NAIZ kontzertuetarako egutegi berria zehaztu dute; datorren astean izango dira, hilaren 26an, 27an eta 28an

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 20a, 00:00

Brigade Loco taldea, Totem aretoan, pasa den urteko kontzertu batean.

Skakeitan, Brigade Loco, Des-Kontrol eta Zea Mays izango dira Hernaniko kiroldegian. Aldaketa txiki bat egongo da ordutegian, Brigade Locok eguerdiko 13:00etan egingo baitu zuzenekoa, hilaren 27an. 

Koronabirus kasuek gora egin zutela ikusita,  NAIZ Kontzertuak atzeratzea erabaki zuten antolatzaileek duela aste batzuk. Hala ere, orain, egoera hobetu denez, kontzertuak bueltan izango dira. Aurreikusita zegoen moduan, Hernaniko kiroldegian egingo dira. Datorren astebururako jarri dute hitzordua, otsailaren 26rako, 27rako eta 28rako. Halaber, kartelera berbera izango da: Skakeitan, Brigade Loco, Des-Kontrol eta Zea Mays. Ordutegian, berriz, aldaketa txiki bat egongo da. Hain justu, arratsaldeko 17:00etan beharrean, Brigade Locok eguerdiko 13:00etan eskainiko du zuzenekoa.

Beraz, hauxe da egitaraua: Skakeitan izango da jaialdia zabaltzen lehena, ostiralean, otsailak 26, arratsaldeko 19:30etan; larunbatean Brigade Locoren eta Des-Kontrolen txanda izango da eguerdiko 13.00etan eta arratsaldeko 19.30etan, hurrenez hurren; eta, azkenik, NAIZ Kontzertuen itxiera Zea Maysek eskainiko du, igandean, 19:30etan. 


Sarrerak itzuli daitezke

Orain arte eskuratutako sarrera guztiak, bai fisikoak bai online jarraitzekoak, guztiak mantendu egingo dira. Nolanahi ere,  antolatzaileek jakitera eman dute horiek itzultzeko aukera zabalik dagoela. Hori horrela, itzultzen diren sarrerak berriro salgai jarriko dira datorren asteazkenean, goizeko 11:00etatik aurrera, Naiz.eus webgunean. Halaber, online sarrerak erosteko aukera ere badago, oraindik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!