«Gai historiko bat lantzea erronka izan da niretzat; ez nengoen ohituta zaldiak eta gazteluak marrazten»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 20a, 00:00

Ainara Azpiazu 'Axpi' ilustratzailea, 'Foixeko Katalina' komikia eskuetan duela.

'Foixeko Katalina' komikia argitaratu du Ainara Azpiazu Aduriz 'Axpi' ilustratzaile hernaniarrak, Angel Rekalderekin batera, Nabarralderen eskutik. Datorren asteartean aurkeztuko dute, Biterin, arratsaldeko 19:00etan.

Hilabete da 'Foixeko Katalina' argitaratu zenutela. Nolako harrera izan du?

Harrera ona izan du, eta hedabideetan nahikoa oihartzun. Gainera, aurreko asteburuetan, Diario de Noticias egunkariarekin jarri dute eskuragarri, eta 700 ale inguru saldu dira. Oso zenbaki onak dira horiek. Beraz, oso pozik gaude.

 

Nor izan zen Foixeko Katalina?

Lehendik ez nuen ezagutzen, eta oso pertsonaia interesgarria iru­ditu zait. Nafarroako Erreinuari aurrerapauso haundiak ekarri zizkion erregina bat izan zen, eta asko modernizatu zuena. Aurrerapenak ekarri zituen: inprenta, mugak finkatu zituen, agramondarren eta beamondarren arteko liskarrak baretzen asmatu zuen... Onura haundiak ekarri zizkion bere gizarteari. Komikian kontatzen da, hain ezaguna ez den pasarte bat: Katalinak bere semea galdu zuenekoa. Hori gertatu zen juxtu Nafarroako Konkista hastearekin batera. Gaixo zegoen, inbasioa hasi zenean; eta Iruñeatik urrundu behar horretan, bidaia hartan hil zen Frantzisko semea.

 

Aurreneko aldia zenuen gai historiko bat lantzen, ezta?

Bai, eta gustatu zait. Erronka bat zen niretzat, ez nengoelako ohituta zaldiak eta gazteluak marrazten. Estetikoki, saiatu naiz helduentzako komiki baten itxura ematen, eta kolore beltza gehiago erabiltzen, ohitura dudana baino.

Eta aurreneko aldia zenuen, komiki luze bat egiten ere...

Orain arteko komiki luzeenak, 10 bat orrialdekoak egin ditut; eta honek 24 orrialde dauzka. Salto txiki bat izan da, eta gustatu zait. Ezberdina izan da, istorioa oso ondo kokatuta eduki behar duzulako hasieratik bukaerara, eta bozetoak oso ondo pentsatuta, gero detaileetan sartzen zarenean ez galtzeko. Ikaspen haundi bat izan da niretzat. Eta orain badaukat beste proiektu bat, hau baino pixka bat luzeagoa den beste komiki batekin. Ez da erraza, denbora asko eskatzen duelako; eta denbora behar denean, dirua ere behar da, eskainitako lana errentagarria izateko. Horrelako proiektuak bideragarri egitea ez da batere erraza. Gustatuko litzaidake horrelako gehiago egitea, baina zailtasun haundiena hori da.

 

Zure estiloari eutsi diozu komikiko marrazkietan. Zerbait egokitu behar izan duzu, tematikara egokitzeko?

Nire estiloa nahiko soila eta sintetikoa da grafikoki, sinplifikatzera jotzen dut, itzaletan galdu gabe. Kolpe batean, azkar ulertzea gustatzen zait; oso garbia da, zentzu horretan. Eta hortik jo dut oraingoan ere. Kontua da, proiektuak berak bazuela muga bat kolorearekin, eta txuri-beltzaz gain, kolore bakarra erabili nezakeela. Tilosetako muralean erabili nuen kolorea aukeratu nuen, hori-laranja. Gustatu zait horrela lan egitea ere. Alde batetik muga da, baina aldi berean, behartzen zaitu zukua ateratzeko beste estrategia batzuk bilatzera. Bi koloreren arteko nahasketekin jolastu behar izan dut, eta polita izan da. Muga horiek, askotan, zaildu baino beste toki batzuetara eramaten zaituzte.

 

Zergatik aukeratu zenuen Tilosetako muraleko kolorea?

Muralean asko gustatu zitzaidan, eta iruditzen zait oso ondo konbinatzen duela beltzarekin. Gainera, istorioan presentzia haundia du eguzkiak, eta Nafarroako paisaiek ere lotura haundia dute kolore horrekin; soro luze eta zabal horiek.

 

Foixeko Katalina bera irudikatzea izan da zailena?

Ez nuke esango. Bera irudikatzeko, interneten bilatu nituen bere erretratuak, artistek egindakoak, garai hartan argazkirik ez zegoelako. Pertsona bera izan arren, batetik bestera asko aldatzen zen Katalinaren irudia. Gehien gustatu zitzaidana aukeratu nuen, eta horren arabera marraztu. Baina gehiago kostatu zitzaidan zaldiak eta paisaiak marraztea, gazteluak, plano zabalak egitea, ez nagoelako hain ohituta horrelakoak egitera. Pertsonaiak marraztea nahiko erraza egiten zait. Baina ikasteko balio izan dit, eta probatzeko, nola geratzen diren irudi horiek nire estiloan. Zaldi bat trostan, adibidez. Edo zaldun bat, beharbada komiki honengatik izan ez balitz, sekula marraztuko ez nukeena.

 

Zein lan daukazu esku artean, une honetan?

Nire lehenengo album ilustratua bukatzen ari naiz, Basoan barna, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza batekin egin dudana. Nik idatzi eta ilustratu dut, eta azkeneko ikutuak ematen ari naiz. Udaberrian argitaratuko du Elkarrek, ziurrenik Liburuaren Egunarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!