragin dutela herritarren bizimoduan, «eta batzuentzat oso gogorra izaten ari dela ulertzen dugu». Horrekin batera, gehitu dute, «pertsonok sozializatzeko eta aisialdirako eskubidea dugu, eta pandemiagatik hori guztia mugatu egin da». Horregatik diote, hain justu ere, pasa den asteburuan gertatutakoa azaldutako horren ondorioa dela. 

Dena den, mezu argia zabaldu dute: «oso zaila da negozioa eramaten ari garenontzat hori guztia egoki gestionatzea eta, gainera, zaila da bezero guztiek arauak betetzen ari direla uneoro kontrolatzea». 

Herritar guztiei eta instituzio publikoei, eskaera

Azaldutako guztiagatik, arduraz jokatzeko eskatu diete herritar guztiei, eta baita herriko instituzio publikoei. «Arauak betetzeko ardura izan behar dugu guztiok, COVID-19a gehiago ez zabaltzeko eta etorkizuneko ondorioak gaur egun ditugunak baino okerragoak ez izateko. Beraz, bizi dugun egoerari aurre egiteko, norbanako bakoitzak, taldeek eta eragileek, eta baita instituzio guztiek ere egokitzen zaigun ardura hau bete behar dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!