Ourensen jokatuko du Hernanik bihar, aurreneko fasea bukatzeko

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 20a, 00:00
Gernikaren kontra jaso du Hernanik, denboraldiko porrot bakarra.

Eguerdiko 12:00etan ariko da, Ourenseren kontra. Hortik aurrera, sei onenen multzoan ariko dira trikoloreak.

Aurreko bi asteburuetan atseden hartu ondoren, bihar bueltatuko da lehiara Hernani, Ohorezko B Mailan. Bidaia luzea egin beharko du horretarako: Galizian ariko da, Ourensen, bertako taldearen kontra. Eguerdiko 12:00etan izango da, unibertsitatearen zelaian; eta horrekin, trikoloreek bukaera emango diote aurreneko faseari.

Hortik aurrera, fase berri ba­ti ekingo dio Hernanik: bere mul­tzoko sei talde onenak ariko dira elkarren kontra, bigarren itzuli bat osatzeko. Horretan, Gernika, Gaztedi, Pasek Belenos eta Bera Berarekin ariko da Hernani ziur; eta Ourense edo Uni Bilbao izango da seigarrena.

Hamargarren garaipena bilatuko du Hernanik bihar, bigarren postuan are eta gehiago indartzeko, eta Gernika liderra harrapatzeko aukerei eusteko. Une honetan, 47 punturekin da­go Gernika, eta 43rekin Herna­ni. Bien arteko partidua izan da, orain arteko alde bakarra. Hu­rrengo hiru talde sailkatuak, be­rriz, 29 punturekin daude.

 

16 eta 18 urtez azpikoen ligak, gaurtik martxan

Nobedaderik ere izango du Hernani Errugbi Elkarteak, asteburu honetan. Izan ere, gaur hasiko dira 16 eta 18 urtez azpiko taldeen ligak. Landaren jokatuko du Hernani-Atletico San Sebastianek, bi kategorietan; eta bietan, Iruñaren kontra ariko da gaur. Goizeko 11:00etan jokatuko dute 16 urtez azpikoek, eta 12:30etan 18 ur­te­tik beherakoek.

Euskal Ligan ariko dira, eta beste bederatzi talde izango dira kategoria bakoitzean: bietan izango dute taldea Iruñak berak, Gaztedik, La Unicak, Bera Berak, Ordiziak, Gernika-Elorriok, Durangok eta Txingudik; eta 16 urtez azpikoetan Mutriko ariko bada, Uribealdeak izango du taldea 18 urtez azpikoetan.

Gainera, dagoeneko martxan da 10, 12 eta 14 urtez azpikoen errugbi eskola ere. Ia urtebete egin dute Landaretik kanpo, eta orain astebete izan zuten berriro zelaira bueltatzeko aukera. Horregatik, adin horietako gazte guztiei luzatu die gonbitea taldeak, Landarera gerturatu eta errugbia probatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!