«Ingurukoek asko egiten dute, nik berriro errugbian jokatzeko; bestela ezingo nuke»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 20a, 00:00
Igor Genua Sistiaga, Saretxo jatetxeko terrazan, irripartsu. Ilusio horrekin bueltatu da errugbira aurten.

Hasiberriaren ilusio berberarekin bueltatu da Igor Genua errugbira, Ordiziarekin. Etxekoen babesa ezinbestekoa izan du, horretarako.

Eguneroko lanetan murgilduta harrapatu dugu Igor Genua Sistiaga, Saretxo jatetxea ireki aurretik. Alde horretatik, uneanunean aldatu da bere errutina, pandemiaren gorabeheren arabera. Baina izan da beste aldaketarik ere; gogoak piztutakoa, ordea: errugbira bueltatu berri da, Ordiziarekin, urte eta erdiz erretiratuta egon ondoren. Joan den asteburuan egin zuen debuta, Les Abellesen kontra, eta aurreko gauean lo egin ezinik ibili zen, urduri: «ume txiki bat bezala nabil, ilusioz beteta». Hizketan ere nabari zaio hori.

Espero baino lehenago egin duzu debuta, Ordiziarekin.
Bai, hala da. Aste honetan debutatzeko asmoa neukan, baina partidu bat geneukan atzeratuta, elurrarengatik, Les Abellesen kontra; eta joan den astebururako jarri zutenez, jokatzea erabaki nuen. Ez zen oso partidu gogorra Ordiziarentzat, eta ez zitzaidan gaizki etorri dinamikan sartu eta minutu batzuk jokatzeko. Izan ere, asteburu honetakoa, Alcobendasen kontrakoa, fisikoki gogorragoa izango da.

Eta zer moduz sentitu zinen?
Ondo, oxidoa kentzen, pixka bat. Badaukat punturen bat hankean, soleoan, molestatu egiten didana; eta bendaje batekin jokatu nuen. Oraindik ez nago sasoi puntu onenean, fisikoki hobetu beharra daukat. Baina gustora aritu nintzen.

Taldean ere, ondo integratuta zaude dagoeneko.
Bai, lehendik ere ezagutzen ninduten askok; Hernani eta Ordiziakoak elkarrekin gabiltza beti. Egia esan, elkarbizitzarako nahiko erraza naiz, eta ez daukat arazorik talde berri batean integratzeko. Gainera, aurreneko entrenamenduan, Julen Goia kapitainarekin egon nintzen, berak egin zidan harrera. Lehendik ere konfiantza haundia neukan berarekin, eta xamurtu egin zidan aurreneko kontaktu hori.

Urte eta erdi egin duzu errugbitik kanpo. Jarraitu duzu kirola egiten?
Oso gutxi, juxtu-juxtu mantentzeko. Astean pare bat aldiz korrika egitera ateratzen nintzen, etxean ariketa batzuk egiten nituen... Zerbait egiten nuen, baina urte eta erdian asko aldatu dira gauzak: pandemia, irailean gure semea jaio zela... Ez nengoen oso sasoi onean, eta ez da erraza izan. Baina egia da memoria muskularra hor dagoela, eta gutxi eginda asko nabaritzen dela.

Kosta egin zaizu bueltatzea entrenamenduen dinamikara?
Nire gogoz izan denez, ez dut inolako arazorik izan. Zerbait gustura egiten badut, ehuneko ehunean egiten dut. Gainera, 16 urtez azpikoak entrenatzen nituen Hernanin, eta astean bitan entrenatzeko errutina hori hartuta neukan. Hori bai, behin entrenatzen hasita, oinazeak ateratzen zaizkizu, lesio zaharrak bueltatu... Mendi hori dagoeneko igo dut, eta orain mantentzen ari naiz, errazago daramakit. Baina ez da erraza izan.

Nolakoa izan da prestaketa?
Plan bat egin zidan Ordiziako prestatzaileak, Asier Pazosek, hiru-lau asterako. Aurretik, bueltatuko nintzela jakin nuenetik, ni ere aritu nintzen korrika gehiago egiten, gimnasioan pisua lantzen... Plan horrekin, gimnasio asko sartu dut, eta korrika saio espezifikoagoak, esprintak zein luzeagoak, nekera ohitzeko.

Aurretik ez zeneukan buruan, errugbira bueltatzeko aukera?
Ez ez, ez neukan horretarako asmorik. Egia da ondo nengoela, eta Landarera jaisten nintzenean, partiduak ikustera, faltan botatzen nuela pixka bat. Baina ez nuen planteatzen, eta gogo berezirik ere ez nuen sentitzen. Orduan, lagun batek esan zidan Ordiziak nire telefonoa eskatu ziela. Eta buruari bueltaka hasi nintzen, aukera horrekin. Hasieran pentsatu nuen erokeria zela bueltatzea, are gehiago Ohorezko Mailan. Baina ideia buruan darabilkizun heinean, gero eta faktibleago ikusten duzu. Eta, gainera, jatetxea ere itxita geneukanez... Ingurukoekin komentatu nuen, eta esan zidaten moldatuko ginela guztiarekin. Erabaki zaila izan zen, baina behin hartuta, oso pozik nago.

Orain jatetxea berriro zabalik edukita, ez da erraza izango biak uztartzea...
Ez da erraza. Baina orain ere, gauetan jatetxea itxi beharra daukagunez, entrenatzeko tarte hori libre daukat. Zailagoa da asteburuetan. Jende gehiago ekarri behar dugu lanerako, nik errugbian irabazi dezakedan diru apur hori jatetxean inbertituz, nire lana beste batek egiteko. Badakigu errugbiaz ezin dela bizi, eta jatetxea zaindu beharra daukagula. Ingurukoek asko egiten dute, nik berriro errugbian jokatu ahal izateko; bestela, ezingo nuke. Hasieran, aukera planteatu nienean, harrituta begiratzen zidaten. Baina nire aurpegia ikusi zutenean, nire irriparra eta ilusioa... Erabateko babesa izan dut, eta hasieratik esan didate baietz, moldatuko ginela jatetxearekin.

Eta nolako erantzuna jaso duzu, Hernanikoen aldetik?
Pentsatzen nuen denek ondo hartuko zutela, eta haien babesa izango nuela. Urte eta erdi neramakien jokatu gabe, eta ez neukan kezkarik, inork gaizki hartzeko. Baina konturatu naiz, batzuen ustez ez dudala ondo egin. Batzuei ez zaie ondo iruditu, eta beste askori bai. Ni pozik nago, eta hartu dudan erabakiarekin konbentzituta. Gehienek eman didate babes osoa, asko poztu dira niregatik, eta animatu egin naute. Eta edozertan laguntzeko prest azaldu dira. Niretzako hori da normalena, ikusita bizitza osoa egin nuela taldean, dena ematen, eta kanpoan nengoenean ere jokatzera etorrita, soldata arriskatuz. Izan ere, zazpiko selekzioarekin nengoenean, kontratua neukan, baina Hernanirekin jokatu eta lesionatuz gero, kontratu hori bukatu egiten zen. Jendeak batzuetan ez du pentsatzen, zein esfortzu egin dudan Hernanirekin jokatzeko. Eta orain, uste dut nire momentua dela, zerbait ezberdina egiteko, erronka berri bati heltzeko, klub ezberdin batean eta metodologia ezberdin batekin.

Eta beharbada, tituluren bat irabazteko aukerarekin, ezta? Bai, zergatik ez?
Polita izango litzateke, nire kirol ibilbideari errematea jartzeko. Hernanirekin, badakizu ezin duzula lehenengo mailan titulurik lortu. Bigarren mailan geundenean, aurreneko mailara igotzea oso polita izan zen, eta hori izan da nire bizitzako lorpen garrantzitsuenetako bat. Baina etapa hori bukatu da. Eta orain, beste talde batera joan eta bestelako helburuak izatea polita da. Bueltatzeko arrazoietako bat izan da hori ere. Kirolari konpetitiboa eta anbiziosoa zaren heinean, dena irabazi nahi duzu.

Zure buruari, zein helburu jartzen diozu, denboraldia bukatu bitartean?
Fisikoki ahal dudan maila onena ematea taldeari. Nire aldeko apustua egin dute, eta hori asko estimatzen dut, errespetu haundia diot nire alde egiten duenari. Beraz, dena emango dut eta, horretarako, fisikoa lantzen jarraitu behar dut. Ez naiz iritsiko duela bost edo zazpi urteko mailara, zazpiko errugbian aritzen nintzenekora. Baina esperientzia gehiago daukat orain, taldea kudeatzeko gaitasun gehiago ere bai, eta hori ere aportatu diezaioket taldeari. Asko eman dezakedala uste dut, eta guztiguztia ematea da helburua.

Eta zer espero du taldeak, zuregandik?
Horixe galdetu nion nik ere, Iñigo Marotias entrenatzaileari. Eta berak esan zidan, errugbia jokatzen eta ikusten urte asko daramazkidan heinean, nire esperientzia eta taldea kudeatzeko gaitasuna nahi zuela. Eta horrekin batera, nire jokatzeko modu hori, edozein momentutan ihes egin dezakedala, eta taldeari puntu batzuk eman.

Denboraldi honen ondoren...
Ez dut planteatu ere egin. Lau hilabete barru udara hasiko da, espero dut jatetxean lan asko izatea, eta ez dut pentsatu, zer egin dezakedan hortik aurrera. Niretzako, hiru edo lau hilabete hauek, esprint bat bezala dira. Eta aldiz, datorren denboraldian pentsatzen jarriko banintz, maratoia izango litzateke. Eta horrek asko nekatzen dit burua. Nahiago dut hilabete hauek gozatu eta dena eman eta, hortik aurrera, jatetxean lana egin. Ez dut besterik pentsatu nahi.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!